Buscar
Bizkaia

Hasi da izotz ekologikoko pista eta txirrista instalazioa

Izotz-pista eta txirrista instalatuko ditu berriz Bilbok.
Izotz-pista eta txirrista instalatuko ditu berriz Bilbok.

Aurreko urteetan izandako arrakasta kontuan izanda, Bilboko Udalak berriz instalatuko ditu aurten izotz ekologikoko pista eta txirrista. Aurrekoetan bezala, Areatzan eta Erripako kaian kokatuko dira. Montaketa astelehen honetan, azaroak 14, hasi da. Horrez gain, haurrentzako karpa instalatuko da baita ere. Bestalde, Gabonetako Azokako 20 etxolek abenduaren 2an irekiko dituzte ateak.

Areatzako kaian izotz ekologikoko patinajeko pista egongo da, 800 metro karratukoa. Estatuan dagoen modalitate horretako pistarik handienetarikoa da, eta instalazioaren erdia estalita egongo da eguraldi txarrari aurre egin ahal izateko. Itsasadarraren beste aldean, Erripako kaian, sei erreiko txirrista handia jarriko da.

Sarrerak bertako leihatilan erosi ahalko dira instalazioa irekitzen denetik, baita on line ere, gaurtik aurrera, webgune honen bidez. Izotz-pistaren kasuan, 30 minutuz irristatzeko prezioa 3,5 eurokoa izango da (patinak barne) eta 2,5 eurokoa familia ugarientzat; txirristaren prezioa, berriz, 2,5 eurokoa izango da pertsonako, eta erreietatik hiru aldiz jaisteko aukera egongo da. Talde-erreserbak (20 pertsona baino gehiago) egiteko, mezu elektroniko bat bidali behar da honako helbide honetara: reservasgabonak@proasur.com. Talde-erreserbei buruzko kontsultak egiteko deitu 630988484 telefono-zenbakira astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara.

Instalazio horiek erabiltzeko ordutegia honako hau izango da: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Ikastetxeetan eskolak dauden bitartean ordutegia arratsaldekoa baino ez da izango, 16:00etatik 20:30era.

Bi azpiegiturak Xtraice nazioarteko enpresak diseinatu ditu, izotz ekologikoaren fabrikazioan eta banaketan aitzindaria denak. Materialak berritzaileak, abangoardistak eta jasangarriagoak dira, eta ur izoztuko pista batean irristatzearen sentsazioa imitatzen dute. Produktu horrek ingurumena errespetatzen du, eta % 100 birziklagarria da. Apustu honekin Bilboko Udalak ur eta elektrizitate asko aurreztea lortuko du, eta atmosferara CO₂ tonak emititzea saihestuko da.

Haurrentzako karpa: "Gabonetako ametsen faktoria"

Erripako kaian, gainera, 0 eta 12 urte bitarteko haurrek aukera izango dute tailerrak egiteko, Olentzerorentzako eta Errege Magoentzako gutunak postontzian uzteko, ludotekaz, labirintoaz eta argazki-erakusketaz gozatzeko eta abar. Hori guztia 450 metro karratuko «Gabonetako Ametsen Faktoria» karpan.

Izotz ekologikoko pista eta txirrista bezala, karpa 16:00etatik 20:30era egongo da irekita eskolak dauden bitartean, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era asteburuetan, jaiegunetan eta Gabonetako oporraldian. Jardueretan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea, karpan bertan edo datorren ostiraletik, azaroak 18, aurrera esteka honetan.

#BilbaoGabonak proiektua

Jarduera horiek guztiak #BilbaoGabonak proiektuaren parte dira. Proiektu horrek Gabonetan garatuko diren eta datozen egunetan iragarriko diren jardueren programa zabala hartzen du barne. #BilbaoGabonak proiektuaren bidez hiribildua erakargune garrantzitsu bihurtzeko eta Gabonetan ere aisialdirako eta kulturarako erreferentzia izateko helburua indartu nahi da.

2022-11-15T14:22:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo