Navarra

‘Hamar urte, hamaika dinamika’ proiektua abiatuko da Lesakan

Harriondoa kultur etxearen 10. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte Sorginxulo kultur bilguneak eta udalak
Sorginxulo kultur bilguneko eta udal ordezkariak Harriondoa atarian.

Aurten Harriondoa kultur etxeak lehen hamarkada beteko du martxan paratu zenetik. Urtemuga hori abiapuntu hartuta, Hamar urte Hamaika dinamika proiektua martxan paratuko du Sorginxulo Lesakako kultur bilguneak Lesakako Udalaren laguntzaz, urte osoan gauzatuko dena.

Proiektuak bi begirada nagusi izanen ditu. Lehena espazio eszenikoei egindako keinua izanen da, batez ere Harriondoari, aurten hamar urte beteko dituelako. Antolatutako emanaldien zati garrantzitsua bertan izanen da, baina herriko karriketan ere ez da jarduerarik faltako.

Bigarren begirada herriko kultura arloko talde eragileei zuzendua dago, hala nola: soinulari taldea, trikitixa taldea, txistulari taldea, dantzari taldea, bertso eskola, antzerki tailerra, abesbatzak, herriko banda, erraldoien taldea, elkarteak, eta bertze zenbait. Aspaldiko urteetan lanean ari dira, bakoitzak bere arloa sustatuz, bere bidea eginez. Hamaika dinamika beraz, Lesakako karrikak eta barrenak animatzen. Hau da Lesakari bizitza kulturala ematen diona egunerokoan, anitztasunaren isalada, eta guziak proiektu honen talde antolatzailearen parte dira.

Aipatutako bi begirada horiek osatzen dute Hamar urte Hamaika dinamika proiektua, hainbat emanaldiren bidez gauzatuko dena, bakoitzak talde eragile baten dinamika errepresentatuko duelarik. Horrela antzerki emanaldiak, bertso saio musikatuak, abesbatzak, dantza taldeak, erraldoiak, musika tresna desberdinen kontzertuak eta bertze sorpresa batzuk izanen ditugu ikusgai eta entzungai. Herriko eragileen eta talde profesionalen eskaintzak batera gozatu ahal izanen dira herrian.

Martxoaren 26an emanen zaio hasiera Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzerki lanarekin. Igandean 18:30ean izanen da Harriondoan, Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatro taldearen eskutik eta dagoeneko sarrerak eskuragarri daude lesaka.eus webgunean. Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias ariko dira taula gainean.

Urte osoko egitaraua

Ondoren etorriko dira Neomak taldearen trikitixa kontzertua, apirilaren 30ean, Anonyme Popular bertso emanaldia maiatzaren 7an, merkatu ttikia eta herriko eragileen azoka kulturala maiatzaren 27an, Kukai dantza taldearen Hnuy Illa emanaldia ekainaren 11n, Lesakako soinularien akordeoi jaialdia ekainaren 25ean, Lesakako erraldoien 75. urteurren jaialdia irailaren 9an, Nafarroako orfeoia eta Roques organoaren kontzertua irailean, oraindik zehaztu gabeko egunean eta Baztan Bidasoko Musika Bandaren kontzertua abenduan, oraindik zehaztu gabeko egunean eta urtean zehar osatzen, sortzen eta antolatzen ahal diren bertze emanaldiak.

Bertakoak eta bertara etorri nahi duen orok gozatzeko proiektua izan dadila nahi dute Sorginxulo kultur bilguneak eta Lesakako udalak eta horretan saiatuko dira.

Hamar urte

Harriondoa. Kultur Etxeak 10 urte beteko ditu aurten eta espazio eszenikoari keinu egin nahi dio proiektuak, baina karriketan ere ekitaldiak izanen dira.

23/03/2023