Cultura

Gure barneko etxeak

Arkitekturak osatu egiten gaitu eta materialek ere eragiten digute. Azken finean, arkitektura afektu desberdinak garatzeko gailua ere bada
Soraluzeko Ezozia auzoan dagoen Legarda baserria, eraberritzea hasi aurretik.

Mauro Gil-Fournier arkitektoaren Las casas que me habitan liburuak arkitekura afektiboak jartzen ditu mahai gainean. Bere esanetan, arkitektura afektiboa arkitektura plazerez egiten duen komunitatea da, pertsonen, beste izaki batzuen eta gauza bizien afektuak garatuz. Arkitektura afektiboak ikasketa profesionaleko eta pertsonaleko ingurunea dira, eta pertsonen, beste izaki batzuen eta gauza bizien afektuen emantzipazioa kontuan hartuta diseinatzen dute, diseinua barnetik eta kanpotik entzuteko ekintza bihurtuz.

Liburuan aurkezten diren etxeen bidez eguneroko bizitzan ditugun afektuen inguruan jarduten da. Gure etxeetan, plazetan eta hirietan bizi garela uste dugu, baina gure ohiko jardueretan baino ez gara bizi. Gil-Fournierrek proiektatutako etxebizitzak dozena bat baino gehiago dira: galderen eta ziurtasunen etxea, antsietatearena, ezkutatutako egoena, erruen etxea, txunditasunarena etxea, sustrai-rizomaren etxea, nire buruaren haurtzaindegia, atxikimenduarena, haurrak izaten ikasteko prestutasunaren etxea, denbora irabazteko etxea…

Soraluzeko Ezozia auzoan dagoen Legarda baserriaren eraberritze prozesua. RAZ

Gure barnean ditugun afektuen inguruan hitz egiten du, etxe ezberdinak izango bailira deskribatuz. Horiekin batera, lehen orrialdeetan arkitektura gertaera afektiboa izatearen zergatia azaltzen du. Arkitektura komunitatea sortzeko promesa eta bizitza eraikitzeko planoa izan behar dela aldarrikatzen du. Irudikapen hauek gure baitan dauden etxeak dira eta modu oso pertsonalean diseinua-arkitektura-bizitzaren arteko mugak deuseztatu dizkit. Arkitektura, afektu desberdinak garatzeko tresna izanik aipatutako etxeak ni-aren arkitektura diren aldetik, errealitate afektibo primitiboenean adierazpen espazial eta materialak dira. Eta liburu honen bidez, komunitatea, norberarekiko eta munduarekiko hedatutako familia bat garatzeko modu bat planteatzen du.

Arkitektura afektiboek egiten duten lehenengo gauza da modu zintzoan, aurreiritzirik gabe eta segurtasunez adierazteko espazioa sortzea. Zintzotasuna nabaritu nuen hasieratik proiektu honetan. Eta gehitu daiteke eraberritze honen prozesuan liburuan aurkitu daitezkeen etxe ezberdinen transitoa ikus daitekeela, hasierako eta amaierako egoera behatuz. Baserrian planteatzen diren espazioek beharrak asetzeaz gain, bizilagunen errealitate afektibo primitiboenen adierazpen espazial eta material gisa gauzatu dira. Aldirietan kokatzen dira, bai egileak eta baita proiektua ere. RAZ estudioa tresna digitaletan eta hiri-, lurralde- eta mugikortasun-diseinuari aplikatutako datu-analisietan espezializatuta egon arren, horrelako proiektu interesgarriak egiten ditzatekela erakutsi dute. Soraluzeko Ezozia auzoan kokatzen den Legarda baserriaren lehen datuek XVIII. mendera garamatzate eta egungo testuingurura moldatzen den arkitektura da.

Estrategia, hiru helburuz

Iluna, dekadentea, hotza, deprimentea… sentsazioa sortzen zuen arkitektura, bestelako afektuak sortzen dituen eraikin bat gauzatu dute. Txukuna, alaia, bizia, harmoniatsua delakoan nago, zuek baloratu. Arkitektoen esanetan, proiektuaren estrategia formala hiru helburutan oinarritzen da. Lehena, etxebizitza lurretik datorren hezetasunetik babestea izan da. Bigarren helburua, baserriko argitasuna hobetzea da, batez ere, eremu nagusikoa, orain arte lastoa eta ukuilua gordetzeko erabiltzen zena, etxebizitzaren zati garrantzitsuan argitasuna lortuz. Eta hirugarrena, eraikinaren azalera erabilgarria murriztu da, neurriz gaineko etxebizitzarik egon ez dadin.

Legarda baserriaren barrualdea, arkitektura afektiboaren printzipioak jarraituz. RAZ

Funtzionalki, egungo eraikinaren ezaugarriak ahalik eta gehien aprobetxatu dituzte, logelak orain dauden pilula berean kokatuz, eta espazio nagusia erabiliz programaren zati publikoa kokatu da (sukalde-jangela). Goiko solairuan aldiz, soilik estudioa kokatzen da. Barneko gure etxeak kanpora ere irekitzeko aukera ematen du, fatxada nagusiko portxean eta atzeko terrazan.

Eraikuntzari dagokionez, barrutik hustu da eta bolumen nagusiko harlangaitzezko karga-horma ia guztiak mantendu dira. Bolumen nagusiaren iparraldeko karga-hormatik distantzia bat proposatzen da, etxearen barnean espazio oso interesgarria sortuz. Barrura begiratzeko espazio honek aukera afektibo ezberdinak ahalbidetzen ditu eta lehenaldia-orainaren arteko zubilana ere egiten du. Zurezko egitura planteatu da eta barneko materialtasun hori fatxadara eramaten da.

Erabilitako materialek eta leihoen konfigurazioak afektuen potentziala biderkatzen dute. Barnean egiten den espazioaren konfigurazioak eta kanpoarekiko planteatzen diren erlazio ezberdinek afektu ezberdinei kabida ematen die. Gizarte gisa hazten lagunduko duen arkitektura materialak behar ditugu, eta horretarako adibide bat dugu hau. Etxeak gure errealitate afektibo primitiboenen adierazpen espazial eta material gisa izanik, Legarda bizitza sortzeko espazioa da. Gure barneko etxeentzako etxea.

Arkitektura afektiboaren adibide garbia da Legarda baserriaren eraberritzea, bizitza sortzeko espazio bilakatuz. RAZ

16/03/2023