Ander Deunaren jaietako lehen asteburua gogoz eta ilusioz bizi izan zuten ormaiztegiarrek. Nahiz eta ez zion euria egiteari utzi, festa giroa protagonista nagusi izan zen jende artean. Bigarren txanda hasi berri da, eta nahiz eta hotza nagusi den ere, ez da ormaiztegiarrik geratzen festez gozatu gabe.
Ostiral honetan, azaroaren 25ean, ofizialki hasi ziren Ormaiztegiko Ander Deunaren jaiak, eta hilaren 30era arte luzatuko dira. Kalejira, dantza erakustaldia, DJak, eta kontzertuak izan ziren udalerriko txokoetan. Larunbatean, berriz, mozorro eguna izango da: txarangaz, erromeriaz eta elektrotxarangaz gozatu ahal izango dute, besteak beste, ormaiztegiarrek zein bertaratuko guztiek. Mozorro hoberenak saritu egingo dira.
Igandean, aldiz, 36. Odolkiaren Festa ospatuko da. Aurten, Koldo Lasa sukaldariari emango zaio Urrezko Odolkia, lehiaketa honen hastapenetan egindako ekarpenarengatik eta urtez-urte herriko ekitaldi garrantzitsu honetan egindako epaimahaikide lanagatik. Bestalde, astearten, helduen danborradaren txanda izango da.
Jaietako azken eguna, egun handia izango da udalerrian; Ander Deunaren Eguna, Ormaiztegiko zaindariaren eguna, hain zuzen ere. Juan Mari Cuadradori, Heliodoro Etxeberriari eta Jose Benito Esnaola Lakari eskertza egingo zaie, herriko kultur ardueretan egindago ekarpenarengatik.