Gipuzkoa

Haur eta gazteei zuzendutako Euskararen Hilabetea antolatu da Irunen

Eskola orduetan egingo den ekimenak hiru jarduera nagusi izango ditu: antzerkia, Irunero aldizkariaren bi zenbaki berezi plazaratzea eta Mintzodromo Gaztea
Maialen Pikabea euskara teknikaria eta Josu Iguiñiz ordezkaria.
Maialen Pikabea euskara teknikaria eta Josu Iguiñiz ordezkaria. / N.G.

Actualizado hace 3 minutos

Gaur hasita eta apirilaren erdira arte, haur eta gazteei zuzendutako Euskararen Hilabetea egingo da Irunen. Eskola orduetan egingo den ekimenak hiru jarduera nagusi izango ditu: alde batetik, ikasleak antzerkiak ikustera joango dira Amaia Kultur Zentrora. Bestetik, haien sorkuntza lanak bilduko dituen Irunero aldizkariaren bi zenbaki berezi plazaratuko dira, eta, azkenik, Mintzodromo Gaztea egingo da Palmera Montero Gunean.

Josu Iguiñiz Euskara ordezkariaren hitzetan, "hizkuntza ohituretan eragitea ezinbestekoa da euskara sustatu nahi baldin badugu. Hori dela eta, programa honen barruan gazteentzako jarduerak antolatu ditugu, haien ikastetxeetan, lagunen artean, kirolean, gurasoekin eta aisialdiko orduetan euskeraren erabilera bultzatzeko".

Gainera, Iguiñizek herritar guztiei luzatu die euskara erabiltzeko gonbidapena, datorren hilean gazteek egingo duten bezala.

Antzerkiak Amaia Kultur Zentroan

Antzerkien programa gaur bertan hasi da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako gazteei zuzendutako Txalo Produkzioak taldearen 'Amak' antzezlanarekin.

Bestalde, bihar eta etzi Zuhaitz Gurrutxagak 'Futbolistok' bakarrizketa eskainiko du Derrigorrezko Biharren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako gazteentzat.

Haur Hezkuntzako egitarauari dagokionez, Eidabe Ekimen Kulturalak konpainiak 'Amama' antzezlana eskainiko du martxoaren 18, 19 eta 20an.

Bukatzeko, apirilaren 2 eta 3an, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleen txanda izango da eta Anodino Teatroak 'Mamuak' izeneko obra taula gainera ekarriko du.

Irunero bereziak

Ikasleen sorkuntza lanei ikusgarritasuna ematea helburu hartuta, Irunero aldizkariaren bi zenbaki berezi plazaratuko dira. Batak, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako laugarren maila bitarteko ikasleen lanak biltzen ditu; besteak, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitartekoenak. Hauek formatu digitalean argitaratuko dira.

Mintzodromo Gaztea Palmera Montero Gunean

Bestalde, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako gazteei zuzendutako Mintzodromo Gaztearen beste edizio bat antolatu du Euskara Zerbitzuak Mondragon Unibertsitateko ikasleen gidaritzapean. Saioak martxoaren 14an eta 21ean egingo dira Palmera Montero Gunean, eta hitzordu horietan beste institutuetako ikasleekin hainbat gaien inguruan euskaraz egiteko aukera izango dute gazteek.

Laburbira Irunen

Euskararen Hilabetearen testuingurua aprobetxatuz, Laburbira euskarazko film laburren zirkuito ibiltariak geldialdia egingo du Irunen apirilaren 9an. Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan egingo dira proiekzioak, 19.00etan hasita, eta hauek izango dira aurkeztuko diren lanak: 'Prosopagnosia' (Ekain Martinez de Lizarduy), 'Plazer bat' (Sonia Estevez), 'Betiko gaua' (Eneko Sagardoy), 'Europa' (Ekain Irigorien), 'Pentsatzen dut' (Alaia Martin Mitxelena eta Uraitz Mateo), 'Hor konpon' (Jone Arriola), 'Goodbay kepler' (Nerea Ayala) eta 'Utlandsk' (Alba Lozano).

2025-03-12T18:13:27+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo