Buscar
Cultura

Grabitatearen aurkako matxinada artistikoa

Chillida Leku museoak 'Zero Grabitatea' erakusketa du ikusgai Eduardo Chillidaren 30 bat obra bilduz. Grabitatea aztertu eta desafiatzeko ahaleginetan artista gipuzkoarrak erabili zituen lanak jaso dituzte bertan
Argazkian, 'Zero grabitatea' erakusketako zenbait txoko Chillida Leku museoan, Hernaniko Zabalaga baserrian kokatuta.
Argazkian, 'Zero grabitatea' erakusketako zenbait txoko Chillida Leku museoan, Hernaniko Zabalaga baserrian kokatuta.

Historian zehar gizakia menperatzen joan izan den ezagutza guztiak hausten edo hobetzen saiatu da garapenaren bidean. Helburua beti momentu zehatz batean zekiena gainditzea izan da, behin eta berriro. Sua deskubritu zuenean, beroa eta argia lortu zituen. Gero gurpila izan zen, eta berarekin garraio desberdinak landu zituen. Baina batzuetan naturaren beraren funtsak ere gainditu nahi izan ditu. Adibide garbienetako bat grabitatea izan da. Gizakiak hegan egitea ezinezkoa zela zirudien, baina gaur egun hegazkinean bidaiatzen dugu. Hau guztia, finkatuta zeuden ideien aurka joan izan diren pertsona batzuei esker izan da. Borrokalari horietako bat Eduardo Chillida izan zen, bere kasuan naturak eta, gehienbat, arteak zituen mugez haratago joaten saiatu izan baitzen bere ibilbidean zehar. Lehia honen froga argiena Chillida Lekun ikus daiteke, grabitatea aztertu eta desafiatzeko erabili zituen 30 bat lan biltzen dituen 'Zero grabitatea' erakusketan.

"Grabitatearen aurkako borroka 50eko hamarkadan hasi zen, modu intuitibo batean, eskulturak eskegitzen adibidez", azaldu du Estela Solana erakusketako arduradunak. Helburu hori bere ibilbide osoan zehar bilatu zuen artista gipuzkoarrak, baina 70eko hamarkadaren erdialdera arte ez zuen grabitateari aurre egiteko behar pertsonal eta artistiko hori sentitu. Garai horretan eskultura-sail bat sortu zuen, hala nola, Yunque de sueños (Ametsen Ingudea) eta bere obra ezagunetako bat bezala kontsidera daitekeen Peine del viento (Haizearen orrazia). Eskultura horietan goialdeko bolumena altxatzeko ideia izan zuen, goiko egitura zabalduz, hegan egongo balira bezala aurkeztuz. "Chillida konturatzen da Newtonen legeen aurka benetan matxinatzeko, materia pisutsuagoa erabili behar duela. 1972. urtean 6,3 tonako eskultura bat sortzen du, hormigoi armatuz egindakoa, Lugar de encuentros III (Topaketa-lekua III) La Castellana Zubitik eskegitzeko", Solanaren hitzetan. Pieza honen estudioa da, hain zuzen, Zabalaga baserriko bosgarren aretoan dagoen erakusketari hasiera ematen diona.

'Zero grabitatea' erakusketa Hernaniko Zabalaga baserrian kokatuta.

'Zero grabitatea' erakusketa Hernaniko Zabalaga baserrian kokatuta. HAUSER & WIRTH SAN SEBASTIAN SL

MUGARRIA

Agian ez da Eduardo Chillidak sortu zituen obren artean jende gehienari burura datorkion lehen lana, baina adituen ustetan, Lugar de encuentros III (Topaketa-Lekua III) mugarria da artistaren ibilbidean. "Obra hori Legazpin burdinazko eskultura bat lantzen ari zenean bururatu zitzaion. Makina astun-astun bat hartu zuten eskultura mugitzeko. Bat-batean Chillidak sentitu zuen makinaren gainetik zegoen espazio hori, pabiloi osoa betetzen zegoena, makina lurraren kontra zanpatzen ari zela", kontatu du erakusketaren arduradunak. Gauzak horrela, Eduardo Chillidak ikuspegi berri bat zabaldu zuen handik aurrera egingo zituen lanetan. Zero Grabitatea erakusketan, hiru egitasmo publikoen proiektuak daude erakusgai, non gai nagusia grabitatearen aurkako borroka den: lehenengoa Lugar de encuentros III (Topaketa-lekua III) 1972koa, 6,3 tonako hormigoizko eskulturarentzako estudioa; bigarrena Homenaje a Calder (Calderri omenaldia) 1979koa, 1,5 tonako altzairuzko eskulturarako estudioa; eta hirugarrena Elogio del agua II (Uraren laudorioa II) 1986koa, Bartzelonan kokatu zen 54 tonako hormigoizko eskulturaren estudioa.

Hiru proiektu horietaz gain, Grabitazioak, paper eta hariz egindako erliebeak erakusgai daude. Erakusketan 1972tik eta 1998ra egindako lanak ikus daitezke. Hala ere, areto horretatik kanpo badaude beste lan batzuk ere, 50eko hamarkadakoak edo tamaina handikoak, aipatutako grabitatearen kontzeptuarekin lotuta.

Argazkian, 'Zero grabitatea' erakusketako obra bat Chillida Leku museoan, Hernaniko Zabalaga baserrian kokatuta.

Argazkian, 'Zero grabitatea' erakusketako obra bat Chillida Leku museoan, Hernaniko Zabalaga baserrian kokatuta. HAUSER & WIRTH SAN SEBASTIAN SL

ESKULTUREN ULERMENA

Bere obra guztian zehar, artista gipuzkoarrak espazio aktiboen edo dinamikoen sorkuntza du funts bezala, bere lanen formak paisaiarekin eta honen kontenplazioarekin batuz. Eskultura ulertzeko eta barneratzeko, artearen beste modalitate batzuetan gertatzen den bezala, denbora eta ezagutza behar izaten da askotan. EHUko irakasle eta Arte Ederretan doktorea den Nerea Legarretak azaltzen duenez, Chillidaren kasuan "ingurugiroak transmititzen duen monumentalitatea da bere sorkuntzetan erakusten saiatzen dena, hauek dituzten formen bidez". Era berean, erabiltzen dituen materialen testura eta aurkezpenaz gain, lanek okupatzen duten espazioa eta hutsa batzen ditu. Hau da, bere obra begiratzen dugunean ez gara dagoenean ohartu behar soilik, baizik eta ez dagoenaren gain ere jarri behar dugu gure arreta.

"Chillida esperimentazioaren aitzindari bat izan zen, ogibideen tradizioak goraipatuz eta jasoz, besteak beste, forjaketarena, Euskal Herri mailan garrantzi handia izan zuena industrializazio garaian zehar", kontatu du Legarretak. Hala, esperientzia, ezagutza eta espresioaren batuketak, bere ideiak errealitate bihurtzen lagundu ziola azaldu du, "espazioaren ulermenarekin eta honetatik eratortzen diren formetatik, obrek barneratzen duten hutsa azpimarratuz eta goraipatuz".

Ikusleak berak alde aktibo bat bete behar du artelan horien guztien aurrean jartzen denean. Autoreak zuen helburua ulertzeko, ikusleak "espazioari garrantzia ematean" lortzen duela gakoa argitu du Solanak, "espazioa ez baita materia hutsa. Hau da, materia eta espazioaren arteko harremanean pentsatu behar da". "Adibidez, Lugar de encuentros III (Topaketa-lekua III) eskulturaren barnean egoteak eta sei tonako materiak inguratzen zaituen espazioa aldi berean sentitzeak, ikaragarrizko zirrara sortzen du". Arduradunak aipatzen duen zirrara hori sentiarazteko Chillidak erabiltzen duen elementu garrantzitsu bat obra bakoitzak daukan materiala da. Sortzaile gipuzkoarrari materiaren barne-egitura interesatzen zitzaion, baita haren ahalbide metamorfikoak ere. Nahi zuena adierazteko material bat edo bestea aukeratzen zuen. Chillidari burdina, hormigoia edo harria gustatzen zitzaizkion gehienbat. "Obra guztiak materialen batean haragituta egon behar dira eta horrek grabitatearen mende egotea dakar".

Nerea Legarretak ere modu berean definitzen du artelanen eraketa, "bere eskuetatik irten ziren piezen geometria bolumetrikoak, jarrita dauden espazioan, norabide erritmo desberdinak biltzen ditu, hauek begiratzen dituen ikuslearen atzematea bereganatuz". Hau da, bere obra bakoitzak figura geometriko zehatz bat betetzen du espazioan, bakoitzak duen propietate eta tamainaren arabera. "Hau guztia lortzeko materialek garrantzia berezi bat dute bere ibilbide emankor guztian zehar".

'Zero grabitatea' erakusketako obretako bat.

'Zero grabitatea' erakusketako obretako bat. HAUSER & WIRTH SAN SEBASTIAN SL

ESPAZIOAREN GARRANTZIA

Hala ere, espazioak garrantzi izugarria izan du beti Eduardo Chillidaren lanean. Berez, espazioak materialak baino garrantzi handiagoa dauka sortzailearentzat, espazioak esanahi zabalagoa daukalako. Solanaren aburuz, "espazioa mugatzeko, noski, materia behar da, eta materia eta espazioaren artean dagoen elkarrizketa da Chillidaren buruhauste nagusia. Erakusketa honetan aurkezten diren lanetan, espazioa grabitatearen aurka matxinatzen da materiak lebitatzea lortuz, beti artearen arloan eta fikziozko zentzuan". Azken finean, autoreak kontzeptu edo indar fisiko bat hautatzen du, grabitatea kasu honetan, eta artearen arlora eramaten du. “Bere proposamena ondorengoa da: materiak lebitatzea modu idiliko batean, beste indar artistiko baten bidez, hau da, espazioaren bidez. Proposamen hori oso berezia da. Nahiz eta Chillidak bazekien fisikaren aurka joatea ezinezkoa zela, bere errealitate artistikoa aurkezten du bisitariekin bat egiteko bere lanen bidez”, erakusketaren arduradunaren hitzetan. Grabitatearen aurkako borroka bere lehenengo eskulturetatik ikus daiteke, baina 1972. urtetik aurrera nabarmenagoa bilakatzen da, eta hori argi geratzen da museoan dauden 30 obrei erreparatuz gero.

Chillida Lekura hurbildu nahi duen orok artista donostiarraren lan pertsonaletariko batzuk ikusteko parada izango du. Erakusketa desberdin bat azken finean, bere arduradunak dioenez, "oso berezia" delako artistaren proposamena: "pisua erabiltzea grabitatearen aurka borrokatzeko, eta espazioari indarra emanez materia lebitatzean. Nolabait kontraesankorra da, baina Chillidarentzat espazioa beste materia bat da, esanahi ezberdinekin bete daitekeena". Hortaz, esan daiteke, Gipuzkoako hiriburuan kokatuta dagoen Haizearen orrazia beste kontraesan bat dela ere: hau da, haizea orraztea.

2022-12-23T18:30:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo