Buscar
Cultura

“Gure kide Raquelek altxor bat dauka”

Karmele Respaldiza Ozaeta eta Gurene Grande Martinez dira Iaiaia irrintzi taldeko kideetako bi. Biak orozkoarrak izanagatik ere, harreman ezberdina izan dute irrintziarekin, gainerako taldekideen antzera
Bilboko Guggenheim museoan aurkeztu zuen performancea taldeak.
Bilboko Guggenheim museoan aurkeztu zuen performancea taldeak. / Jose Mari Martinez Bubu

Modu erabat ezberdinetan hasi ziren irrintziak bota-tzen Karmele Respaldiza Ozaeta eta Gurene Grande Martinez. Etxetik jaso zuen lehenak, ezusteko irrintzi lehiaketa bat irabazita ekin zion bideari bigarrenak. Egun, biak dira Iaiaia taldeko kideak.

Oroitzen duzue nola hasi zineten irrin-tzitan?

Karmele Respaldiza: Nik bai. Ibarran, Orozkon, Itxinape Dantza Taldea zegoen eta abuztuaren 15ean Ibarreko plazan dantzatzen genuen. Hamar urte inguru izango nituen, andre batek botatzen zituen irrintziekin liluratuta geratu nintzenean; betiko markatu ninduen. Ordutik, gehiagotan hasi nintzen irrintziak entzuten, irratian, Orozkoko txapelketan… eta gero ni neu hasi nintzen probak egiten. Lehen baserri batean bizi nintzen eta lasai-lasai bota nitzakeen; orain ez, eta kotxean praktikatzen dut.

Gurene Grande: Ni ere Orozkon hasi nintzen. Lehen ez nuen irrintzirik botatzen eta niretzako ez da inoiz ezer deigarria edo berezia izan; nire bizi-tzan ez da presente egon, baina abesbatza bateko kidea naiz eta abestea gustatzen zait. Behin lagun batek Orozkoko irrintzi lehiaketara apuntatzera animatu ninduen, eta txapela eraman nuen. Horrela hasi nintzen guztietara joaten. Gutxienez hamar txapela eraman ditut.

Gainerako taldekideek zer lotura dute irrintziarekin?

K.R.: Oso profil desberdinak ditugu. Denok gara kulturazaleak: musikariak, trikitilariak, koroetako abeslariak, dantzariak, antzerki mundukoak… denetarik dago, baina irrin-tzia etxetik jaso duen bakarra Raquel Echevarria da, taldekide nagusiena. Irrintzia komunikatzeko modu bat zen. Raquelek aitite-amama eta gurasoengandik ezagutu du zuzenean: Gorbeialdera artaldearen bila joaten zirenean irrintzi bidez esaten zioten elkarri “heldu naiz”, “ez naiz jaitsiko”, “arazo bat dago”… Hori guztia irrin-tzi bidez komunikatzen zuten eta berak zuzenean ezagutu du, baita hileta-irrintziak ere… Berak hori dena ezagutu du, gainerakook ez. Horregatik gure kide Raquelek altxor bat dauka.

Zer da irrintzia zuentzako, zer transmititzen dizue?

K.R.: Niri sakontasuna. Gauza asko egin nahi ditugu, ikertu… baina aurten egin duguna ez nuen espero. Sakontasuna eta poza eman dizkit proiektu honek.

G.G.: Gu saiatzen gara azaltzen irrin-tzia oihu emozional bat dela eta bizi duzun unearen arabera irrintzi bat edo bestea aterako zaizula. Irrintziak bizi egin behar dira. Jendeak badakienez irrintziak egiten ditugula, askotan edozein egoeratan botatzeko eskatzen digute, batez ere jai giroan. Orduan ez dira ondo ateratzen, barrutik atera behar dira. Niri emozioa transmititzen dit, baina egiteko eskatzen digutenean ez da ondo ateratzen. Gu taldean giro hori sortzen saiatzen gara, bai momentua, espazioa eta egoera disfrutatzen eta bizitzen, eta horren araberako irrintzi desberdinak botatzen saiatzen gara.

Zein da irrintziak botatzeko zuen leku edo egoera gogokoena?

K.R.: Mendia. Izugarrizko satisfazioa ematen dit tontorrera igo eta irrintzia botatzea. Inguruko mendietan askotan egiten dut, Gorbeian, Anboton…, baina iaz Kilimanjaron egin nuen. Ez nuen iristea espero eta heldu nintzenean, ia oxigeno gabe irrintzia bota nuen… jendeak pentsatzen zuen desmaiatuko nintzela. Izugarria izan zen.

G.G.: Ni ez naiz Karmele bezain mendizalea, baina zenbaitetan joaten naiz eta bertan oso eroso sentitzen naiz irrintziak botatzen. Bestela, lagun artean eta momentu alaietan.

Nolabait irrintzia emakumeekin lotzen da… hala da?

G.G.: Orain agian bai, baina historian zehar ez dut uste. Egia da irrintzia oihu zorrotz bat dela eta agian horregatik lotzen da gehiago emakumeen ahotsarekin, baina edonork egin dezake irrintzi on bat.

K.R.: Komunikatzeko modu bat zen, lehen denek egiten zuten.

Eta egun, zer da irrintzilariak bereizten dituena?

G.G.: Guk ez dugu irrintziak bota-tzeko gaitasun berezirik, edonork egin dezake. Ausardia da besteengandik bereizten gaituena; guztiok izan gaitezke irrintzilari.

K.R.: Praktika ere garrantzitsua da: nik badakit taldean nagoenetik irrintzi hobeak botatzen ditudala.

Normalean irrintziak bakarrik bota-tzen dira, baina zuek talde-konposizioak egiten dituzue. Zein da desberdintasuna?

G.G.: Orain egiten dugun performanceak zati desberdinak ditu eta bakoi-tzak helburu bat dauka: batean irrin-tzi solteak entzun daitezke, beste batean elkarrizketa moduko batean aritzen gara, beste batean zirkuluan gaude eta soinua bata besteari pasa-tzen diogu…

K.R.: Animalien eta naturaren oihuak transmititzen saiatzen gara, landareena, haizearena, urarena… Horrez gain, asko gustatzen zait zelan borobiltzen dugun performancea. Antzina adarra ere komunika-tzeko modu bat zen eta Matxalen Aldaiturriagak saioaren amaieran ukitu berezi bat ematen dio adarrarekin.

Zer balorazio egiten du performancea ikusi duen jendeak?

K.R.: Jendeak esaten digu txundituta geratzen dela.

G.G.: Guri egiten duguna gustatzen zaigu eta ondo sentitzen gara hau egiten, baina gehienetan ez dakigu kanpotik zelan hartzen den. Grabazioak ikusi ditugu, baina ez da gauza bera. Momentuan guk ez dakigu nola bizitzen ari den, guk ikusleen eta hurbilekoen iritziak baino ez ditugu eta beti izan dira oso onak eta oso positiboak.

K.R.: Guretzako sorpresa izaten da jendearen harrera, eta ikusten dugunez gustuko dutela, guk jarraituko dugu. Taldean elkartzea soilik poztasun handia da, nahiz eta etxe desberdinetakoak izan denak, bat gara. Elkartzen garenean talde-giroan sartzen gara, bizipenak partekatzen ditugu, energia ona dago gure artean. Esperientzia oso polita da, gogo handiz egiten dugu.

Etiquetas
2024-12-18T17:02:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo