Actualizado hace 2 minutos
Pasaden urtarrilaren 6an, errege egunean, aspalditik itxaroten genuen oparia iritsi zen, gure lagun Miguel A. Garcia Elena Aitzkoa artistak bere agurrean ederki azaldu bezala “beste zeru batera abiatu zen”. 44 urterekin zendu da Gasteizko soinu artista, ELA gaixotasunaren ondorioz. Hurbilekook bizi izan dugu bilakaera; eta, nolabait, espero genuen. Hala ere, horrelako momentuak gogorrak dira eta hausnarketara eta biltzera eramaten dute, ezinbestean. Horrela, birtualki bada ere, artista eta lagun ba-tzuen artean komentatu ditugun hi-tzak bildu ditut omenaldi xume honetan. Garciaren orbitan artista mordoa dago, eta askoz gehiago sartu nahiko nituzke eta merezi dute entzunaldia, baina honetan Mikel Vega, Yerai Portillo, Garazi Gorostiaga, Ibon RG, Garazi Navas eta Enrike Hurtado agertuko dira korapilatuta, eta gustatuko litzaidake bakoitzaren lan erakargarriak aurkeztea, baina entzutea besterik ezin dizuet gomendatu.
Emankor eta ziztatzailea
Etenik gabe sortu du Mikelek eta bertan zein nazioartean argitaratu ere. “Tokion nengoen Ftarri denda famatuan diskoak begiratzen eta han topatu nuen Mikelen bat” dio Enrike Hurtado, zeinekin Hotsetan programa, Zarata Fest eta bestelako kolaborazioak egin zituen, Ehunka disko ditu grabatuta, estilo oso ezberdinak esploratu eta eraldatzen dituztenak, bere ekarpena hain da handia Hurtadok ez duela ulertzen “zergaitik ez zioten Gure Artea saria eman”. Mikel Vega gitarra jolearekin bi disko galezin grabatu zituen: Explets eta Restrrcants Crystalmine Muzik eta Eclectic Reactions zigilutan. Bilboko L’Mono desagertuan kokatzen du Vegak lehen topaketa eta “umore eta ironia aldetik ere konplizidadea” partekatzen zutela. Garciak oso umore propia zuen arren, edonorekin moldatzen zen, aurreiritzirik gabe guztia interesez entzunez. Horrela, bere diskografian muturreko estiloak zein organikoagoak aurkitu daitezke. “Garazi Navasekin Eclectic Reactionsen duen kolaborazioa besterik gabe, ikusgarria da” dio Yerai Portillok “Aleph/Illuminatus” lanaren inguruan. Asko lan egin du Navasekin, “eta baita kobazuloetan grabatzera behartu!” anekdota barregarri kontatu du akordeoilariak.
![Miguel A. Garcia eta Garazi Navasen lana.](https://cdn2.ondavasca.com/2f830198-6796-4938-8d70-0b8cd7690cd5_16-9-aspect-r.jpg)
Miguel A. Garcia eta Garazi Navasen lana.
Ahal izan zuen arte kontzertuak ikusi eta konposatu zituen ordenagailu bidez Garazi Gorostiagak gehitzen dituen “rol partida amaitezinetan” aparte. Bai, behin bilaketa eginda ziur asko txundituta geldituko zinen kolore, forma eta izen zaparradarekin. Hauek dira PC Music zigilu eta (gerora) generoaren ezaugarri funtzezkoenak. Alde batetik: birtualtasuna. Edo, beste era batera esanda, Interneten sortu, igorri eta kontsumitu den musika eta eszena, gehienetan fisikoki argitaratu ez dena. Beste alde batetik, kontsumismo, publizitate eta 1990-2000 hamarkadetako iruditeria era surrealista eta gehiegizkoan erabiltzea. Ironia karga handiko camp eta kawaii elementu samurrek sareen irenste distopikoa ohartarazi nahiko balute bezala. Letrak ere zipriztintzen ditu joera honek: azaleko mezuak, amodiozkoak gehienetan, Internet bidezko erlazio hutsak eta esaldi itsaskorrak. Gehienetan, kolektiboko partaide ezberdinek sortzen dituzte taldeak edo haien artean kolabora-tzen dute, beraz, pantailan ikusten dituzun ezizen horiek guztiak jarraian ezagutuko ditugun lauzpabost artistek sortuak dira, horrela ziberkulturan oinarritutako pertsonaien bitartez identitateak digitalizatu eta itxuragabetuz.
![Miguel A. Garcia eta Mikel Vega “Explets”.](https://cdn2.ondavasca.com/e91cda65-9da5-4170-98bf-aaeb6a2acdf2_source-aspect.jpg)
Miguel A. Garcia eta Mikel Vega “Explets”.
Tipo isila eta lasaia zen Miguel, defendatzen zuen tesiaren erantzule: en-tzule. Hala ere, oso ondo identifika-tzen zituen giroa, aukerak eta elkar eraginak. Jo eta kontzertuak antola-tzeaz gain, gehien egiten zuena jendea “liatzea” zen. Portillo ez da izango bakarra aipatzen “ezagutu nuen lehenengo egunean jada gonbidatu ninduen kontzertu bat jotzera”. Eta ez zen gonbita, aginte formako iradokizuna baizik. Oso ohikoa zen ere norbait aurkeztu eta zuzenean batera jo zezaten agintzea: “Zuek biok zerbait egin behar duzue”. Eta noski, jendeak ohore eta inspirazio artean, serio hartzen zuen. “Nire esferatik kanpo zeuden pertsona askorekin konektatu zidan” baieztatu du Gorostiagak. Askotan estiloen mugak apurtzeko tresna bezala erabiltzen zuen, azken urteetan Garazi Navas akordeoilariarekin egin duen lanean adibidez: “Irakatsi zidan ; sorkuntza kolektiboa posible dela; kontserbatoriotik eta akademiatik kanpo soinu-artista oso interesgarriak daudela, mundu biak bateragarriak direla eta batak bestea aberasten duela”. Hala lortu zuen (ez berak bakarrik, noski) musika esperimental eszena osasuntsu eta anitz bat sor-tzea, bai genero aldetik, bai parekidetasun aldetik eta baita belaunaldi tartekotasunaren aldetik. Ez berak bakarrik diot jende gehiagorekin osatutako Le Larraskito Klubak ezinbesteko eragina izan zuelako horretan. Proposamen errez baina oso zorrotza: hilean behin, lau proposamen artistiko eta afaria. Entzuteko gune bat da, ez jairako, ez dantzarako, ez edatera joateko, ez sozializatzeko...
![Zarata Festeko liburua, Anti Liburudendan.](https://cdn2.ondavasca.com/959653c3-7d85-4617-b902-ba94d4bb085e_source-aspect.jpg)
Zarata Festeko liburua, Anti Liburudendan.
Betirako soinu esperientzia
Ibonek nabarmendu du Miguelen ezaugarri garrantzitsuenetako bat: “Kontzertuen antolaketan ere oso zehatza zen, eta irakatsi didan gauzetako bat zen gaualdi edo ekimen bat berez dela artelan bat, zeinean detaile guztiak zaintzea merezi duen.” Bai Le Larraskito Klubean (aurretik azaldu bezala proiektuak bere horretan ezaugarri oso zehatzak zituen) zortzi kanaletako anplifikazioa ezarriz, bai Zarata Festerako toki apropos eta ezohikoak bilatzen, musikarien bidezko espazioaren kudeaketan, proposamenen ordenean, “queimada” erraldoi bat egiten edota Garazi Gorostiagak gogoratzen dituen Gau Maltzurretan: “Udan antolatzen zituen, musika maltzurrez betetako bi egun bero olatu betean, proposamen dentsoekin, iluntasun osoz eta aretoa kez beteta”. Entzute egoerak sortzeko aparta zen Garcia eta kon-tzertu hauetan arnasten zen giro zapaltzaile eta itogarria lortzea erakusle garbia da. Zarata Fest zen bere jaialdia, urtero antolatzen (saiatzen) zena Bilboko lekuren baten (Madrilen ere antolatu zen arren). Bertan, askotariko proposamenak biltzen zituen, rock edo musika “ohikoagora” ere hurbildu zitezkeenak, horrela publiko zabalago bati eskaintzeko. Gerora, baita Enrike Hurtadorekin elkarlanean, Hotsetan programa garatu zuen Bilboko Azkuna zentroan, inprobisaketa eta soinu arterako sarrera eta hobekuntza tailerrez gain, zuzenezko oso interesgarriak ekarri zituena; karteleko Eraeran, Radithor (Yerai Portillo) eta Testurarena bezalakoak.
![Gau Maltzurra 2017.](https://cdn2.ondavasca.com/c15a3371-8217-4f8b-bba6-7909799998fd_source-aspect.jpg)
Gau Maltzurra 2017.
Ez nuke oroigarri hau amaitu nahi ikusgarritasun handiagoa behar duen gaitz degeneratibo eta desatseginaren buruzko salaketa egin gabe. Garcia ELAz hil zen, eta sufritzen eman zituen azken urteak bere lagunei esker izan ziren erosoagoak, izan ere instituzioek eta gizarteak oro har gaixotasun honen inguruko sentsibilitate handiagoa beharko luke, afera material ebidenteagoak ere gain ez baditu hartzen ere (etxebizitzen irisgarritasuna, tresnen prezioa, erabateko utzikeria...). Musika mota hauen gainean dagoen aurreiritzietatik haratago, beti gomendatuko nioke edozein musikari edo melomanori aukera ematea, bestelako ariketa zein musika esperientzietarako aberasgarria izango da ziur. Argi dago Mikelek niri bezala pertsona askori bizitza eta musika ikusteko era aldatu diola, eta hori ez da erraz ahazten. Hala ere, ea kapazak garen musika ezohiko edo esperimentalarengatik egindako guztia ez galtzen eta hurrengoei ere Miguel A. Garciak soinuarekin zuen amodio, liluramendu eta obsesioa kutsatzen jakitea. Eskerrik asko zure musikagatik (ehunka lan eskuragarri eta ordenatuta uzteaz arduratu zen xedh.org orrialdean). Eskerrik asko entzuten irakastegatik. Gugan bego.