2023. urtean Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan 560 filme estreinatu ziren eta horietatik 14 proiektatu ziren euskaraz, hots, euskarak % 2,48 presentzia izan zuen. Pelikula horietatik 4 euskal produkzioak izan ziren eta gainontzeko 10ak haurrei zuzendutako marrazki bizidunetako pelikulen itzulpenak.
Datu horiek aurkeztu egin dituzte gaur Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskaraz plataformak euskal ikusleek pairatzen duten diskriminazioa salatzeko helburuarekin. Gipuzkoako Kale Nagusian horren gainean hitz egin dugu Alex Aginagalderekin, bera da Pantailak Euskaraz plataformako bozeramailea eta azaldu digu zein de euskarazko zinemaren basbesgabetasunaren gakoa: araudi eza.
Plataformekin eta telebistarekin gertatzen ez den bezala, "zinemak ez du Ikus-entzunezko legeari erantzuten eta, hortaz, ez du gutxieneko kuota bat bermatu behar". Aginagalderentzat legearekin egoera hobetuko litzateke eta, horrexegatik egin dute gaurko prentsaurrekoan eskaera bi eragileek eta gizartea animatu dute eskaera egin dezan.
"Duela bi urte eta erdi sotu genuen plataforma eta Espainiako legearekin minimo batzuk ezartzea lortu genuen Netflix eta Prime Videon, azpi-tituluak eta bikoiztutako 140 filme baino gehiago daude" baina egoera ez da hain positiboa HBOn eta Disney+en. Adibidez, Disney+-en Irabazi Arte seriea erosi zuten eta gaztelaniara bikoiztu eta horrela emititzen dute.
Bestalde, Aginagalderentzat eredu da Kataluniako Gobernua diru publikoarekin bikoiztutako pelikulak plataformetara bideratzeko aurrepausoa eman baitu, "euskarazko pelikulekin berdin egingo balitz, asko aurreratuko genuke eta plataformetako euskarazko kuota handituko litzateke".