Zortzi ikuskizun eta hitzaldi bat izango dira ekainaren 24tik uztailaren 3ra arte ospatuko den Antzerki Astearen baitan
Ematen du atzo jaio zela baina zestoarren eta Urola bailarako bizilagunen artean an-tzerki zaletasuna sustatzeko sortu zen ZAA! Zestoako Antzerki Asteak hamarkada bat betetzen du. Aurtengo edizioa ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean ospatuko da, eta aurrekoetan bezala, egun horietan Zestoa euskaraz ekoiztutako antzezlanen plaza bilakatuko da.
Antzerki Astearen hamargarren edizioa ailegatzeko hilabete bat falta bada ere, antolatzaileek dagoeneko eman dute ezagutzera prestatutako egitaraua. Aurtengoan estilo ezberdineko zortzi ikuskizun eta Zergatik ez hitz egin Martinari buruz? izeneko hizketaldia izango dira Zestoan.
Iaz bezala, antzezlanak Zestoako industria gunean kokatuta dagoen Caravan Park-eko eraikinaren oholtzan taularatuko dira. Hori bai, Antzerki Eskolako haurren emanaldia kultur aretoan izango da ikusgai.
Datorrena X. Antzerki Asteari hasiera ona emateko Eromen Produkzioak konpainiaren Haykio antzezlanarekin gozatzeko aukera izango da ekainaren 24an eta 25ean.
Hurrengo egunean, berriz, Harriminak obrak hartuko du lekukoa; ekainaren 27an Bidaide antzezlana ikusi ahalko da eta 28an, LGBT+ egunaren bueltan, Zergatik ez hitz egin Martinari buruz? hizketaldia izango da.
Edonola ere, ez da atsedenaldirako denborarik izango eta egitarauak ekainaren 29an izango du jarraipena, Hiru Kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obraren emanaldiarekin.
Programarekin jarraiki, Lur ikuskizuna oholtzaratuko da ekainaren 30ean; uztailaren 1ean Zestoako Antzerki Eskolako haur eta gaztetxoen txanda izango delarik. Hauek Inork espero ez duena antzezlana taularatuko dute herritarren aurrean.
Egitaraua borobiltzeko Eresia obrarekin gozatzeko parada izango da uztailaren 2an; eta hurrengo egunean X. Antzerki Asteari amaiera emango dion Sexberdinak antzezlana ikusi ahalko da.
Ikuskizunetarako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Entradium.com Interneteko plataforman, eta gaurtik aurrera Zestoako Turismo Bulegoan ere. Hori bai, emanaldi guztietarako bonoak eta Haykio antzezlanerako sarrerak Turismo Bulegoan erosi ahalko dira bakarrik.
Sarreren prezioa, 8 eurokoa izango da helduen antzezlanetarako, 3 eurokoa haurren antzezlanetarako eta 10 eurokoa Haykio antzezlanerako. Bonoak, berriz, 42 eta 35 eurotan eskuratu ahal izango dira. l