Buscar
Actualidad

“Gure ardura da haur eta gazteei euskaraz egiteko aukerak bermatzea”

Euskara bidegurutze batean dagoela dio Topaguneko lehendakariak; eta erabilera bermatzeko mekanismoak aktibatu ezean, “arriskua daukagu atzera egiteko”
Kike Amonarriz
Kike Amonarriz

Euskaraldia amaitu berri den honetan, zer erradiografia utzi du ariketa sozialaren hirugarren edizioak?

—Bigarren edizioaren antzekoa izan da partaideen kopuruari dagokienez, baina ariguneen ariketa askoz ere indartsuago izan da. Normaltzen, naturalizatzen, ari da Euskaraldiaren ariketa, ohikoago bihurtzen ari da lehen hitza euskaraz esatea. Euskaraldiak eskatzen dituen hizkuntza ohituren aldaketa horiek pixkanaka barneratzen ari dira. Baina aurten txapen erabilera pittin bat erlaxatu da; hurrengo ekitaldiei begira analizatuko dugu non indartu den, non dauden ahultasunak.

Ezagutza gero eta gehiago handiagotzen den arren, udalerri euskaldunenetan nabarmen apaldu da euskararen erabilera, azken ikerketek islatzen dutenez.

—Oso prozesu kontraesankorra eta nahasia bizitzen ari gara. Askotan aipatu dut euskara bidegurutze batean dagoela; azkenengo 50 urte hauetan ikaragarri aurreratu dugu, nabarmen ezagutza mailan eta baita erabileran hainbat esparrutan. Baina impasse batean gaude, esparru batean aurreratzen ari gara, eta besteetan eusten edota jaisten. Egia da zonalderik euskaldunenetan batez ere mugimendu soziodemografikoengatik, bai ezagutzan, bai etxeko hizkuntzan eta baita erabileran ere apaltzen ari direla, baina aitzitik zonalde erdaldunenetan eta hiritartuenetan badaude hobekuntza zan- tzuak. Norabide anitzeko prozesu batean gaude, eta horrek adierazten digu hizkuntzaren biziberritze prozesuak jauzi bat behar duela. Eta Euskaraldia bada jauzi horren oinarriak ezartzen dituen ariketa bat.

Zer zentzutan?

—Ikusi dugu elkarlanean erakundeak, gizarte eragileak, herritarrak... bakoi- tzak bere lekutik asko egin dezakeela eta denon indar metaketa ezinbestekoa dela aurrera egingo baldin badugu. Horrek eragingo du hurrengo urteetan; hor dago giltzetako bat, hizkuntza politiketan, herritarren eta gizartearen atxikimenduan jauzi bat eman behar dugula eta gizarte eragileak ere konplize izan behar garela.

Hurrengo urteko egoera markatuko du?

—Bai, iristen ari gara 25 urteko azpikoen ezagutzaren unibertsalizaziora. Belaunaldi horrek zer egingo duen hurrengo 10-20 urteetan giltzarri izango da hizkuntzaren etorkizunean. Horregatik baldintzak jarri behar ditugu euskalduntzen ari den belaunaldi honek eskolatik kanpo ere euskara erabili dezan. Eta hor bi esparru nagusi ikusten ditugu, bata eremu ez formala, eta hemen aisialdia dago; kirola eta ikus entzunezkoekin, eta bestea lan mundua, eta hor Administrazioa sartzen da.

Bidegurutzea aipatzen zenuen. Normalizazioa edo biziraute sinbolikoaren artean?

—Bai, aukera handiak ditugu biziberritze prozesuan aurrera egiteko, eta konbentzituta nago horrela egingo dugula. Baina ez baldin baditugu aktibatzen mekanismo berriak eta ez baditugu bermatzen euskararen erabilerarako aukerak eta mekanismoak arriskua daukagu atzera egiteko.

Gazteengan jartzen da ardura askotan.

—Nik ez nuke gazteengan ardura gehiegi jarriko. Ardura handiago daukagu eta daukate gazte heldu eta helduek. Gizartea honetan ardura postuetan ez daude gazteak, belaunaldi helduagoak baizik, eta gure belaunaldien ardura da datozenei, gazteei, eta haurrei euskaraz egiteko aukerak bermatzea. Eta gero gazteen ardura izango da hizkuntzaren biziberritze prozesu honetan inplika- tzea, eta aurreko belaunaldietatik datorren ondare hori eta diskurtsoak eraberritzea, egokitzea eta euskararen biziberritze prozesua gaztetzea.

Datu bat dago nabarmentzeko modukoa: haurrak eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak.

Garrantzitsua da datua.

—Lorpen sozial ikaragarria da aurreko hamarkadetan ahalegin sozial handiaren ondorioa baita. Hau ez da gertatzen Europako beste hizkuntza gutxituetan. Norabide horri heldu behar diogu, eta bide horretan sakondu. Hori da Euskaraldiaren helburu nagusia eta euskararen biziberritze prozesuaren giltza.

Aisialdia aipatzen zenuen; azken urteetan maiz jarri da azpimarra ikus entzunezkoetan.

—Bai, faktore garbiak daude hor. Alde batetik, momentu honetan eskolaren bidez belaunaldi gazteak euskaldundu dira. Ia denak dira euskaraz egiteko edo behintzat uler- tzeko gai. Beraz adin horiei zuzendutako eskaintzak euskaraz izan litezke. Eta ekintza horiek gure esku daude, udalak, gizarte eragileak edota maila orokorreko erakundeak. Baina horietan zer eta nola egiten den gure esku dago, baina epe motz ertain batean hizkuntzaren nagusitasuna lortu dezakegu aisialdi munduan. Eta horrek hurrengo hamarkadan beharko luke helburu nagusietako bat izatea.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira erronkak?

—Erronka indartsuak ditugu. Batetik hizkuntzaren ezagutzaren zabaltzea eta unibertsalizazioa. Euskarari legezko estatus egokia ematea Euskal Herri osoan, eremu ez formalean eta arlo sozioekonomikoan jauzi bat ematea eta herritarren atxikimendua indartzea eta erabilera dinamikak sustatzea. Eta hor erronka berriak daude, ikus entzunezkoen esparruan, hegemonikoak ez diren hizkuntza guztietan erronka berriak sortzen ari dira, eta etorri behar den integrazio linguistikoa erronka handia izango da hurrengo hamarkadetan.

2022-12-04T07:39:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo