Actualidad

“Gure ikastolan jaten ditugun produktu freskoen gehiengoa Nafarroakoa da ”

Asteburu batez gure etxeko sukaldarietan bilakatzeko ariketa buru ondoren, ikastolako sukaldariarekin hitz egiten aritu ginen, bere lanbideaz gehiago jakiteko.
“Gure ikastolan jaten ditugun produktu freskoen gehiengoa Nafarroakoa da ”

Sukaldari bihurtzearen ideia asteburuko etxerako lan batzuen ondorioz sortu zen. Astean zehar errezeta lantzen aritu ginen gelan eta gure irakasleei zera bururatu zitzaien: gelan landu genituen errezetak praktikara eramatea. Inoren laguntzarik gabe, etxekoentzako bazkari bat prestatzeko erronka luzatu ziguten. Esan eta egin! Askok, Izaskun Meabe ikastolako sukaldariarekin inoiz baino enpatia gehiago sentitu genuen. Hau horrela, berari elkarrizketa bat egitea pentsatu genuen.

Zer dela eta sartu zinen sukaldari?

–Txikitatik gustatu izan zait, ama sukaldean ari zela ikusten nuen eta beti inguruan bueltaka ibiltzen nin-tzen. Asko gustatzen zait sukaldean aritzea eta elikagai ezberdinekin esperimentatzea izugarri atsegin dut.

Sukaldean aritzeko lehendik sukaldaritza ikasketak burutu zenituen?

–Bai, Galdakaon ikasi nuen, Ostalari-tza Eskolan.

Etxean zuk edota beste norbaitek prestatzen du janaria?

–Gure etxean denok aritzen gara sukaldean, batez ere ni eta nire senarra Jaime. Naiur nire semea ere askotan ibiltzen da saltsan.

Edozein jatetxetara joateko aukera izango bazenu, nora joango zinateke? zergatik?

–Ferran Adriáren El Bulli jatetxea ezagutu nahiko nuke. Niri janariarekin esperimentatzea asko gustatzen zaidanez bertara joatea oso ongi egongo litzateke.

Zer ez duzu gustuko zure lanaz? Eta gustuko?

–Barazkiak dira prestatzeko aukeren artean gutxien gustatzen zaidana eta postreak egitea aldiz, asko gustatzen zait.

Beste kultura batzuetan oinarria duten janariak prestatzen al dituzu?

–Bai, asko gustatzen zaizkit eta probetan jarduten dut.

Orain ikastolan egiten duzun lanaz hitz egin nahiko genuke. Zein da bertan betetzen duzun ordutegia?

–Goizeko 09:00etan sartzen naiz eta 16:00ak aldera ateratzen naiz.

Sukaldean Leire ere aritzen da. Lanak banaturik dituzue edota biok egiten duzue denetarik?

–Elkarri asko laguntzen diogun arren, bakoitzak gure lanak ditugu. Leire normalean laguntzaile lanetan aritzen da eta hurrengo egunerako lanak aurreratzen ditu. Ni gehienbat sukaldari lanetan aritzen naiz.

Zergatik jaten ditugu ikastolan beste eskoletan jaten ez diren elikagaiak? Adibidez, arroza azenario eta erremolatxa saltsarekin, kalabaza egosia, brokolia labean...

–Egian esan zorte handia duzue. Lehen ere barazki eta produktu fresko asko jateko ohitura genuen. Hala ere, orain dela urte batzuk proiektu berri batean aitzindari izan ginen. Bertan, inguruko produktuan kontsumitzearen alde egin zen, ekologikoen kantitatean gehitu ziren eta dieta osasun-tsuari aurrez aurre begiratu genion. Horregatik, batzuetan ezezagunak diren garaiko produktu batzuk jaten ditugu.

Nondik ekartzen dituzue produktu freskoak?

–Gehiengo handi bat Nafarroako produktua da, beste toki batzuetatik soilik bertakorik ez dagoenean ekartzen dugu.

Adibidez, olibak bertakoak ez direla ikusi dugu. Latakoak dira?

–Bai, oraingoan olibak latetan erosi ditugu, berdeak eta beltzak erabiltzen ditugu. Hurrengoan bertakoak erabiltzen saiatuko gara.

Ikastolako zein menu gustatzen zaizu gehiago, orain dela urte batzuk zegoena edo orain dagoena?

–Ea, orain dagoen janaria askoz osasungarriagoa dela esan beharra dago, baina lehen zegoena ere gustuko nuen. Nik ere atsegin ditut patatak, saltxitxak…

Zenbat lagunentzako bazkaria egiten duzue ikastolan? Zenbat denbora ematen duzue prestatzen?

–Berrehun eta piku lagunentzat prestatzen dugu bazkaria eta nahiz eta goiz osoan jardun lanean, gehiengoa 11:30erako prest izatea gustatzen zait.

Oso kantitate handiak erabili behar dituzuela badakigu. Adibidez, azenario purea dagoenean, zenbat azenario erabiltzen dituzue?

–Azenario purea soilik denean, 18kg azenario inguru erabiltzen ditugu eta beste barazki batzuekin nahasten dugunean, 10 kg inguru.

Sukaldean gertatu da istripuren bat?

–Zorte handia izan dugu eta nik dakidanez gauza handirik ez da gertatu. Pilartxo, ikastolan urte askoan dugun beste sukaldaria, orain dela gutxi sukaldean erori zen eta eskumuturra apurtu zuen. Ea azkar sendatzen den.

Orain menuan ez dagoen zein plater txertatuko zenuke ikastolako bazkarietan?

–Ditugun platerak oso goxoak badira ere, postre bereziren bat egingo nuke gustura.

Zein da zure ustez ikastolan egiten duzun platerik onena? Eta etxean?

–Ikastolan arroza oso ondo ateratzen zaidala esaten didate, eta etxean saltsa mota denak oso ongi jaten dituzte.

Zein dira ikastolan hobekien eta okerren jaten ditugun janariak?

–Gustukoenak haragi-bolak, makarroiak, zopa, ilarrak eta haragi egosia dira, eta gustoko ez dituztenak brokolia eta azalorea gehienbat.

Jaten aritu direnek eskertu al dizute noizbait eman dizuna?

–Zortez bai, bai ikastolako langileek eta bai ikasleek eskertu izan didate egindako lana eta bereziki gustatu zaizkien jatorduak eskertu izan dizkidate.

Noizbait sentitu al zara gaizki norbaitek zuk egindako janariarengatik esan dizunagatik?

–Bai, dudarik gabe! Inori ez zaio gustatzen lanean jardun eta gero beste batzuk aurpegi txarra jartzea.

Guri gehien gustatzen zaigun platera saltxitxak Izaskun eran da, baina oso gutxitan egiten duzue. Noiz jarriko duzue berriro?

–Ez dakit! Abenduan agian sorpresaren bat egongo da.

26/11/2022