Lezamako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak haur literaturako Mikel Zarate lehiaketaren 15. edizioa antolatu dute, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, "euskal kulturaren alde lan itzela" egindako lezamar idazlearen gomutaz, eta ireki dute lanak aurkezteko epea.
Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte) euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.
Lehiaketan parte hartzeko, gutxienez 18 urte izan beharko dituzte parte hartzaileek, eta idazlanek gutxienez 25.000 eta gehienez 100.000 karaktere izan beharko dituzte, hutsuneak barne.
Bi dokumentu bidali beharko dira udala@lezama.eus helbide elektronikora: batean, idazlana bera, egilearen inongo daturik gabe, eta bestean, idazlanaren izenburua eta egilearen datuak, hau da, izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa. Lanak hartzeko azken eguna apirilaren 30a iuzango da.
Leire Bilbao Barruetabeña, Maribel Aiertza Rementeria eta Xabier Mendiguren Elizegi idazleek osatutako epaimahaiak maiatzaren 31rako hartuko du erabakia. 4.000 euroko sari bakarra emango da (zenbateko gordina), eta epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez balego saririk ez litzateke emango.
Elkarrek argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hilabeteko epean, behar diren marrazkiez horniturik. Alabaina, idazlea izango da lanaren jabea eta ohiko moduan ordainduko dizkio argitaletxeak egile eskubideak.