Cultura

Gurpil gainean imajinarioari tiraka

Bidaiatzen ari diren hiru lagun, hiru abenturazale, hiru sortzaile, eta autokarabana bat tarteko. Amancay Gaztañaga, Zuriñe Hidalgo eta Erika Olaizolak Euskal Herria zeharkatuko dute 'Vikingak' ETBko saio berrian. Atal bakoitzean gai ezberdin baten inguru
Fikzioa eta errealitatearen arteko jolas bat da ‘Vikingak’ saioa.

Beraiengandik sortua eta erronka handi bati erantzunez. Programa fresko eta batik bat natural gisa definitzen dute Vikingak saioa sortzaileek. Fikzioa eta errealitatearen arteko jolas interesgarri bat, umorea galdu gabe. Amancay Gaztañaga, Zuriñe Hidalgo eta Erika Olaizola dira saioaren gidari kamara aurrean zein atzean. Guztira zortzi programa izango dira -erdiak orain eskainiko dituzte eta beste lauak uda bukaeran-, eta bakoitza gai bati lotuta egongo da. Lehenengoa joan den asteazkenean eman zuten ETB1en. Azaldu dutenez, gai bakoitza azkenean aitzakia bat da bidaia hasteko. Bidean zehar jendea topatuko dute, sorpresak, joan-etorriak eta denek beti ere gaira ekarriko dituzte. "Programa bakoitzak guri misio bat ematen digu, beti ere gai horri lotuta eta misio horretan murgilduta ibiliko gara hirurok", azaldu du Olaizolak.

Plazera izan zen lehen saioko gaia, baina besteak beste, gaziaren munduan ere murgilduko dira datozen asteetan, bihozkadetan, adrenalinan... Saio bakoitzak bere izaera, magia eta estetika izango ditu. "Ederra izan da ikustea gai bakoitzak nola murgiltzen gaituen Euskal Herriko eremu ezberdin batera, jende ezberdin batera eta sortutako istorio horiek kolore ezberdin bat duten".

Hain zuzen, gaiei dagokienean, zuria edo beltza diren argi ez dagoen gaiak hautatu dituzte, "dibertsitate handikoak", beraien esanetan, eta ondorio konkretu bat ateratzeko balio ez dutenak, hots, hausnarketarako tokia uzten dutenak, irekiak. "Ez gaude ohituta zenbait gairen inguruan konbertsazioak edukitzera telebista aurrean, dena hain xehatua dagoen garaietan konplikatua da norbere barne elkarrizketa edukitzea", adierazi du Gaztañagak. Halaber, telebistak askotan halako gai indartsu eta sakonak oso modu dramatiko batean jorratzen dituela eta gai horiei beste helduleku bat eskaini nahia adierazi du Hidalgok. Eta guzti hori jolas baten bitartez planteatzen dute.

Horretarako, Euskal Herriko eremu ezberdinak bisitatuko dituzte autokarabana batean. "Gure herriaren aniztasuna telebistan azaltzea nahi genuen. Euskal Herria oso anitza da, txoko zoragarri eta ezberdin asko ditugu eta horiek erakutsi nahi genituen", adierazi du Hidalgok. Gaineratu dute harritu izan direla bisitatu dituzten txokoekin eta pena dela gehiago ezin sakondu ahal izatea. Hala, bidaia bakoitzean jendearekin topo egingo dute, ezagunak izango dira ikusleentzako batzuk eta ezezagunak besteak. Hain zuzen ere, jende ezaguna ikuslea ohitua ez dagoen moduetan azalduko da, "datozen eta doazen" pertsonak izango dira, hots, "paper laburrak" deritzenak egingo dituzte beraiekin eta elkarrizketak aldiz jende ezezagunarekin egingo dituzte. "Saioaren seilu bat da, hortik sortu zen saioaren izaera", Hidalgok dioenez.

Argazkian, saioaren fotograma bat, Gaztañaga, Olaizola eta Hidalgo Sopelan. TAOM

Desiotako erronka bat

Harreman estua dute Gaztañaga, Hidalgo eta Olaizolak. "Oso konektatuta" daude eta sarritan egin ohi dituzten bideo deietako batean atera zen programaren ideia, hain zuzen interesgarria iruditzen zitzaien beraien artean hitz egin, kuestionatu edo hausnartzen dituzten gaiak telebista bezalako espazio batera eramatea, hots, telebistan gai horien inguruan modu natural eta zuzen batean hitz egin ahal izatea. Hala, saiakera akziora pasa zen eta teaser moduko bat sortu zuten ETBri aurkezteko. Asko gustatu eta urtebete geroago lehen saioa eman berri dute.

“Hiru emakume gara, gure imajinarioari tokia egiten. Ez soilik hiru aurpegi heteronormatibo, gure imajinarioa ez baita hain heteronormatiboa askotan”, dio Gaztañagak. "Askotan ikusi ditugu emakumeak aurpegi agerikoak bezala baina horren atzean dagoen imajinarioa agian ez femeninoa", gaineratu du. Hain zuzen, hori da ETBri egin nahi dioten ekarpena, garrantzi handia ematen diote iruditzen zaielako ez dela erraza horri toki bat egitea.

Gaztañaga, Hidalgo zein Olaizola orain arte gehiago ibili dira beste kode batzuetan eta telebistako proiektu bat izateak beste dimentsio bat ematen diola aitortu dute. Nahiz eta uneoro publiko aurrean aritzen diren, telebistan kokatzeak agerikoagoa izatea dakarrela sentitzen dute. Olaizolarentzat esaterako telebista izateak beldurtxo bat sortu eta pertsonalki horrek zerbait mugitu diola dio. Hidalgo bestalde, telebistan beti ibili da paper batean sartua, pertsonaiatik eta distantzia batetik, kasu honetan baina, ez dago distantzia hori eta prozesu handia izaten ari dela aitortu du, baina batik bat ikaskuntza bat orain zein etorkizun batean balioko diona. Gaztañagarentzat bere aldetik, uneoro ari da izaten gauzak egiteko "oso kapaz eta oso ezgauza" sentitzearen arteko borroka dantza bat. Bere imajinarioak balio duela eta funtzionatu dezakeela erakusteko modu bat. "Askotan paper konkretu batzuetan jarri behar duzu interesgarria izateko, baina zu zeu horrela agertuta baita ere interesgarria zara, hori ikasi dut esperientzia honetan", adierazi du.

Hiruak bat datoz konfort eremutik kanpo aritzea jolasa ere badela diotenean. Norbere beldur eta nagiak igarotzen dira eta halako batean egin egiten dela. "Badu parte abenturazale hori". Era berean, lehen aldia da hiru lagunak halako testuinguru batean elkartzen direna, kamara aurrean eta atzean. Hainbat hilabete eman dituzte dena prestatzen eta kamera aurrean jartzeko unea erronka handia izan da eta aldi berean ikaskuntza bat. "Harreman sano guztiek behar dituzte eduki elkarrizketa konplikatu eta deserosoak eta horregatik goaz aurrera", adierazi du Hidalgok. Hiru izateak ere ematen die egoera berdin baten aurrean, hiru sentitzeko modu ezberdin izatea, hiru pentsatzeko modu eta horrek ere aberasten duela bidaia uste dute.

Bestalde, abentura handiena eta ikasketa potoloena programa bera sortzea izan dela aitortu du Gaztañagak: "Abentura zerotik programa bat sortzea izan da, gure izaera eman eta saiakeran ez hiltzea". Hain zuzen, pantaila aurrean aurpegia emateaz gain zuzendari lanak ere egin dituzte hiru neskek eta aitortu dute oraindik ere deszifratzen ari direla nola izan zuzendari eta aldi berean gozatu. Karlos Trijueque eta TAOM ekoiztetxeko jendea dituzte bidelagun. Programen eskaletak eta ideia markatzea hiru neskek egin dute, gidoiak idazten aldiz, Kepa Errasti aritu da.

Hirukoteak Euskal Herriko eremu ezberdinak bisitatuko ditu autokarabana batean. TAOM

Aitzindari, hala nahi gabe

ETBrekiko eduki duten esperientzia, oso positiboa izan dela adierazi dute, beraien imajinazioari toki bat utzi dietelako. "Agian nahiago genuke denbora gehiago eduki izan bagenu, askotan ETBn lan egiteko erak oso azkarrak dira eta horrek ekoizleei halako presio handi bat jartzen die diru askorik ere ez dagoelako baina beraiekin eduki dugun harremana oso ona izan da, eman dizkiguten feedback-ekin ere nahiko ados egon gara gauza askotan", adierazi du Gaztañagak. Hasieran sortzaileek programa modu batekoa izatea nahi zutela eta komunikabidetik beldur puntu bat transmititu zietela ere aitortu dute. "Lehen saioaren aurrerapena ikusi zutenean konturatu ziren funtzionatzen duela eta aurrera jarraitzea erabaki zuten".

Halaber, alde horretatik ikusi dute agian badagoela gogo bat gauza berriak egiteko. Hori horrela, sentitzen dute eta eskertzen dute, bere horretan gure espazio propio bat sentitu izana. Hala ere, beraien iritziz honek egun ez luke izan beharko zerbait berria edo ezohikoa ETBn. "Telebista publiko bat den heinean apustua egin beharko luke, esperimentatu eta jendeari utzi pixka bat".

Programa estreinatu aurretik, sare sozialetatik matraka eman eta harrabotsa sortu zuten. "Hasieratik genuen oso argi sare sozialetan egon beharra, jendea sare sozialetan dago, espazio handia okupatzen dute eta konkistatu beharra genuen", dio Hidalgok. Beraien helburua jendeak Vikingak proiektua beraiek nortzuk ziren eta telebistako saio bat izango zela jakin gabe ezagutzea zen. "Lehenengo tokia egin nahi genuen eta gero esan nortzuk garen, zertara gatozen. Estrategia digital indartsu bat sortu genuen horretarako, apustu handi bat izan zen, oso ondo atera dena".

Halaber, sare sozialetan ikusi zenez eta misterioz beteriko gonbidapen batzuek iragarri bezala, festa giroko aurrestreinaldi bat ere egin zuten hilaren 15ean Getxoko autozinean gonbidatu bereziekin. Bertan lehen saioaren proiekzioa eskaini zen. "Oso argi genuen ez genuela nahi prentsaurreko soil bat, ezberdintasuna markatu nahi genuen". Hala, saio guztietan Getxoko autozinea presente egongo dela aurreratu dute eta bertan egin nahi izan zuten aurrestreinaldia "Hype-a sortu genuen, baina azkenean, gertuko jendearekin egoteko tartetxo bat izan zen", adierazi du Hidalgok.

Esperientzia ikaragarria izaten ari dela aitortu dute, eta esperientzia indartsu denek dauzkaten bezala bizipenak kaleidoskopio bat direla. "Denetik sentitzen da, hor dago bere edertasuna ere, bestela ez litzateke oso errealista izango egiten ari garena eta aldi berean oso erreala da", adierazi du Gaztañagak. Hala, nahiz eta fikzioarekin jolastu hor daudenak beraiek izanik espero dute hori publikoari iristea. Bestalde, halako espazio berriak irekitzeak espero dute etorkizun hurbil batean ezberdintasuna markatu eta aldi berean irekitzea ate bat telebistan beste sortzaile batzuentzako, beste proiektu berritzaile eta agian apurtzaileentzako. Betiko bidetik ez doazen proiektuentzako.

28/07/2022