Uriko haurrei eta gazteei bideratutako ekimen berri bat jarri du martxan Azkuna Zentroak, 'Arkitektura Goiztiarrak' erakusketaren testuinguruan antolatutakoa: 'Del plano al volumen' izeneko maketa-jokoa.
Haurrei eta familiei zuzendua, erakusketa honen hezkuntza-programaren parte da, eta Isidoro Valcarcel Medinaren unibertsora hurbiltzeko modu sortzailea da. Gerturatzen direnek "Arkitektura Goiztiarrak" erakusketako arkitektura- eta urbanizazio-proposamenetan oinarritutako maketa-kitak izango dituzte.
La Casa del Vaciok diseinatutako jarduera modu autonomoan edo kolektiboan egin daiteke, eta inguruaren behaketatik abiatuta jakin-mina, irudimena eta jarrera kritikoa pizteko pentsatuta dago. Maketa bat eraikitzen ikastearekin batera, gogoeta egin daiteke familian: Zer elementu behar dira eraikin bat eraikitzeko? Zein da eraikuntzen funtzionaltasuna? Nola antolatzen da hiriko espazio publikoa? Zer eraikin berri imajina genezake?
Kitak Lantegia 1, AZ Info edo Mediateka BBKn daude eskuragarri eta maketa kolektiboa BAT Espazioa erakusketa aretoan.
La Casa del Vacío
La Casa del vacío arte- eta arkitektura-eskola da, eta museo, antzoki, ikastetxe, kultura-etxe eta jaialdietan lan egiten du 2011tik, hezkuntza-proiektuak eta instalazioak egiten.
"Arkitektura goiztiarrak"
“Arkitektura Goiztiarrak” erakusketak Valcárcel Medinak 1984 eta 1992 artean egindako urbanizazio eta eraikuntza-proposamenen bilduma osatzen dute. Proposamen horien helburua, bere hitzetan, «Hiri-espazioko errealitate berehalakoaren eta ustez hura eratzen duten egituren artean dagoen erabateko kontraesana agerrarazteko asmoz».
Lehen begiratuan, piezek arkitektura-planoak dirudite, dagozkien soluzio teknikoekin, garai hartan egiten ziren hainbat eraikinen antzekoak diren eskuz egindako marrazkiekin. Tituluak arretaz irakurtzen hasiz gero, ordea —Torre para suicidas, Edificio para parados, Colonia de chabolas… (Suizidentzako dorrea, Langabeentzako eraikina edo Etxola saila)— antzematen da ez direla ohiko proiektuak, proposamen kontzeptualak edo eginezinak direla, ez eraiki ezin direlako, baizik eta bideragarriak izateko beste garai eta pentsamolde bat beharko lituzketelako, Hau da, «goiztiarrak dira».
Erakusketa proiektu horietako hogeita hamar inguruk osatzen dute, eta artista eta arkitektoak arkitekturak beste bizimodu batzuk edo espazioen beste erabilera batzuk proposatzeko duen gaitasuna erakusten du, arlo politikoan eta gizartean eragina duten eztabaidak ahalbidetuz.
90eko hamarkadan seriea bukatutzat eman ondoren, erakusketa aukera paregabea da proiektu horiek guztiak ikusteko, batzuk gaur egun hain indarrean daudenak, eta artista honen beste alderdi bat ulertzeko: arraroa, diziplinarik gabea eta murriztezina, dibertigarria, benetakoa eta sakonki urratzailea.
Proiektua osatzeko, “Arkitektura Goiztiarrak” argitalpena argitaratu da, Isidoro Valcárcel Medinak hirigintzari eta arkitekturari buruz asmatutako proiektu guztiak eta Ernst Neuferten artistak “El Arte de proyectar en Arquitectura” izeneko lanaren erreplikak biltzen dituena. Argitalpena dendAZ dendan, Azkuna Zentroaren dendan eta webgune honetan dago salgai.
Irakurketa saioak terrazan haurrentzako
Mediatekak, 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat, saioz saio eraldatzen diren hainbat hizkuntzatan zehar bidaia egitea proposatzen du. Kontakizun laburretik edo ipuinetik, gidoitik pasatuz eta antzezlan batekin amaituz.
Uztaila eta abuztua bitartean Azkuna Zentroko terrazan egiten diren saio horietan, kontakizun laburra edo ipuina lantzeko eta ahoz sortzeko prozesu bat gauzatzen da, ondoren zinemako gidoi bihurtzen dena eta, funtzioen banaketa baten ondoren, prosazko edo bertsozko antzezlan bat izatera irits daitekeena.
Sarrera librea, aldez aurretik izena emanda. Saio esklusiboak AZ Txartela duten pertsonentzat. Asteartero, uztailetik abuztura. 11:30-12:30.
Txikiteka. Sorkuntzarako uda
Txikitekan, familiek eta 0 eta 12 urte arteko neska-mutilek liburuak partekatzen eta haiekin esperimentatzen dute, eta haurrak lehen irakurketak egitera hurbiltzen dira, literaturaren mundura, bai eta komikiaren eta bideo-jokoen arlora ere.
Saio horiek uztaila eta abuztua bitartean izango dira, astelehen goizetan (12:00etatik 13:00etara) eta asteazken arratsaldeetan (18:00etatik 19:00etara).
Sarrera librea aldez aurretik izena emanda: gehienez hiru saio pertsona bakoitzeko. Saio esklusiboak AZ Txartela duten pertsonentzat.