Hernani – Hernaniko Udalak beste urte batez, arte sorkuntza susta-tzeko dirulaguntza deialdia ireki du eta 10.000 euro bideratuko ditu Hernaniko artista plastikoei sorkuntza prozesuetan laguntzeko. Deialdi honetarako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 28a bitarte.
Dirulaguntza honen bidez, arte plastikoek Hernaniko kaleetan duten presentzia areagotu nahi da. Kalean egingo diren sorkuntza hauetan teknika artistiko hauek erabil litezke: pintura, eskultura, graffitia, mosaikoa, collagea…
2022ko deialdi honek artea auzoetara eramatea du helburu, eta horrela, obren proposamenak Hernaniko auzo bati lotuta aurkeztuko dira, hau da, auzo horren nortasunari eta ezaugarriei egokituta.
Teknika artistikoen erabilera librea da eta espazio publiko zein pribatuetan kokatzeko aukera dago. Espazio publikoen kasuan, Hernaniko Udalak berretsiko du leku egokia den, eta pribatuen kasuan, nahitaezkoa izango da bizilagunen edo jabeen baimena.
Dirulaguntza deialdira aurkezteko interesa dutenek, kulturako web orrian daukate informazio guztia eskuragarri (kultura.hernani.eus ); eta baita udaletxeko sarreran bertan ere, Herritarren Harrera Zerbitzuan (telefonoa 943 337 000).