Urtero bezala, abenduaren 3an ospatuko Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskaraldia martxan egongo da abenduaren 2ra, ostirala bitarte, eta aste honetan zehar hainbat eragileren artean antolatu diren ekimenak gauzatuko dira. Elkarlanean aritu dira Tolosako Udala, Galtzaundi Euskara Taldea, Harituz Bertsozaleen Elkargunea eta Altxa Burua taldea.
Tolosako kaleak, beste behin, ahobiziz eta belarriprestez bete dira euskarari bultzada eman eta erabilera indartzen jarraitzeko. Ostiralean amaiera emango zaio ariketa sozial honi eta larunbatean, Euskaraldiaren amaierarekin bat eginez, Euskararen Eguna ospatuko da.
Egitarauari dagokionez, asteazken honetan, 18.30ean, mahai ingurua izango da Tolosako kultur etxean. Hain zuzen ere, seme-alaben teknologia kontsumoari buruzkoa izango da. Pantailen eraginaren inguruan gogoeta egiteko saioa Pantailak Euskaraz ekimeneko Xabier Alkiza eta UEMAko euskara teknikari Garikoitz Goikoetxea izango dira hizlariak, Altxa burua taldearekin laguntzarekin.
Ostegunean, Jun ta bota! lagunarteko bertso-poteo inprobisatua izango da Tontokaletik 19.00etan hasita inguruko tabernetatik. Harituzeko kideez gain, gainerako bertsozaleek ere parte hartzeko aukera izango dute, bertsozaleen gozamenerako.
Ostiralean, aldiz, Nerea Arriolaren Mikrotik… bakarrizketa umoretsua iragarri dute, 19.00etan, kultur etxean. Bertan, umoregile ezagunak euskal hiztunen ahaleginak, penak, pozak, zalantzak eta bitxikeriak izango ditu hizketagai ikusleak egoeran jarri eta hausnarketa probokatzeko helburuz. Sarrera doakoa izango da.
Azkenik, larunbatean, 12.00etan, ekintza bitxia antolatu dute Triangulo plazan: euskarazko kantuen bingoa. Tolosaldeko herrietan antolatu den ekintza bateratua da bingo musikatuarena. Parte hartu nahi dutenek, kantuak asmatuz osatu beharko dute bingoa, saria eskuratzeko. Kartoiak egunean bertan egongo dira eskuragai.