Cultura

Hausnarketa eta arrazionaltasunerako espazioa

Disko berria kaleratu du martxoan Mocker’s taldeak: ‘Argi egin’. Datozen hilabeteetan hainbat kontzertu eskainiko dituzte durangarrek Euskal Herrian zehar. Orain dela hamabost urte sortutako proiektua eten egingo dute ondoren
Argazkian, Mocker's taldeko hiru kideak.

Argi egin izeneko lana argitaratu berri du Jon Garcia, Asier Elias eta Ritxi Blancok osatutako Mocker’s taldeak. Aurreko proiektuarekin egin zuten bezala, Curro Urebak grabatu eta nahastu du Trafalgar Estudioetan (El Palmar, Cadiz) eta Wim Bultek (Motorpsycho) masterizatu du Inline Masteringen (Herbehereak). Martxoan argitaratu dute lana, eta dagoeneko hasiak dira kontzertuak eskaintzen.

Ibilbide luzea du hirukoteak, izan ere, orain dela hamabost bat urte sortu zuten taldea, Durangoko institutuko ikasleak zirenean. Azaldu dutenez, bizitzako mugarri asko elkarrekin bizitzeko aukera eman die musikak: “Talde bat baino, benetako hiru lagunek betiko izango dugun lotura da Mocker’s”. Horrez gain, diotenez, bertako zein atzerriko hainbat plazetan jotzeko, musika sortzeko, barrenak husteko eta pertsona “zoragarri” asko ezagutzeko abagunea ere eman die taldeak: “Oso zorionekoak sentitzen gara horregatik guztiagatik”. Ibilbide luze hori etetea erabaki dute orain, bizitzaren gorabeherek ez baitie beste aukerarik eman. Baina aurretik, diskoa sortu eta hura aurkezteko hainbat kontzertu eskainiko dituztela iragarri dute.

Zalantza eta krisiei aurre

2019an argitaratu zuten Oreka ahula diskoa, bizitzak sortzen dituen “ezinegonekin” egindako solasaldi bat izan zen, “talka” bat. Oraingoan, aldiz, letra baikorragoak sortu dituztela kontatu dute, aipatutako “ezinegon” guzti horien “asimilazio prozesutik” ateratakoak: “Disko honek, hutsunetik bada ere, zalantza eta krisiei aurre egiteko aukera dagoela esan nahi du, betiere norberaren baitan sortzen den prozesu kontziente eta arrazional batetik hasita. Bidea egiteko aukera dagoela azaltzen du, eta hori egiteko erantzukizuna dugula, bizitzak ez baitu itxaroten”.

'Argi egin' diskoaren azala. Smoke Signals Studio

Iraupen luzeko hiru abestiz osatutako lana da argitaratu berri dutena: Inertziari (5:23), Argi egin (6:05) eta Kontraesanaren laudorioa (10:08). Guztira, beraz, 22 minutuko bidaia eratu du taldeak. Adierazitakoaren arabera, hamabost urteren ostean, “Mocker’s garaikidea deneko erretratua topatu daiteke diskoan, ez bakarrik musikari dagokionez, testuei erreparatuta ere”. Aurreko lanetik aldaketak nabaritu daitezkeen arren, oinarria mantendu du taldeak.

Ahots melodia markatuak

Argi egin diskoan jorratu dutenaren zimenduak orain dela lau urte kaleratutako lanean ezarri zirela azaldu dute Durangoko musikariek, abesti luze eta garapen instrumental “nabarmenarekin”. Oraingo proiektu honetan, oinarri instrumentalaren jorratze horri ahots melodia “oso markatuak” gehitu dizkiote eta, diotenez, disko garaikideagoa irten dela esan daiteke: “Funtsean riff eta erritmo pisutsu, progresibo eta ahots melodikoen arteko sinbiosia litzateke”.

Lan honen bitartez beraien musika beraientzat zer den azaldu nahi dute: “Hausnarketarako eta arrazionaltasunerako espazioa”. Horrez gain, adierazi dute abesti luzeak askotan “dastatu” behar direla erabat disfrutatu ahal izateko, baita testuetan plazaratzen diren “grina” guztiak ere: “Guztia iragankorra eta azkarra den mundu garaikide honen kontrako dike baten antzera”.

Gero arte luze bat

Sortutako lana jendarteari aurkezteko, oholtza gainera igoko dira hiru musikariak datozen hilabeteetan. Oso gogotsu azaldu dira eszenatokietara salto egiteko, diotenez, hori baita finean taldearen desioa “abestiak sortu, zuzenean defendatu eta disfrutatu ahal izateko”. Zuzenekoak emozio handiz egiten dituztela ere esan dute, beren hitzetan: “Intentsitate altuz bizitzen ditugu kontzertuak eta gainera, kontzertu sorta hau berezia izango da guretzat, denbora batean eman ahal izango ditugun azkenak izango direlako”. Izan ere, orain dela hamabost urte sortutako proiektua eten egingo dutela iragarri dute. Azaldu dutenez, uztailetik aurrera bizitzaren aferek bata bestearengandik geografikoki urruntzea ekarriko dute, eta ezinezkoa egingo zaie taldearen dinamika mantentzea. Hortaz, zikloa ixtea beste aukerarik ez zaie geratu. Dena den, eten hori gero arte bat izatea espero dutela diote, eta bizitzak berriz elkartzeko aukera ematea.

28/03/2023