Eli Gorrotxategi eta Jose Mari Jauregik ia hiru hamarkada daramate gazta egiten. Asteazken honetan, azkenik, Ordiziako gazta txapelketan garaile suertatu ziren. Emozioz beteriko lehen momentu horietan, Gorrotxategik familia eta bezeroak gogoan ditu eta haiei ere zabaldu nahi izan die saria.
Zer sentitu duzue sari hau jasotzean? Emozio handia, ezta?
Bai. Azkenean, finalean sartu gara; pozik geunden finalean egoteagatik. Baina ez genuen espero, hainbeste gazta onen artean, gurea lehena izango zenik.
Lehenengo saria duzue Ordizian?
Lehenengo aldia da. Bitan sartu gara finalean, baina aurreneko aldia da, lehenengo saria jasotzen dugula.
Nolakoa da aurkeztu duzuen gazta?
Oso orekatua dago. Martxoko gazta bat da; testura aldetik oso fina eta zaporearen aldetik, jaten jarraitzeko gogoa sortzen dizu. Horregatik aukeratu genuen.
Nolakoa izan ohi da daztatze eta aukeratze prozesua?
Denok dastatzen dugu gazta etxean, baina aurreneko hautaketa nik neuk egiten dut, saldu baino lehen, beti dastatzen ditudalako gaztak, nola dauden ikusteko. Batzuk nabarmendu egiten dira eta gorde egiten ditugu. Lau gazta genituen, oso antzekoak zirenak, eta azkenean horiek dastatu genituen.
Zergatik erabaki zenuten gazta ketua ekartzea?
Txapelketa honetan beti gazta naturalaren aldeko apustua egin izan dugu. Hainbeste urte pasa eta gero, ikusi dugu ketua izan behar zela, irabazteko aukera handia izateko. Ez nuen espero ketua ekartzea, baina semearekin dastaketa egin genuen eta berak esan zidan ama, eraman ketua eta goazen irabaztera. Bere iritzia aurrera eraman dugu eta hemen gaude.
Zerk egiten du gazta bat den bezalakoa izatea?
Guk beti berdin egiten dugu gazta, baina faktore asko daude: esne gordina den, zein eguraldi izan den, non ibili diren ardiak… Faktore asko daude gazta bat eta bestea desberdinak egiteko.
Zenbat denbora daramazue negozio honetan? Zer nolako artaldea duzue gaur egun?
26 urte daramatzagu; egun, 400 ardi inguru ditugu.
Familian jarraipena izango du egiteko honek?
Bai, semea dago gurekin. Pena da gaur bera ez etorri izana; ardien arduradun gisa gelditu da. Baina esan dudan bezala, sari hau familia guztiarentzako da.
Nola ospatuko duzue saria?
Hasieran lagunekin bazkaltzera joango gara. Lagunak hemen ditugu; gaur bazkaria beraiekin eta ospatu. Gero, familiarekin eta bezero guztiekin. Azkenean, guk txapelketa hau gaur irabazi dugu; beste txapelketa batzuk irabazi ditugu bestetan, baina gure bezeroak egunero etortzen dira gure gazta erostera, gustora daude eta beraientzat da saria.