Buscar
Bizkaia

Hauek dira Bizkaiko Foru Aldundiaren ondoen baloratutako jarduketak

Imanol Pradales inkesta aurkezten
Imanol Pradales inkesta aurkezten

Asteazken honetan goizean, abenduak 28, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek foru-bide sarearen egoerari buruz egindako inkestaren datuak azaldu egin ditu. Erabiltzaileek 7,801 puntuko batez besteko nota eman diote egoera orokorrari.

"Garrantzi handia ematen diogu inkesta horri; izan ere, erabiltzaileek bide-sarean baloratzen dituzten alderdiak jakitea ahalbidetzen digu. Hobetu beharreko alderdiak antzematen laguntzen digu. Halaber, oso garrantzitsua da lurraldeko gune bakoitzera hurbiltzea ahalbidetzen digula, eskualde bakoitzean sortzen diren beharrizanak eta erabiltzaileek saileko proiektu berriei ematen dieten balorazioak ezagutu ahal ditugulako", azaldu du Pradalesek.

Bidesarea plana

Sarea hobetu eta modernizatzeko Bidesarea planak 7,69 puntuko nota jaso du. Lurralde osoan egindako jarduketen gaineko egokitasunari buruz galdetu da inkestan. Ondoen baloratutako jarduketen artean honako hauek nabarmendu dira:

  • 9,11 La Herrera eta Las Pedrajas (Zalla) arteko bizikletetarako nahiz oinezkoentzako bidezidorra
  • 9,01 Gurutzetako Ospitalerako sarbideak Ezkerraldetik
  • 8,85 Gurutzetako gurutzagunearen laugarren erreia
  • 8,45 Itsasadarreko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko zubia
  • 8,31 Santo Domingoko errepidean (Galbarriatu) bigarren erreia
  • 8,23 Errei berria Kanpazarrera igotzeko zatian
  • 8,15 Jarduketa BI-631 Bidebieta eta Sollubeko gainean

Bidesariak erabiltzea eta gastu-muga AP-68 autobidean

Bidesariak ezagutu eta erabiltzeari dagokionez, 2022an igo egin da horiek erabiltzen dituztela ziurtatzen duten gidarien portzentajea (lehen % 42,7 zen eta orain % 46,3). Eskualdeka, Durangaldea eta Lea Artibai dira baiezko erantzuna eman dutenen artean portzentajerik handiena duten guneak: % 73,3 eta % 62,9, hurrenez hurren.

AP-8 autobidea gehien erabiltzen dena da: % 67,4. Halaber, Durangaldea, Arratia/Amorebieta eta Lea Artibai nabarmentzen dira inkestaturiko pertsonen artean hori erabiltzen dutela diotenen artean, portzentajerik handienarekin (% 98,6 Durangaldea, % 91,7 Arratia/Amorebieta eta % 81,8 Lea Artibai).

Supersur errepidearen kasuan, portzentajerik handienak izan dira Enkarterrin, Ezkerraldean eta Nerbioi-Ibaizabalen. Aipatzekoak dira ere Artxandako tunelak - UribeKosta/Mungialdea (% 42,2) eta Busturialdea (% 30,8).

2022ak berrikuntza gisa ekarri digu urriaren 1ean gastu-muga ezartzea AP-68 autobiderako. Diputatuak orain arte egon diren onuradunen datuak eman ditu. "Azaroan, sisteman alta emanda zeuden 1.572 gidarik gastu-muga gainditu zuten. Itzulketa 65,65 eurokoa izan da, batez bestean".

Supersur errepidea

Supersur errepidearen gaineko balorazio orokorra pixka bat igo da, 6,71 puntu lortu arte. Bere horretan mantentzen da azpiegitura horren eta AP-68 autobidearen arteko konexioaren egokitasunaren gaineko iritzia: hamar pertsonatik zazpik uste dute konexio bat behar dela Hegoaldeko Saihesbidearen eta AP-68 autobidearen artean.

Itsasadarraren azpiko tunela

Errontegiko zubiaz gain, beste alternatiba bat behar dela galdetzerakoan, Bizkaiko errepideetako erabiltzaileek 7,9ko puntuazioa eman dute. Zifra hori 8,5koa izan da Ezkerraldean. Horrez gain, inkestaturiko pertsonen % 84,3k uste dute itsasadarraren azpiko tunela lagungarria izango dela Bizkaiko zirkulazioa arintzeko, eta portzentaje hori % 90,8koa da Ezkerraldean.

Sestao eta Areeta artean tren-anezka bat jartzeari dagokionez, inkestaturiko pertsonek 7,98ko nota eman zioten proposamenari.

Mugikortasun berria

Mugikortasun berriko atalari dagokionez, aurten jasangarritasunari eta erabilera berriei lotutako hainbat ekimenei buruz galdetu zaie errepideetako erabiltzaileei.

Horiek horrela, 2023an N-240 eta BI-625 errepideetan salgaiak garraiatzeko erabiliko den ordainketa-eredu berriari dagokionez, ikusi da oso baxua dela neurri horren gaineko ezagutza orokorra (% 14,2). Izango dituen ondorioei dagokienez, galdetutako pertsonak honako hauekin ados daude: bigarren mailako errepideak ez hondatzen lagunduko duela, Arratia, Txorierri eta Kanpazarren kamioien trafikoa eta istripuak murriztuko dituela, eta kostuak nahiz denbora aurreztuko direla sektorean.

"Ildo beretik, garraioaren sektorea laguntzeko xedez ezarri diren azken neurriak aztertu nahi izan ditugu, bai eta ibilgailu eraginkorragoekin mugikortasun jasangarriagoa lortzen lagundu ere: bidesarien tarifa % 10 murriztu izanak batez besteko 7,54ko puntuazioa lortu du, flota modernizatzeko renove planak 7,85, eta ibilgailu eraginkorrenetarako bidesarien deskontuek, berriz, 7,93", adierazi du Imanol Pradalesek.

Covid gaitzak garraioa erabiltzeko ohituretan aurten izandako eraginari dagokionez, azpimarratu beharrekoa da igo egin dela azken urtean beren ohiturak aldatu ez dituztenen pertsonen kopurua (lehen % 75,4koa zen eta orain % 87,1ekoa).

2023-01-01T13:22:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo