Gipuzkoa

Hernanik Ave Maria parkean ekitaldiak antolatu ditu

Hilaren 28tik 30era jolasak, antzerkiak, ikuskizunak eta musika emanaldiak izango dira
Udaleko zenbait sailetako ordezkariak, Ave Maria parkean. | ARGAZKIA: N.G.

Bi urteko geldialdiaren ostean, Hernaniko Udaleko sail desberdinek elkarlanean uztailaren 28, 29 eta 30ean Ave Maria parkean kultura, kirola eta jolasak antolatu dituzte. Publiko guztientzako moduko egitaraua prestatu dute, hamaika ekintzez girotuta.

Naturan jolasean umeentzako ekintzak irekiko du hiru eguneko egitaraua. Hortaz, hilaren 28an, 17.00etatik hasita, naturako elementuekin eskulanak egiteko proposamena dakar Txatxilipurdi elkarteak dinamizatutako saio honek.

19.30ean, antzerkiak hartuko dio lekukoa jolasari. Hortzmuga taldearen Bidearen amaieran antzezlanarekin. Iluntzearekin batera, 21.30ean, dantza ikusteko parada izango da, Aukeran taldeak ekarriko duen Hurrengo geltokia ikuskizunarekin.

Hilaren 29an, jolasek abiatuko dute arratsaldeko eskaintza, Bubbles burbuila erraldoiekin. Haurrentzako ere ekojolasak izango dira Plisti-plastak dinamizatutako saioan.

Arratsaldean Rojo Telón taldearen eskutik, Nudo zirku ikuskizun ikusgarriaz gozatzeko aukera izango da 20.30ean. Neomak taldearen kon-tzertuak emango dio pausoa gauari, 22.00etan.

Hilaren 30ean, Hartubol kirol jardueran aritzeko aukera izango da, Goiz Eguzki jubilatuen elkarteak eta boleibol taldeak antolatuta. 17.30ean izango da. 19.00etan, ostera, haurrentzako antzerkia izango da, Yarleku taldearen Numenak lanarekin. Amaitzeko musika kontzertua izango da Aguraingo Dupla taldearen eskutik.

Parkean bertan afari-meriendak egiteko gonbita egin dute udal ordezkariek. Janaria etxetik ekarri daiteke edota parkean jarriko den food truck batean zer jan eta edan erosi ahal izango da.

19/07/2022