Cultura

Heriotzaren bizitza, poesia antzeztuan

Susa argitaletxeko poemetatik abiatuta, Edurne Azkarate, Intza Alkain eta Mikel Ibarguren aktoreek ‘Heriotzak Eduardo du izena’ obra taularatu dute
Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren ariko dira oholtzan.
Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren ariko dira oholtzan. / IKER GOZATEGI

Argi gutxi eta bunker beltz bat. Bertan dira Formol Laborategiko Edurne Azkarate, Intza Alkain eta Mikel Ibarguren aktoreak heriotzaz edota bizitzaz hausnarrean. Susa argitaletxearen proposamen batetik abiatuta, Heriotzak Eduardo du izena “poesia ez-errezitaldia” sortu dute. Gustuz eta gogoz hartu dute enkargua. “Proposamena irekia zen, baina esan ziguten ez zutela nahi poesia errezitaldi bat, baizik eta eszenikoagoa zen zerbait”, azaldu du Alkainek. Martxoaren 18an, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean izanen dira eta Maiatzaren 23an, berriz, Zarauzko Modelo aretoan (Gipuzkoa). Horrez gain, urtea amaitu aurretik Deban, Errenterian, Oiartzunen, Lasarten (Gipuzkoa) eta Bilbon izanen dira.

Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumaren hamargarren urteurrenaren harira jaso zuten proposamena Formoleko kideek. Hildako poeten antologiak jasotzen dituen 50 kaierek osatzen dute bilduma. Urteurrenaren zela eta bizirik dauden idazleak omendu nahi izan dituzte. Horretarako, 39 itzultzaileri bizirik dagoen idazle baten poema bana hautatzeko eta euskara ekartzeko eskatu diete. Poema horiekin Biziei ere omen liburua sortu dute. Liburua oinarri hartuta, pieza eszeniko bat sortu dute Formoleko kideek.

Oraindik liburua publikatu gabe zegoenean, ia osorik zegoen zirriborro bat jaso eta horri bueltaka hasi ziren lanean. “Hasieran pentsatu genuen poema gehiegi zirela, eta bakoitza etxe batekoa zela, ez zutela gaitegi konkretu bat jarraitzen eta bakoitzak nahi zuenari buruz hitz egiten zuela. Horrenbeste poemekin ez genekien ongi nola topatu zerbait abiatzeko eta gure unibertsoa sor-tzeko”, esan du Alkainek.

Hogeita hemeretzi poemek osatzen dute liburua, baina oso-osorik gutxi batzuk sartu dituzte ikuskizunean. Hala ere, bata eta bestearen arrastoak daude. “Nahiz eta gero ikuskizunean dena esplizituki ez agertu, unibertso osoa eta atmosfera; hau da, dena, poema horietatik abiatu da”, esan du Ibargurenek. Norberak, bere modura interpretatzen ditu poemak, eta horrek ere eszenaratzerako proposamen berriak sortu ditzake. Horregatik, sormen prozesuan egindako ariketetako bat izan da bakoitzak poema gustukoena hartzea. “Poema norbere filtrotik pasatzen denean irudiak sortzen dira”, esan du Alkainek.

Gainera, Ibargurenek dionez, ez zituzten poemak “edonola” taularatu nahi; testu horiek “forma, leku, kontzeptu eta nondik norako” bat izatea nahi zuten. Orain arte Formolen landu izan dituzten testuak beste era batekoak izan direnez, erronka “handia” izan da: “Orain arte oso gugandik aterako testuak izan dira, orduan, enkarguaren ideia presente egon da prozesuan. Hori dela eta, kosta egiten da horrelako laguntasun mailara iristea poemekin”. Gainera, beti gauza berriak probatzen ibili nahi izateak “arazoak” sortzen dituela esan dute barrezka.

Kanpo begirada

2024ko uda aurretik hasi ziren testuak irakurtzen eta uda ostean esperimentazio fasean sartu ziren. Normalean, modu “intuitiboan” ixten dute bigarren fasea, baina oraingoan abendua eta urtarrila bitartean estreinatu behar zutenez lehenago eten zuten prozesua. “Material dezente genuen eta kaos bat zen, baina itxi nahian ibili ginen”, azaldu du Azkaratek. Haren ustez, denbora “gutxi” izan dute sortzeko: “Korapilatu ginen dezente Formol proiektua talde proiektu bat den arren, oso pertsonala delako ere. Orduan, ez ginateke oholtzara igoko, bat egiten ez dugun gauza batekin”.

Ikerketa fasean bildutako material kuttunena “oso kaotikoa” zenez, kosta egin zaie edukia lurreratzea. Gainera, hirurak oholtzan batera dauden lehenengo aldia da. Album antzezlanean, adibidez, nahiz eta dena modu kolektiboan egin, Azkaratek hartu zuen zuzendari lana eta rola. Oraingoan, kanpoko begira horren falta sumatu dutenez, laguntza eskatu diote Oier Guillan idazle eta antzerkigileari eta Javier Barandiaran aktoreari. “Konturatu ginen hirurok geundela eszenan eta ez zegoela inor guri begira, horregatik segituan laguntza eskatzeko beharra sentitu genuen”, esan du Azkaratek. Ibargurenek gaineratu du kanpo begiradarik ez zutenez egiten ari zirenarekiko begirada kritikoa galdu zutela: “Oso eskertuta gaude ikaragarri lagundu digutelako obra limatzen”.

Hasieran poemak euren artean oso desberdinak ziren arren, antzekotasunak ere topatu dituzte. Izan ere, ikusi zuten horietako asko, agurrez, galerez, heriotzaz eta antzeko gaiez min-tzatzen zirela. Hori dela eta, heriotza bihurtu zuten protagonista. Azkaratek kontatu duenez “nahiko organikoa” izan zen: “Heriotzaren gaia ez da oso modu esplizituan lantzen, baizik eta kontrakotasunetik. Heriotza lan-tzen hasten garen momentuan bizi-tzen ari gara”. Hori guztia irudika-tzeko bunker batean sartu dira, eta kanpoaldean eta barrualdean sortzen diren atmosferen arteko dikotomiarekin jolastu dute: “Garrantzitsua da zer dagoen bunkerraren kanpoaldean; zertaz ari garen babesten. Momentu batean ere gure bunkerra gu hiruron arteko harremana da”.

Irakurritako poemek leku ilunetara eraman dituzte Formoleko kideak. Horregatik, bunkerra sortzeko argiztapen gutxi erabili eta giro iluna bilatu dute. Alkainek ez du argi bunkerra ikusten den edo ez, baina euren asmoa da bunker batean egotearen “txirotasuna” eta “intimotasuna” sentiaraztea. Oraindik, soilik, pare bat emanaldi egin dituzte; lehena Usurbilen (Donostia) izan zen, otsailaren 21ean, eta bigarrena, Gasteizen, otsailaren 26an. Hori dela eta oraindik ez dute feedback handirik jaso. Orduan, ez dakite ikusleak bunker bati begira dauden edo bunkerraren barruan sentitzen diren. “Publikoak esango digu non dagoen, edo agian bakoitza leku batean dago”, esan du Azkaratek.

Publikoa oso presente daukate sor-tzen dutenean, eta haientzat garran-tzitsua da ikusleen eta antzezleen arteko hesia apurtzea eta jolastea. “Oso eskertuta gaude publikoaren erreakzioarekin oso barruan sentitu ditugulako”, aitortu du Ibargurenek. Alkaini, aldiz, batzuek esan diote poesiara hurbiltzeko lagungarria izan dela: “Agian poesia beste era batera jasotzeko espazioa sortu dugu”. Gaineratu du Susa argitaletxekoak ere harritu direla obrak orain arte izandako harrerarekin: “Susakoek galde-tzen ziguten ea jendeak bazekien poesia protagonista den leku batera zihoazela”.

Azkaratek gaineratu du “oso pozgarria” izan dela ikustea euren belaunaldiaren bueltan dagoen jende asko hurbildu izana. Izan ere, espero zuten literatura munduko jende gehiago hurbiltzea: “Poesiara hurbildu diren kultura zale, euskaltzale, formolzale eta beste asko etorri dira”. Oso kontent dira ere, sentitzen dutelako jendeak konpainian egiten duten lanarekiko interesa duela: “Umiltasunez diogu oraindik ere harritzen garela jende bati gustatzen zaiolako egiten duguna, gure konpainia edo gure eszenaratzea”.

Bost urte, eta datozenak Alkainek

Azkaratek eta Ibargurenek 2019an sortu zuten Formol Laborategia. Xedeak ziren euskarazko sorkun-tza piezak taularatzea, komunitatean jardutea eta sarean ehuntzea, an-tzerkian munduko publikoa zabaltzea, gazteen parte hartzea bultzatzea... beti ere esperimentazioa ardatz izanik. Bost urte igaro dira sortu zutenetik eta Alkainek hunkituta eta nostalgiaz gogoratzen ditu hastapenak. Nabarmendu dute “etengabeko” ikaskuntza bat izaten ari dela. 

Bost urte pasa izana “asko” dirudien arren, Azkarateren ustez epe luzerako proiektu bat da eta asko geratzen da oraindik: “Soilik atzera begira jakingo dugu Formolek zer eman duen, zein zen bere poetika, bere emaria eta zenbat obra egin zituen konpainia honek. Ezingo dugu jakin azken despedidara arte”.

Oso argi daukate Formol “esperimentaziorako espazio bat” dela, eta ez dutela ekoizpen zirkuitu “azkarretan” sartu nahi. Bide horretatik , 2021ean Album taularatu zuten; konpainiaren lehen lana. “Tripei erantzuteko beharretik, bulkada batetik, lotura baten bilaketatik eta sinesten genuen zerbaitetik sortu zen Album”, azaldu du Ibargurenek.

Heriotzak Eduardo du izena landu bitartean, beste lan aukera batzuk izan dituzten; baina, momentuz, Formolek ez du bestelako lanik esku artean. Argi dute proiektu berrietan sartzeko erraietatik pasa behar direla ideiak. Horregatik, ideia “zoroen” kaxoia daukate, baina ez dakite noiz zikinduko diren berriz lokatzez goraino. Hala ere, badakite Formolek bidea duela oraindik. “Formol ez da bukatuko Eduardorekin, Album-ekin amaitu ez den bezala. Noiz itzuliko den? Ez dakigu”, esan du Azkaratek. Momentuz, Heriotzak Eduardo du izena obraren bira egiteko gogoz direla dio Alkainek: “Biran super ondo pasatzen dugu, eta elkarrekin denbora gehien pasatzen dugun momentua da”.

2025-03-21T15:50:29+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo