Hernani Errotzen elkarteak bi hitzaldi antolatu ditu aste honetarako. Asteartean Argitu, ez suntsitu elkarteko Josetxo Mendiak Iruña-Veleia aztarnategi eta auzi baten historia hitzaldia eskainiko du. Ostegunean, aldiz, Aranzadi zientzia elkarteko kide den Josu Narbarte Gipuzkoako XI. eta XII. mendeetako testuinguru soziopolitikoaz mintzatuko da. Biak Hernaniko Biteri kultur etxean izango dira 19.00etatik aurrera.
Iruña-Veleia
Hitzaldi honetan Arabako Langraitz udalerrian aurkitzen den aztarnategiaren historia ezagutuko dute bertaratzen direnek. Burni Aroan zehar, Karistiarrak 45 hektarea baina gehiago zituen hirian bizi izan ziren. Hauek menderatu ondoren, erromatarrek 125 hektareako hiria eraikiko zuten, honen gainbehera goi erdi aroan ematen delarik.
Aztarnategi honetan topatutako aparteko hainbat grafitoetaz arituko dira. Hauen harira eginiko epaiketa azalduko dute, eta benetakoak ala faltsuak diren argitzeko, Argitu, ez suntsitu elkartekoek zein irtenbide zientifiko proposatzen dituzten agertuko du Josetxo Mendiak.
Azkenik, eskabadora erabiliz, aspaldidanik egiten ari diren suntsiketa agerian utziko du. Horretarako, txikitutako hainbat gune arkeologikoen argazkiak ere erakutsiko ditu.
XI eta XII mendeak
Gipuzkoa izenaren idatzizko lekukotza zaharrena 1025. urtekoa da, beraz, mila urte bete ditu. Hortaz, urtemuga biribila aitzakia hartuta, osteguneko saioan Erdi Aroko Gipuzkoako gizarteari eta paisaiari begira jarriko dira, azken urteetako ikerketa historikoek eta arkeologikoek eman duten uzta oparoa hizpide hartuta.
Lehenik eta behin, Gipuzkoak garaiko lurralde egituran zuen tokia aztertuko dute; Iruñeko erresuman eta elizbarrutian, hain zuzen ere. Segidan, orduko gizartea nola antolatuta zegoen azalduko dute, egungo paisaian aztarna nabarmena utzi duen elementu batean arreta jarriz: eliza pribatuetan, hain zuzen ere.
XI. eta XII. mendeetan dokumentatutako bost adibideetatik abiatuta, garaiko gizarte-taldeak, jarduera ekonomikoak eta harreman sozialak landuko dituzte, eta etorkizunerako ikerketa-ildo posible batzuk proposatu.
Maiatzean
Bestalde, Hernani Errotzenek aurreratu duenez, maiatzaren 8an beste hitzaldi bat egongo da. Saio horretan, Idoia Arrietak, Historian doktoreak eta irakasleak, Ezkutatu diguten historia mintzaldia eskainiko du.
Arrietak azaldu duenez, XII. mendean Gipuzkoa lur eremu zehaztugabea zen, ez zen barruti politiko-administratiboa oraindik, "batzuk hala azaldu nahi badute ere". "Orduko Ipuskua eta Hernani-Donostia Nafarroako erresuma ziren, bai; batzuek hori ezkutatu nahian badabiltza ere. Hortaz, 1200. urtean, geroago probintzia izango zen Gipuzkoak ez zuen lurralde batasunik", aurreratu du irakasleak.