Buscar
Gipuzkoa

Hernanik auzoak bizigarriak izateko aukerak aztertuko ditu

Larunbat goizean herritar guztiei irekia den jardunaldia antolatu da Biteri kultur etxean
La Florida, Etxeberri eta Karabel auzoak, Santa Barbara menditik.
La Florida, Etxeberri eta Karabel auzoak, Santa Barbara menditik.

Datorren larunbatean Hernaniko auzoak bizigarriak izateko aukerez solastatuko dira Auzo bizi eta aktiboetara bidean jardunaldian. Saioa 9.30etik 13.00etara burutuko da Biteri kultur etxean. Jardunaldiaren helburu nagusia auzoen bizitza eta bizigarritasunaren inguruan hausnartu eta Hernanirako eredu bat proposatzea da.

Hernaniko Udaletik jardunaldian parte hartzera gonbidatu nahi dira herritar guztiak, auzoetako behar eta bizitzaren inguruan elkarrekin pentsatzen jartzeko. Aldez aurretik asistentzia baieztatzea edota izena eman beharko da hurrengo loturan: https://labur.eus/hernanietabereauzoak.

“Iazko udazkenean egin genuen erronda herriko auzoetatik. Guztira, hamabost bilera antolatu genuen eta horietan bizilagunen kezkak eta proposamenak jaso genituen. Prozesu horretan auzo elkarteekin ere hartu-emana izan genuen”, gogorazi zuen Xabier Lertxundi alkateak jardunaldiaren aurkezpenean.

Prozesu horrekin batera, Partaidetza arloaren eskutik, Aztikerrek lanketa bat abiatu zuen auzoetan. “Hausnarketa prozesu bat izan da. Hernaniko biztanleriari buruzko datuen ustiaketa egin dugu, auzo elkarteekin lan egin dugu, galdeketak egin ditugu, ausazko herritar batzuk aukeratu eta prozesuan parte hartzera gonbidatu ditugu eta Hernani Burujabe herri proiektuan ari diren zenbait ordezkarirekin ere lan egin dugu. Zertarako eta auzoak hobetzeko eta etorkizuneko auzoak irudikatzeko helburuz”, esan zuen Maitane Barrenetxeak, Aztiker aholkularitzako ordezkariak.

Hartaz, prozesua ixteko emaitza Hernani eta bere auzoak: auzo bizi eta aktiboetarako bidean jardunaldia da.

2023-01-19T07:22:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo