Gasteizko Udaleko Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen Sailak hamar jarduera antolatu ditu Herritartasunerako Eskola Irekiaren ikasturte honetako hirugarren hiruhilekoko egitarauan. Izen-ematea izena asteazkenean irekiko da, martxoaren 19an, eta doakoa izango da.
Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak gogorarazi du Herritartasunerako Eskola Irekia "elkartzeko eta prestakuntza jasotzeko gunea" dela. "Helburua da herritarren motibazioa eta prestakuntza hobetzea eta areagotzea, udal kudeaketan eta hiriko bizitzan gero eta protagonismo handiagoa izan dezagun", azaldu du.
Horrela, ikasturteko hirugarren hiruhilekoko lehenengo jarduera apirilaren 2an izango da, Sergio Ezpeleta 'coach' eta unibertsitate irakaslearen 'Liderazgo con empatía: construyendo equipos sólidos y colaborativos' lantegiarekin. Simone de Beauvoir Elkarteen Etxean izango da.
Apirilaren 10ean, Jordi Armadans politologo eta kazetariak Construir la paz y resistir al militarismo en tiempos de guerra hitzaldia eskainiko du Europa jauregian, Garapenerako Lankidetzaren Udal Zerbitzuaren 'Fokuan' programarekin lankidetzan antolatuta.
Maiatzean trebeziak lantzeko bi eguneko lantegia egingo da "estereotipoak hautsiz komunikatzeko": maiatzaren 9an eta 10ean euskarazko saioak izango dira, eta 16an eta 17an gaztelaniazkoak. Gureiker taldeko Ainara Larrondok, Julen Orbegozok eta Simon Peñak prestakuntza integrala eskainiko dute genero ikuspegitik, adierazpen pertsonala eta profesionala sustatzeko tresnak erabiliz.
Maiatzaren 13an Arabako Artxibategira bisita egingo da, eta eraikina arratsaldez irekiko dute egun horretan ezohiko moduan. Arabako dokumentazio historikoa gordetzen eta zabaltzen da bertan.
Maiatzaren 14an hiriko auzo eta kaleen izenetan sakonduko dute Simone de Beauvoir Elkarteen Etxean, eta Elena Martinez de Madina aditua toponimiaren gakoak, mitoak eta denboran zeharreko bilakaera azaltzen saiatuko da.
Gorka Lopez de Munain Artearen Historian doktoreak La destrucción del patrimonio alavés en el siglo XX: el caso del convento de San Francisco hitzaldia emango du maiatzaren 20an, eta zine-forumak 'Who I am not' filma eskainiko du maiatzaren 22an sothoeraz eta ingelesez (jatorrizko bertsioa) eta gaztelaniazko azpitituluekin Florida zinema aretoetan.
Maiatzaren 28an El conflicto como oportunidad en la participación social izeneko solasaldia egingo da Las Terrazas de la Floridan, bertaratzen direnek kafe bat hartzen duten bitartean.
Azkenik, elkarteei zuzendutako atalean, Digitalización para el tejido asociativo gaiari buruzko saioa izango da ekainaren 11n.