Udalak, asteburu eta jai egunetan herriko haur txikiak beren familia edo arduradunekin egoteko gunea egokitu du kiroldegian. Ostiralean ireki zituen ateak eta proba gisa, martxora arte izango da erabilgarri.
Kiroldegian egokitutako gunea guraso edo arduradunak haurrekin edo haurrek haurrekin jolasteko gunea da; eta ostiral arratsaldeetan (17.00etatik 19.00etara) zein larunbata eta igandeetan (11.00etatik 19.00etara) izango da irekita. Gainera, Gabonetako oporraldian (abenduaren 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra) egunero egongo da irekita; 11.00etatik 12.30era eta 17.00etatik 19.00etara bitartean.
Leire Goenaga Hezkuntza zinego-tziak “behar bati erantzunez” egokitu dela gunea zehaztu du: “Herrian haurrekin goxo egoteko gune estalien falta nabaria da negu partean, eta hu-tsune horri erantzun asmoz egokitu dugu eremu hori”.
Gune berria 0-8 urte bitarteko haurrentzako izango bada ere, epe oso laburrean, 8 urtetik gorakoentzako beste gune bat abiatuko dutela ere aurreratu du: “Haurren kontseiluaren baitan, gaztetxoek ere elkarrekin egoteko eta jolasteko gune baten beharra adierazi ziguten, besteak beste, eta eskariari erantzuna emango diogu laster”.
Haur gunean ez da hezitzailerik edo zaintzailerik izango eta haurrek guraso edo arduradun batekin joan eta egon beharko dute; heldu bakoitzeko gehienez ere lau haur sartu ahalko dira. Jolas eremuan ezingo da jan eta edan eta erabiltzaileen ardura izango da materialaren erabilera egokia egitea eta gunea garbi mantentzea.
Kirol Patronatuko bazkideek doan izango dute sarrera; gainontzekoek 2 euro ordaindu beharko dute. Sarreran erregistratu egin beharko da eta guneak aforo mugatua izango du.