Bi urte eta erdi atzera. 2020ko otsaila. Zaldibarko Zabortegia. "Mendi bat erori da. Eta ez edonolako mendia, gainera; zaborrez betetako mendi bat erori da". Ximun Fusch zuzendariaren hitzok laburbiltzen dute 'Hondamendia' antzezlanaren pizgarria. Errealitatea, gertakaria, ezbeharra. Hortik tiraka, "hutsune eta galdera" ugariz beteriko obra aurkeztu berri dute Axut eta Artedrama konpainiek elkarlanean. Ximun Fuschek zuzendu du lana, eta Harkaitz Cano idazleak osatu testua. Denera, zortzi aktore ariko dira oholtzan, 23 pertsonaia hezurmamitzen. Luhuson (Lapurdi) taularatu zuten estreinakoz ikuskizuna, urriaren 14an. Gaur eta bihar Donostian izango dira.
Fuschen arabera, Greziako tragedien kutsutik asko du Zaldibarren gertaturikoak: "Zaldibar izan zitekeen gure Ponpeia". Hain zuzen, zabor pilaketa horren amiltzeak ondorio latzak izan zituen; hondakin artean lurperatuta geratu ziren bi behargin. Mila galdera sortu zituen gertakariak. Zergatik? Nola liteke? Nor da erantzulea? Hutsunez beteriko istorioak zentzu zabal eta metaforikoa hartzen du Hondamendia antzezlanaren sortzaileentzat: "Gure egungo gizartearen metafora izan liteke", baieztatu du Fuschek.
Hain zuzen, Zaldi Urdina antzeztu ondotik autopistan zirela ikusi zuen Fuschek Zaldibar amiltzen: "Geldituak ginen autopistan, eta zientzia fikziozko filmetan bezala, urrunean, ikusten zen mendi bat erortzen eta bi langile hil ziren. Nola zabaltzen dugu gure gizartean hainbeste langile hiltzea bere beharrean lanean? Oraindik astero langile bat hiltzen da lanean eta ematen du ja ongizatearen gizartearen ordainsari bat bezala onartzen dugula", kontatu du Fuschek. Pizgarri hartatik jaio da 'Hondamendia'.
Zabortegiaren gertakariari, bigarren ezbehar kolektibo bat batu zitzaion denbora tarte laburrean: COVID-19aren izurriteak hartu zuen mundua 2020ko martxoan, eta hortik ere edan du 'Hondamendia'-k. Pandemiak herritar oro zeharkatu du, indibiduo gisa eta gizarte oso baten kide gisa.
Bi hondamendi. Aldibereko bi "tragedia". Kasik fikzioa gaindi lezakeen errealitate sinestezina. Hala moduz norberak ahal bezala barneratutako zorigaitz horien inguruan mintzatzeko beharraz dihardu 'Hondamendia' obrak.
Greziar tragedien zantzuak, ordea, tonu eta oinarri garaikideak ditu, XXI. mendeko Euskal Herrian gertaturikoak baititu oinarri. Horrez gain, Fuschek garbi du antzerkia sortzeak berez dakarrela fikziozko kontakizun bat eraikitzea: "Hasieran arduratzen gintuen gu baino handiagoa den istorioa kontatzeak. Behar izan dugu txikitik hartu, pertsonaletik eta detailetik abiatu, ez bilakatzeko psikodrama huts edo panfleto bat baizik eta antzerki obra bat".
Bakoitzaren minak eta zauriak errespetatuz, pandemiak eta Zaldibarko ezbeharrak zeharkaturiko hainbat kideren istorioz josi dute antzezlana. Badira erizainak, kazetariak, enpresariak, dantzariak, politikariak, senideak… denek dute beraien ikuspuntu propioa, eta denekin luzatzen dituzte sortzaileek gertakarien inguruko galderak.
Zaborraren analisia
Funtsean, zaborraren kontzeptua arakatu eta askotariko esanahiz bete dute antzerkigileek. Zentzu poetikoa, kritikoa, metaforikoa, literala, eszenikoa… denetik du 'Hondamendia'-k.
Hain zuzen, zaborra eszenifikatzea izan da erronka estetikoetako bat Fuschen arabera: "Nola eszenifikatu zaborra, zaborra berez metafora bat denean? Zaborra hitzak berak metafora balio bat badu, eta nola egin metaforaren metafora bat? Hori izan da hasierako galderetako bat". Oholtzan sakabanatutako jantziak izan dira zaborraren irudikapena egiteko baliabideetako bat. Jantziak badira norberaren arrasto, botatzen ditugunean ere guk beraiekin bizitakoaren kutsu bat daramate. Horrela, zabor artean oinez ibiliko dira pertsonaiak oholtzan.
Bestalde, zaborraren balio metaforikoaren bueltan ere hausnartu du lan taldeak. Hondakinak ezer badira, aztarnak dira eta horien azterketak laguntzen du egungo gizartea ulertzen. Horixe da, hain zuzen, arkeologoen lana. Eta, bada, gogoeta horrek zeharkatzen du obra.
Horretarako, publikoa dute aliatu: "Espero dugu publikoa bilakatzea ere gure bizitzeko moldearen arkeologo bat ikuskizun horretan". Izan ere, Fuschek nabarmendu du obra honek baduela berezitasun bat ikuslegoaren ezagutzari dagokionez: "Istorioa hasi aurretik jendeak badaki zer gertatuko den, eta pertsonaiek ez. Orduan horrek jartzen gaitu egoera berezi batean kontakizunean. Nola bizi izan dugu?". Bakoitzaren bizipenetatik, eta min eta oinazeari itzal egin gabe, hausnarketa kolektibo bat izan nahi du obrak, ezbeharren inguruan mintza dadin.
Erronka eta ardura
Zaldibarko luiziak hainbat kalte humano eragin zituen, harrapatutako beharginei ez ezik inguru osoari eraginez. Gauzak horrela, gertakariak antzezlan bihurtzeko ikerketa lana egin dute antzerkigileek eta arduraz jokatu nahi izan dute. Kazetarien pare, askotariko profesional eta senitartekoekin bildu dira. Obra anitza borobiltzen ahalegindu da Fusch, tragedia hutsetik aldenduz: “Badu tragediatik, badu komediatik, badu talde lanetik… 8 pertsona dira oholtzan 23 pertsonaia interpretatzen. Nahi izan dugu antzerkiaren tresneria guztiak erabili ikuskizuna osatzeko, eta, aldi berean, oso sinplea eta agerikoa saiatu gara egiten”. Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fusch, Ruth Guimerá, Eneko Gil, Ane Sagúes eta Jon Ander Urresti ariko dira oholtzan.
Diziplina artekoa ere bada ikuskizuna eta dantza, musika, soinua eta irudia antzezlanean erabat integratuta daude. Eraikuntza hori dinamikoa izan da gainera, idazlearen eta antzerkilarien arteko elkarrizketa etengabean.
Elkarlana
Ikuskizuna Axut eta Artedrama konpainien elkarlanaren fruitu da, aspaldi hasitako bide baten geldialdi berria. Ofizialki 2010etik dihardute elkarlanean bi konpainiek eta zenbait obra sortuak dituzte dagoeneko: Errautsak, Hamlet, Francoren Bilobari Gutuna eta Zaldi Urdina sorkuntzen ondorengoa da 'Hondamendia'. Uztarduraren aldeko apustu irmoa egiten dute bi konpainiek, euskal antzerki garaikidearen aldeko apustua. Ezaugarri propioak ditu juntadurak, eta zentzu eta balioa ematen ahalegintzen dira bi taldeetako kideak: "Artedrama eta Axuten arteko elkarlanean uste dut beti saiatu garela gure artearen erabilera berri bat asmatzea, beti ere Euskal Herrira begira dagoena. Nahi izan dugu leku guztietara eraman gure antzerkia, izan dadin gure demokrazia esparrua".
Euskal Herrian barrena
Lanaren inguruan hausnartu, eta gogoeta guztiak taulan nola lur hartu pentsatu ondotik, erakusteko garaia heldu zaie Axut eta Artedramako kideei. Bi aspektutan egin dute indar: Euskal Herriko edozein txokotan ikusi eta ulertu ahal izatea obra eta hezkuntza komunitatearekin batera transmisio lana abiatzea. Ondorioz, lehen emanaldia Luhusoko ikasleen aurrean egin zuten, lotura horren aldeko apustua eginez: "Guretzat beti inportantea da pentsatzea nola egiten ahal dugun ziurtatzeko gure kulturaren eta edukien transmisioa gure hizkuntzan eta nola egiten ahal dugun hori hezkuntzako komunitate osoarekin". Horretarako, antzezlana erakusteaz gain, bestelako baliabideak jarri dituzte ikasle eta irakasleen eskura. Axuten webgunean atal berezi bat sortuko dute sorkuntzaren ikerketa prozesuan eskuratutako hainbat materialekin. Artikuluak, filmak, argazkiak… eskura izango dituzte irakasleek, horiekin lotura duten gai zerrenda eta horiek lantzeko proposamenekin batera. Eskoletan antzerki tailerrak antolatzeko aukera ere zabaldu dute.
Ikasleei erakutsi ondotik, publiko orokorrarentzako emanaldiei ekin diete. Lehenbizikoa Luhuson bertan izan zen, eta bigarrena, aldiz, Markina-Xemeinen (Bizkaia). Euskal Herriko alde banatan dauden herrietan taularatu izanari garrantzia eman diote: "Gure lanetan beti da inportantea erakustea posible dela Euskal Herri osoan antzezlanak ematea eta zentzu bat dutela; izan Luhuson edo Markinan. Ikustea gure kezkek badutela oihartzun, gure erronka artistikoek badutela zentzu eta guzti honek merezi duela".
Lehenak igarota, emanaldiz betea dute agenda. Gizarte oso bat astindu duten gertakarietatik eratorritako proposamen artistikoaren feedback-a jasotzeko garaia dute artistek. Ikusleak beteko ditu bere kabuz istorioak argitzen ez dituen hutsuneak.
FITXA TEKNIKOA:
IZENBURUA: 'Hondamendia'
ZUZENDARIA: Ximun Fusch
IDAZLEA: Harkaitz Cano
AKTOREAK: Ander Lipus, Manex Fusch, Maite Larburu, Ruth Guimera, Eneko Gil, Ane Sagües eta Jon Ander Urresti.
BIDEOA: Maialen Belaustegi
KOREOGRAFIA: Philippe Ducou
MUSIKA: Maite Larburu, Asier Ituarte
ESZENOGRAFIA: Fran Dussourd
JANTZIAK: Xabier Mujika
ARGIZTAPEN DISEINUA: David Bernués
SOINU DISEINUA: Philippe Barandiaran
TEKNIKA: Ieltxu Ostolaza
HURRENGO EMANALDIAK:
Gaur eta bihar: Donostia
Azaroak 1, asteartea: Eibar
Azaroak 6, igandea: Arrasate
Azaroak 10, osteguna: Larresoro
Azaroak 18, ostirala: Hendaia
Azaroak 20 eta 21: Bilbo
Azaroak 22, asteartea: Hernani
Azaroak 24, osteguna: Santurtzi
Azaroak 27, igandea: Lesaka