Gipuzkoa

Haurren gurasoentzako hiru hitzaldi, Ordizian

Lehenengo saioa ostegun arratsaldean izango da, D’elikatuzen
Ainhoa Jimenez zinegotzia, eskuinaldean, Udaleko kide eta formakuntzako kartelarekin. | ARGAZKIA: N.G.

Iazko harrera ona ikusita, Ordiziako Udaleko Gazteria Departamentuak, Foru Aldundiaren laguntzarekin, Treba Gurasoak programaren baitan biltzen diren beste hiru hitzaldi antolatu ditu. Gurasoei zuzendutako saioak dira, eta haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko helburua dute, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz.

Formazio hau eratzeko gurasoen behar eta nahiak kontuan hartu dira, izan ere, pasa den urtean, zein gai eta formatu gustatzen zitzaizkien galdetu zitzaien. Hori horrela, aurten bi hitzaldik eta tailer batek osatzen dute programa.

Haurren emozioen laguntzaileak: nola zaindu seme-alaben emozioak izango da lehenengo saioa. Urtarrilaren 19an, ostegunean, eta otsailaren 26an eskainiko da, arratsaldeko 17.00etatik 19.00etara, D’elikatuzen. “Seme-alaben emozioek eguneroko bizitzan duten garran-tzia nabarmentzeko eta tresna emozionalak eskuratzeko, familian sor daitezkeen arazo eta gatazken aurrean erabiltzeko baliagarria izango da formakuntza. Hori guztia metodologia dinamiko batekin landuko da”, azaldu du Ainhoa Jimenez zinegotziak. “Haurrekin hezkuntza emozionala landu nahi bada, lehenik helduok egin behar dugu, emozioak gure inkontzientetik datozelako, eta, beraz, ezin ditugulako landu ikasketa teoriko batekin bakarrik. Teorian oinarrituta, kasu praktikoak landuko dira, emozioak lantzeko hunkitu egin behar baita”, gehitu du Jimenezek. Hori guztia Donna Apellanizek, adimen emozionaleko irakaslea eta terapeuta emozional sistemikoak, irakatsiko du.

Tailer hau euskaraz eskainiko da eta 12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako dago. Aldez aurretik izena ematea gomenda-tzen du Udalak, https://labur.eus/4Amhu estekan, edo 943 805 634 edo 682 171 122 zenbakian.

Jarraipena

Bigarren saioa otsailaren 14an gauzatuko da, Barrena Kultur Etxean. Sexualitatea izango da landuko den gaia, Zer egin dezakegu gure haurrek sexualitate aske eta osasuntsua izan dezaten hitzaldiaren bitartez. Eider Goiburu hezitzaileak gidatuko du 17.30ean hasi eta 19.00etan amaituko den formakun-tza-saio hau.

Hirugarren eta azken saioa, bullyingaren ingurukoa izango da: Nola sortu ingurune seguruak bullying egoera minimizatzeko. Martxoaren 23an garatuko da programaren azken zati hau, Barrenan, 18.00etatik 19.30era.

18/01/2023