Gipuzkoa

Hernanik ahozkotasuna landuko du ipuinen bitartez

Ahoz Aho jaialdiak hiru kontaketa ekarriko ditu, lehena helduentzat
Ipuin kontaketa saio bat
Ipuin kontaketa saio bat / N.G.

Actualizado hace 4 minutos

Ahoz Aho, Nazioarteko Ahozkotasun Jaialdia izango da aurten ere Hernanin. Euskal Herriko zein nazioarteko ipuin-kontalariak gurean entzuteko aukera paregabea da Ahoz Aho, Hernaniko udal liburutegiaren eta Intujai Teatroren elkarlanari esker gauzatzen dena.

Hiru saio

Aurten Hernanin hiru ipuin kontaketa izango dira. Lehenengo saioa helduentzako izango da, datorren ostiralean, martxoaren 7an, 19.00etan liburutegian. Carles Garcia Domingo ipuin-kontalari errioxarrak eskainiko du istorioa eta espainieraz izango da.

Hurrengo bi saioak haurrentzako izango dira. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, “liburutegitik atera, eta Antziola eta Zikuñaga auzoetara bidaiatuko dute ipuinek”.

Auzoetan

Hortaz, lehenengo saioa martxoaren 14an izango da, Antziolan, 17.30ean, auzo elkartean. Bi kontalari izango dira: Eneko Haritza (euskaraz) eta Quico Cadaval galiziarra (espainieraz).

Zikuñagako saioa, aldiz, apirilaren 3an izango da (17.30, eskola zaharreko frontoian). Orduan ere bi ipuin-kontalari ariko dira kontu-kontari: Ixabel Agirresarobe (euskaraz) eta Zoa Tamara Cuellar nikaraguarra (espainieraz).

Sehaska-kantak

Aurtengo Ahoz Ahoko ekimen bereziena Kanadako Berciers du Tempsek Hernanira ekarriko duen Lulling Time proiektua izango da.

Bercers le Temps taldea bere furgonetarekin izango da Hernanin apirilaren 4an eta 5ean. Zortzi kulunkatzaile jarriko dituzte eta kasko batzuen bidez, mundu zabaleko sehaska-kantak entzuteko aukera izango da. 85 hizkuntza baino gehiagotan bildu dituzte kantak, tartean, euskaraz ere bai.

Bi egunetan

Lehenengo egunean, Hernaniko Plaza Berrian egongo dira, 16.00etatik 21.00etara eta 5ean, berriz, Chillida Lekun, 11.00etatik 17.00etara. Egun horretan, hernaniarrek museoko sarrera dohainik izango dute.

Ordutegi horren baitan, edozein momentutan hurbildu eta entzun ahal izango dira sehaska-kantak. Baten bat animatzen bada, furgonetan berak dakien sehaska-kantaren bat grabatzeko aukera ere izango du.

Ekainera arte

Gainera, aditzera eman dutenez, ekaina arte kulunkatzaile bat udal liburutegian egongo da, entzungaiekin batera. Beraz, sehaska-kantak entzuteko jarraitzeko aukera izango dute hernaniarrek.

Bercers le Temps taldea mundu zabalean barrena ibiltzen da, hango eta hemengo sehaska-kantak biltzen. Horiek grabatu eta beste txokoetara eramaten dituzte.

Euskal Herri osoan

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia hainbat herritan gauzatzen da, Intujai teatroak antolaturik eta Euskal Herriko zein nazioarteko ipuin-kontalariak elkartzen ditu. Saioak familientzat zein helduentzako izan ohi dira.

Jaialdia aurten Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako 18 herritan burutuko da eta 31 kontalarik eta Intujai Teatro taldeak parte hartuko dute saioetan. Gehien-gehienak euskaldunak eta emakumeak dira.

Hala, baina, Estatuko beste komunitateetako kontalariek ere parte hartzen dute eta atzerretik datozen ipuin-kontalariak ere badaude: Argentina, Uruguai, Kolonbia, Nikaragua, Azerbaian. Herri guzti horietan ahozkotasunak garrantzi handia du.

2025-02-27T22:17:19+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo