"Batzuetan arazoek ez dute konponbiderik eta horrekin bizitzen jakin behar dugu". Arazo edo egoera baten aurrean jarraitu ohi den prozesuaz abesten du Etxekaltek 'Nor da norbera?' lanean. Unai Irisarri (ahotsa eta gitarra), Iker Etxebarria (bateria), Iñaki Olondo (gitarra eta koroak) eta Jon Andoni Juarez (baxua) bermeotarrek osatzen dute laukotea. "Gogoari eta pasioari esker" abiatu zuten proiektua 2015ean, 90eko hamarkadako musikaren eraginek erakarrita. Egun, Euskal Herria oholtzaz oholtza dabiltza zeharkatzen euren zuzenekoekin. CD formatuan argitaratu eta lau hilabetera, biniloan aurki daiteke Etxekaltetarren lana.
'Nor da norbera?' da zuen lehen lan luzea. Zeren inguruan abesten duzue?
Gure eguneroko bizitzaz zein egoera sozialei buruz hitz egiten dugu diskoan. Lan honetan, kontzeptu indartsu bat jorratu nahi genuen, arazo edo egoera batek eramaten duen prozesua, eta horri buruz egin dugu berba. Diskoan zehar, bai lirikoki eta bai musikalki atalak eman dizkiogu egoera horri. Lehenengo atala mina da, eta arazo edo egoera baten aurrean min hori adierazten dute lehen hiru kantek. Bigarren atalean, arazo edo egoera honen arrazionaltasuna bilatzen dugu, egoerari aurre egiteko edota zentzua bilatzeko. Hirugarren atalean, berriz, arazoari ez diogu inongo soluziorik topatuko, eta beraz, honen berrerortzea adierazten dugu. Izan ere, batzuetan arazoek ez dute konponbiderik eta horrekin bizitzen jakin behar dugu. Orokorrean, hainbat galdera egiten dizkiogu gure buruari, hortik dator diskoaren izenburua ere. Galdera horiei buruz hitz egiten dugu diskoan zehar, baina ez dago inongo erantzunik.
Ez da erraza izaten bakoitzaren estiloa definitzea, baina zer aurkituko dute entzuleek lan honetan?
Uste dugu lan honek taldearen izaeraren parte handi bat markatzen duela, baita gure alderik sentimentalena ere. Estiloari dagokionez, guk beti bideratu dugu gure musika rock arlotik, baina erro asko daude genero honetan eta inoiz ez dakigu ondo nola definitu, oso dinamikoa delako eta zati askoko kantak direlako. Baina gure eraginik handienak post hardcorea, rock alternatiboa eta popa dira.
LP formatuan atera duzue berriki 'Nor da norbera?'. Nolatan?
Orain arte diskoak besterik ez ditugu kaleratu eta uste genuen beste formatu bat ateratzeko garaia zela. Gainera, gaur egun CD fisikoa ez da asko saltzen eta biniloa da gehien kontsumitzen dena. Bazeuden biniloak eskatzen zizkiguten pertsonak.
Ikus-entzunezkoen aldeko apustua egin duzue. Gaur egun ezinbestekoa da talde batek bideoklipak izatea?
Eraikitzeko egon arren kantaren bideoklipa egin digu Arrigurik. Arriguri Euskal Herriko ikus-entzunezko talderik onenetarikoa da eta gure lagunak dira, herrikoak. Beste bideo guztiak visual album batean daude sartuta. Nerea Sutxartek eginiko lan zoragarria da, kanta bakoitzarekin egoera bat irudikatu eta denak bilduma batean sartu ditu. Bideo guztiak ikusita mood edo istorio batean murgiltzen zara.
Maiatzetik hogei bat kontzertu inguru eskaini dituzue. Zein izan da orain arteko bereziena?
Kontzertu bakoitzak bere puntu berezia du, noski, baina orain arte politena Bilboko Kafe Antzokian eskaini genuena izan dela esan dezakegu. Aste Nagusian jo genuen eta jendez beterik zegoen, gure familia eta lagunak barne, giro oso polita sortu zen. Gainera, Kafe Antzokia Euskal Herriko garitorik hoberenetarikoa dela iruditzen zaigu eta bertan jotzen genuen lehen aldia zen.
Zer ematen dizuete zuzenekoek? Asko prestatzen duzue performancea ala inprobisaziorako tartea uzten duzue?
Guretzako zuzenekoak taldearen gasolina dira. Jendearekin aurrez aurre egotea eta hurbiltasun hori sentitzea da gehien betetzen gaituena. Entseguetan zerbait prestatzen dugu zuzenekoetarako (set lista eta kanten enpalmeak), baina normalean momentuan sortzen dena gustatzen zaigu sentitzea. Ez dugu inongo speech-ik ezta espektakulurik aurrez prestatzen, garena gara, ez dugu inongo tranparik zuzenekoetan.
Habi taldearekin batera disko bateratua atera zenuten, pare bat kantarekin. Nola sortu zen elkarlan hori?
2019an ezagutu genuen elkar Durangoko Azokan, hortik aurrera konexio berezia sortu zen gure artean, pertsonalki eta musikalki, eta modu naturalean zerbait egiteko ideia azaldu zen. Euskal kulturaren eta eszenaren batasuna da kanta horien mezu garrantzitsuena.
Programatuta dituzuen kontzertuekin urtea bukatutzat ematen duzue? Hurrengo urtera begira asetu zarete ala gehiagoren bila zabiltzate?
Oraindik data gehiago ditugu iragartzeko, normalean gu "sobre la marcha" goaz. Urte hau 30 bat kontzerturekin nahi dugu amaitu eta datorren urtera begira, ahalik eta kontzertu gehien eta leku gehienetan jotzea da asmoa. Baita festibaletan eta Euskal Herritik kanpo ere.