Buscar
Navarra

Hazi berriei esker, Baztandarren Biltzarra loratuko da aurten ere

Jende berriak elkartean parte hartzeko konpromisoa hartu du eta orain arteko kide batzuekin batera antolatuko dute
Baztandarren Biltzarraren loraldi berriaren albistea partekatu zuten prentsa agerraldian.
Baztandarren Biltzarraren loraldi berriaren albistea partekatu zuten prentsa agerraldian.

Azkenean bai, baztandar guztiak batzen dituen Baztandarren Biltzarra besta ospatuko da aurten ere. Izan ere, elkartearen deiari erantzunez, hainbat lagunek agertu dute prestutasuna antolaketa lanetan aritzeko, beraz, uztailaren 16an, berriz ere milaka lagun elkartuko dira Elizondon baserritar jantziak soinean, Baztango hamabortz herriak biltzen dituen besta ederrean.

Pozez jakinarazi zuten ortzirale ilunabarrean Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek bestaren jarraipena bermatua dagoeneko albistea prentsaurreko baten bidez. Duela bi hilabete, urtarrilaren 2an, bertze agerraldi batean, jende berriak bestaren antolaketaren ardura hartu ezean Baztandarren Biltzarra itzaltzera zihoala erran zuten orain arte kide zirenek.

Erabaki zaila izan zela aitortu zuten, haientzat ere Baztandarren Biltzarra besta izateaz gain, sentimendu berezia baitzen, “baztandar anitzek gure nortasunaren zati bat galtzen genuela sentitu genuen”. Horren aitzinean, orduko zenbait kide eta ilusioz agertutako zenbait baztandar elkartu eta aitzinera egitea erabaki dute. “talde anitza osatzen dugu eta aurten ere Baztandarren Biltzarra ederki loratuko da”.

Baztandarren Biltzarra egunaren ospakizuna bermatua dagoela iragarri zuten elkarteko kideek, etorkizunera begira jarriz, baina gibelera begirada ere luzatu nahi izan zuten atzoko agerraldian.

Gogoratu zutenez, 1963an egindako ateraldi batean zenbait baztandarrek Baztandarren Biltzarra bestaren hazia erein zuten Aralarko kaskoan. Ilusioz ereindako hazia izan zen, auzolana, euskara eta baztandarron elkartasuna ardatz zituelarik.

“Hazi hura erein zutenek argi zuten auzolanean egindako besta hura berezia izanen zela eta baztandarrondako urtero-urtero errepikatu beharreko zita bilakatuko zela. Hazi hartatik, landare eder bat sortu zen, landare emankorra, edozein lurzorutan, edozein eguraldirekin ere, urtero loratuko zena”.

Historian zehar izandako zailtasunak ere agertu nahi izan zituzten, “Baztandarren Biltzarrarentzat urte guztiak ez dira errazak izan, hainbat oztopo gainditu behar izan baititugu; 1976 eta 1986ko tentsioak, bigarren horretan besta bertan behera geldituz, edota 2020 eta 2021eko hutsuneak, Covid-19ak eraginda. Hala ere, urte gehienetan ederki zaindua izan da baztandarron altxor hau eta zimeltzen utzi ezin den landarea dela argi geratu da”, izan ere, “landarea hain da handia, Euskal Herri guztiko folklorearen erreferente eta topagune bihurtu dela”.

Aurten gainera, lehenbiziko Baztandarren Biltzarra ospatu zenetik 60.urteurrena izanen da, horregatik, berezia izatea nahi dute elkarteko kideek. Azken hilabeteotan bizitako momentu gaziak alde batera utzi eta “orain arte kide zirenekin eta kide berri anitzekin ilusioa eta gogoa ardatz dituen talde polita osatu dugu. 60.urteurrena 2023ko Baztandarren Biltzarrean ospatzea baino modu hoberik ez dagoela argi daukagu”.

Dena den, ohartarazi nahi izan dute elkartea bizirik mantentzeko eta orain arte Baztandarren Biltzarra elkartearen gidaritzan egon diren horiek hartu behar izan zuten erabakia ez hartzeko, “ezinbertzekoa da urtero kide berriak animatzea, transmisioa eta taldearen indarberritzea modu natural batean gerta dadin”.

Denen laguntza beharrezkoa izanen dutela argi utzi nahi izan dute, “gu motorra izanen gara baina boluntarioen eta Baztango 15 herrien laguntza ezinbertzekoa da besta hau behar bezala ospatzeko”.

Elkartetik pasatako kideez ere oroitu nahi izan zuten “hainbertze urtez besta honen antolakuntzan aritu zareten guztiei bihotz bihotzez esker mila! Zuei esker besta hau ezagutu, bizi eta gozatu dugu eta gozatzen segituko dugu!”.

Agerraldia akitzeko, baztandar guztiei dei egin nahi izan zieten, “hasi baserritar jantziei hautsak kentzen, has zaitezte zuen orgetarako ideiak pentsatzen, segi Baztanen eskuaraz barra-barra solastatzen, auzolan erraldoi hau ez baita itzaliko! Uztailaren 16an Elizondoko karriketan elkar ikusiko dugu!”

2023-03-18T19:11:07+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo