Beste urte batez, egitarau zabalarekin helduko da AEK-k antolatutako Korrika Kulturala. Aurtengo emanaldien artean daude, besteak beste, Ruper Ordorikaren 'Hautsi da Anphora' ikuskizuna, Loraldia Festibalarekin elkarlanean, eta 'eRRe' eta 'Antigone' antzezlanak ere.
Asteazken honetan aurkeztu dute Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunak 22. edizioko Korrika Kulturala Derion, Baserri Antzokian, hainbat artistaz lagunduta. Hiru urteko etenaren ostean, aurtengoa "trantsiziotzat" dute, Amondok azaldu duenez; izan ere, hemendik aurrera AEK-k eskainitako kultur sorkuntzarako bekaren inguruan garatuko da. "Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia bekarekin taxutuko dugu. AEK-k lan bat sarituko du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute", azpimarratu du.
Urtero lez. Loraldia Festibala izango da, beste behin ere, Korrika Kulturalaren bidelagun, eta "Hautsi da Anphora" ikuskizuna beren aurtengo ediziorako proposamena. Ruper Ordorikaren azken proiektua dugu, Bernardo Atxaga eta Mugalaris taldearekin elkarlanean egina. Prentsa-agerrialdian Amaia Ocerin Loraldia Festibaleko ordezkaria ere egon da; eta, aurreratu duenez, Euskal Herriko sei udalerritan ikusi ahalko da "Hautsi da Anphora": Senperen, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Gasteizen eta Oreretan.