Cultura

Helsinki, itsasoz inguraturiko hiria

Zerutik Helsinkira eroriko bagina, ziurrenik uretan amaituko genuke. Uhartez uharte, eta penintsulaz penintsula, ziztu bizian kresala usaineko hiriburuari begiratu bat emateko aukera izan dut
Etxe bat Helsikinko uharteetako batean.
Etxe bat Helsikinko uharteetako batean. / Eneko Eizagirre

Helsinkiko tren geltokiko giro biziak kontrastea egiten du ordura arte herrialdeak erakutsitako patxadarekin. Hiru ume ezezagunez inguratuta ordu pare bateko tren bidaian siesta lasaia egin ostean, Finlandian bisitari gehien jasotzen dituen eraikineko mugimendu azkarrek aztoratu egin naute. Granito gorri eta kobre berdexkako eraikinaren sarreran nora jo ez dakidala, Lyhdynkantajat izeneko lau giza eskultura handiak nire mugimenduak zelatatzen ari direla iruditzen zait. Material berdinez eginiko ordulariaren dorre ikusgarriak geltoki sarreran geldi egonda denbora galtzen ari naizela adierazten dit.

Hirian tarte laburrean egongo naizenez, eta erreferentziarik ez dudanez, parean jarri zaidan lehen pertsonari laguntza eskatu diot: alde zaharra edo erdigunea non dagoen galdetu diot. Asmo ona erakutsi badu ere, ez dit erantzuten jakin. Itsasoa edo portua? Burua sorbaldetan murgildu du. Ea, nora joango zinateke egun bat izango bazenu Helsinki ezagutzeko? Aurpegia argitu zaio eta eskuin aldeko kale zabal bat seinalatu dit. Dendaz eta merkataritza-gune handiez beteta dagoela esan du, irribarretsu. Kiitosesan diot eskerrak emanez, eta ezkerreko kaletik joan naiz.

Pixka bat intuizioz, eta pixka bat jende gehiengoa nora doan ikusita, helsinkiarren bilgune nagusietako batera iritsi naiz: senatuaren plaza. Bertan kokatzen den kupula berdexkak dituen katedral zuriak, eskailera lerro luze eta zabala du aurrean, alfonbra bat bailitzan, bertatik igarotzen denari esertzera gonbidatzen duena. Hiriko eserleku ofiziala izateaz gain, irudirik ezagunenetako bat ere bada.

Seurasaari uharteko etxe tradizional bat.

Seurasaari uharteko etxe tradizional bat. Eneko Eizagirre

Hona iritsi bitartean esku-orri batera luzatu dut eskua eta bertan agertzen den Helsinkiko mapa aztertuta argi ulertu dut zergatik ez didaten eran-tzun ea non zegoen itsasoa edo portua: alde guztietan baitago. Helsinki, penintsulaz osaturiko penintsula bat dela esan daiteke, inguruan 300dik gora irlaz zipriztindua. Gainera, batera eta bestera eraiki dituzten errepideekin, ez dago batere garbi zein lur zati den irla eta zein penintsula.

Bi pausotan merkatu plazan agertu naiz, Kauppatori-n, eta bertako janari postuetako giroan gustura murgildu naiz. Itsasoaren alboan dagoen zabalgune handi bat besterik ez da, gertu dagoen merkatu zaharreko eraikin politik ez duena; baina, beste hartan ez bezala, hemen ez zara ziria sartu dioten turista sentitzen eta arrazoizko prezioan jan daiteke. Menu ohikoena, izokina, antxoak, patatak eta entsaladaz osaturiko plater konbinatua da. Ezin aproposagoa itsasoari begiratu eta kaioen kar-kar zaratatxoa entzun bitartean jateko.

Plazatik urrundu gabe hiriko eraikin entzutetsu asko daude; jauregi presidentziala, udaletxea eta Uspenski katedral ortodoxoa, besteak beste, baina niri begirada beste bi lekutara joan zait. Alde batetik, itsasoan bertan flotatzen dagoen egurrezko igerileku-solarium-sauna edo dena delakoa (finlandiarrak ezin dira bizi sauna bat inguruan izan gabe), eta bestetik, kolore hori biziko bizikleta publiko lerro luzea. Bizikleta publikoak, bike sharing delakoak, nire tentazioa dira. Hiri bati neurria hartzeko modu onera dira nire ustetan; eta, hala, tramite azkar baten ostean zarata apur bat ateratzen duen bizikleta baten gainean nabil izterrak berotzen.

Sauna bat Helsinkiko erdigunean.

Sauna bat Helsinkiko erdigunean. Eneko Eizagirre

Bidegorriz nahiko ongi hornitua dago hiria, eta baita inguruak ezagutzeko distantzia luzeko ibilbidez ere. Horietako bat jarraitzea erabaki dut, izena buruz ikasteko oso erraza den Seurasaarenseänrantareitti, hain zuzen. Seinaleak jarraituz, portu industriala, ausartentzako hondartza atsegin bat eta artelanez beteriko parkeak ikusi ditut, oharkabean irla batetik bestera jausi egiten dudan bitartean. Seurasaari uhartea da ibilbideko lekuri esanguratsuena eta bertakoen txoko kuttunetako bat. Baso trinkoz estaliriko uharte hau aire libreko museo bat da, Finlandia osotik zatika ekarritako eraikin tradizionalak bilduz herrialdearen laburpen arkitektoniko bat osatzen duena. UrhoKekkonen, 50. hamarkadako Finlandiako presidentea, uhartean pasea-tzea gustatzen zitzaion eta bertan kokatzen diren zazpi eskailera famatuak dira. Izan ere, sasoian zegoen ala ez jakiteko jauzi batean igotzen saiatzeko ohitura omen zuen gizonak. Soilik 5. eskailerara iristea lortu dut. Ez nago nire onenean.

Maiatzean eguzkia beti altu dagoen herrialde honetan, orduarekin despistatzea erraza da. Presaka, bizikleta horia hartu eta Helsinkiko ferry terminaletako batera abiatu naiz. Ez da erraza orientatzea gogoratzek halako izen (niretzat) zailak dituen leku batean, eta are gutxiago hiruzpalau ferry terminal desberdin dituen hiri batean. Azkenean, arnasestuka, lortu dut itsasontzi erraldoiaren itzalpera iristea. Itsasoratzeko garaia eta itsasoz beste dagoen hiriburua ezagutzeko unea iritsi zait, baina kontaketa hori arnasa berreskuratzen dudanerako utziko dut.

2025-03-06T17:37:05+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo