Cultura

“Gure lehen harreman monogamoa gure lagun onenarekin izan ohi dugu, neskok batez ere”

Harreman pertsonal galdu eta berreskuraezinak, Durangaldeko baserri mundua, memoriaren galbahetik igarotako diapositibak, nerabezaroa topera bizi nahi duten pertsonaien soslaia gazi-gozoak… osagai horiek osatzen dute ‘Pleibak’ eleberria
Miren Amuriza idazleak ‘Pleibak’ eleberria plazaratu du.
Miren Amuriza idazleak ‘Pleibak’ eleberria plazaratu du. / Borja Guerrero

Beharbada Euskadi Saria merezi zuen Basa estreinako lanarekin literatur eztanda bat sortu ondoren, adinean sartutako mundu bat galtzen ari zen belaunaldi gogor baten berri emanez, gazteen ahozko hizkeran oinarritutako estilo proposamen gordin batekin aurkezten zaigu berriro Miren Amuriza idazlea Pleibak (Susa, 2025) nobelan.

Zure bigarren nobela honetan badago jauzia, jorratutako gaiei dagokienez bederen, kritikak goraipatutako ‘Basa’ opera prima hartatik. Ez zara bertan goxo geratzen den horietakoa, ezta?

Konparaketak egitea beti da arrisku-tsua, baina baita saihestezina ere. Konparatzen saiatu gabe, baina elkarren ondoan jarrita Basa-k eta Pleibak-ek ez daukate zerikusirik, zuk esan moduan; baina, era berean, an-tzekotasunak ere ikusten dizkiet ni neu ere ez naizelako hainbeste aldatu eta nire egiteko formak edo ahalmena ere mantendu egin direlako. Bai ikusten dut bietan hizkuntzarekin lanketa jakin bat dagoela. Ahozkotik oso hurbileko erregistro bat jasotzeko nahia. Basa-ren kasuan, adineko pertsonaia batzuen baserriko erregistroari lotuta; eta Pleibak-en, hizkera gazteago batekin. Bietan dago baserriko mundura zuzendutako begirada bat. Mundu horren deskribapen bat. Basa-n modu zuzenagoan. Belaunaldi ezberdinen bizipenak guztiz ezberdinak dira. Sabinak eutsi egin nahi dio mundu horri eta Jonek alde egin nahi du. Ni inguratu nauten garaiak eta jendeak erretratatzeko asmo bat egon da, eta bi pertsonaiok aldapan behera doaz frenorik gabe.

Errealitatearen eta asmakizunaren arteko loturak zabalik uzteko xedea agerikoa da. Autofikzioa, irudikapena, memoria, poesia...

Literaturan beti dago jolaserako tarte hori idazlearen eta irakurlearen artean. Nire gustatzen zaidan literaturak zirrikitu horiek zabaltzen ditu. Irakurleari ere eraikuntzarako tartea uzten dio. Nire kasuan, 1990-2000 hamarkadan Berrizen eta Durangaldean bizi izan genituen giro eta leku horiek testuinguruan jartzea eta ahalik eta modu zehatzenean deskriba-tzea izan da asmoa. Alde batetik, memoria ariketa atsegin bat izan da. Neure oroitzapenetatik tiratzea: garai hartan idatzitako gauzak, argazki zaharrak, etxean gordetako eskolako materialak, arropak... Bestetik, asko hitz egin dut lagunekin bizi genituen zenbait gauzen gainean. Atzera begirako hori egitea eta berriz bueltatzea ikusten genituen serieetara, pelikuletara, entzuten genuen musikara. Hori guztia ahalik eta ondoen jasota uzteko, ahal dela gaur egungo ikuspegitik epaitu gabe.

Belaunaldi zehatz baten testigantzaren berri emateaz gain, hartu-emanen gaineko begirada nihilista bat islatzen du nobelak.

Jone eta Pollyren arteko harremanak hartzen du zentralitatea nobelan. Nerabezaroaren nebulosa horretan kokatuta dago. Bi pertsonaiei gauzak gertatzen zitzaizkien garai horretan, baina ez zekiten nola izendatu. Harremanetan ez dago onik edo txarrik. Norbera izaten da besteari min egiten diona, edo alderantziz. Ahal duten moduan kudeatzen dituzte gauzak, eta hanka sartzen dute askotan. Laguntasun harreman bat dago, gero batzuk irakurri dute maitasun harreman modura edo dolu baten zauri baten gisa beste batzuk. Gauza askok markatzen dute harreman hori: hetero arauak, klase diferentziak, inguruak, espektatibek... Horrek guztiak eramaten ditu urruntzera. Nik liburua idatzi eta laster, Pikara aldizkarian Teresa Villaverdek Lagunik onena artikulua idatzi zuen. Oso ondo esplikatzen zuen gutariko askok, gehienetan neskok, gure lehengo harreman monogamoa gure lagunik onenarekin izan ohi dugula, horrela dela konturatu gabe. Maitemintzea, ordezkatua izateko beldurra, zeloak... Bikote harremanetan argiago dauzkagu gauzak, baina lagun artean lausoago geratu izan dira.

Hizkuntzari dagokionez, ez zara beldur izan “zikinak janda” idazteko, liburuaren kontrazalak jasotzen duen esamoldea erabiliz.

Nire asmoa ahozkotasunetik eta gazteen hizkeratik hurbil dagoen erregistroa jasotzea izan da. Eta, lengoaia literario bat proposatzea. Hartu ditudan erabakiak liburu jakin hau idazteko hartu ditut. Ez dut euskaraz zelan idatzi behar den proposatu nahi. Nire irizpidea izan da lexikoarekin malguago jokatzea. Kasu ba-tzuetan, erderazko hitzak erabili ditut baldin eta frantsesaren eta ingelesaren itzulpenak antzekoak baldin badira. Horrez gain, gaztelerazko hizkeran oso geuretuta dauzkagunak erabili ditut. Sintaxiarekin berriz zorro-tzago jokatu dut eta euskarazko egiturak gehiago mantendu.

 Zeintzuk dira zure literatura erreferenteak?

Erreferenteei dagokienez, Danele Sarriugarteren Erraiak aipatuko nuke. 2014koa da eta ordutik hona asko aldatu da euskal gizartea eta literatura. Mugarri bat izan zen orduan eta orain ere balio handia izaten jarraitzen du. Hizkuntza, lexikoa eta sintaxi aberatsa zituen lan horrek. Berak ere 80 hamarkada amaieran-90 hamarkada bueltan jaio ginenen gaztaroko giro haiek oso ondo erretratatu zituen ikuspegi feminista eta oso kritiko batetik. Uxue Alberdiren Dendaostekoak gaiari dagokionez zerikusi handirik ez izan arren, ahozko hizkuntza jasotzeari dagokionez bai begiratu dut eta Uxue bera asko entzun. Hetero ipuin liburuan badago Ukitzen gaituen hura izeneko ipuinak badu zerikusirik nire liburuko unibertsoarekin. Nerea Ibarzabalen Bar Gloria-n ageri diren baserri munduaren irudi horiek eta Lizar Begoñaren Mundu zitalaren kontra liburuan dagoen pop kulturaren presentzia.

Literaturaz gain, beste lurralde ez hain literarioak ere jorratu nahi izan dituzu: musika, telebistako programa ahaztuak, kontsumo-gizarteak ahaztu produktuak, komikiak, kultura kutre baten aldeko apustua…

Egia da neuk ere ekarri ditudala pop kulturaren erreferentzia asko. Garai horretako pelikulak, musika, zinea, pertsonaia horiek denak oso kon-tzienteki daude ekarrita liburura. Kuriosoa izan da guzti horrek, gehi hizkuntza hautuek, irakurle batzuengana hurbiltzea ekarri duen modura, ba igual Basa hurbilago zuten beste irakurle helduago batzuengatik urruntzea eragin duela.

2025-03-18T17:33:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo