Aurten ere, bigarren urtez, Hernani Burujabe auzoetara hurbilduko da elkarlanerako deia luzatzeko asmoz. Auzo batzarrak egingo dituzte Hernaniko zazpi auzotan: Etxeberri, Antziola, Karabel, Zikuñaga, Latsunbe, Lizeaga eta Erdigunea.
Auzotarren beharrak
"Bertan, gure jardunaren berri emango dugu eta auzotarren beharrengan arreta jarriko dugu, denon artean erantzun bat eman diezaiegun", adierazi dute. "Auzoetara hurbildu nahi dugu elkarrekin antolatu gaitezen. Nork jakingo du, auzotarrek baino hobeto, zer den auzoak behar duena eta eskaini dezakeena?", gaineratu dute.
Tokian toki, baldintzak ezberdinak dira eta beharrak ere bai. Hernani Burujabek herria antolatzeko modu berri bat martxan jarri nahi du eta aditzera eman dutenez, horretarako, auzoak antolatzetik hasi behar dute.
Sarea zabaldu
Aurten, gainera, sarea zabaltzeko asmotan, herriko elkarte eta eragileekin ere hartu-emana izatea da bere asmoa, "herriko nukleo eta motorrak direlako".
"Ulertzen dugu dezente duela Hernani Burujabek elkarteei eskaintzeko, baita alderantziz, haiengandik jasotzeko ere". Bidea herritar taldeak dinamizatuko ditu batzarrok; hain justu, Hernani Burujabe herriratzeko ardura du taldeak, herritarron parte-hartze aktiboa bilatzekoa.
Hala ere, Hernani Burujaberen egiturak ahalbidetzen du herritarrak harremanetan egotea sektore ekonomiko eta administratiboarekin. Hala, "herritarren beharrei elkarlanean eman diezaiekegu erantzuna", esan dute.
Oinarrizko esparruak
"Bizitzarako oinarrizko diren arloak kapitalismoaren logikatik ateratzen saiatu nahi dugu: ez dira negozioa, eskubideak dira: elikadura, energia, bioaniztasuna, moneta, zaintza, telekomunikazioak eta etxebizitza, besteak beste. Herritarrak ahaldundu ditzagun sektore horien gaineko erabakimena izan dezagun", azpimarratu.
Egutegia
Hori guztia azaltzeko, auzo batzarrak antolatu dituzte. Aurreikusitako data batzuk ezagutarazi dituzte, baina hauek aldatu daitezkeela ohartarazi dute.
Hona hemen behin-behineko egutegia: Martxoaren 3an, Etxeberriko Auzokide auzo elkartearen egoitzan (Florida; Etxeberri); 6an, Zelabide auzo elkartearen egoitzan (Antziola); 10ean: Karabelgo Belkara auzo elkartearen egoitzan (Karabel; Portu); 17an, Zikuñaga auzo elkarteko egoitzan (Zikuñaga; Osiñaga; Martindegi); 20an, Latsunbeko Iturritxo auzo elkarteko egoitzan (Sorgintxulo; Latsunbe; Galarreta; Jauregi); 24an, Urumea ikastolan (Lizeaga; Santa Barbara; Elizatxo; Txantxilla) eta 27an, Biteri kultur etxean (Kaxko; Erdigunea).