Gipuzkoa

Hernanik harresi bat eraikiko du Zubipe eta Landare babesteko

Uholdeen kontrako obra egin ahal izateko URA agentziaren baimena lortu behar da
Udaleko eta bi kirol kluben ordezkariak, atzo proposamenaren aurkezpenean. | ARGAZKIA: N.G.

Hernaniko Udalak Zubipe eta Landare kirol instalakuntzak uholdeetatik babesteko konpromisoa hartu zuen martxoan. Konponbide bat aurkitzeko azterketa bat eskatu zuen eta emaitza atzo eman zuen jakitera CDH eta Hernani Club Rugby (HCRE) elkarteetako arduradunekin batera.

Azterlan horrek Zubipe eta Landare inguratzeko harresi bat eraikitzea proposatzen du. Guztira, 600 metroko luzerakoa eta errekaren hondotik zortzi metroko altuera bermatuko duena. Instalazioek altuera desberdina dutenez, harresiaren gutxieneko altuera 0,65 metrokoa izango litzateke eta gehienezkoa, 1,70 metrokoa.

Proposamen hori aurkeztuko dio URA agentziari Udalak, hiru eragileen izenean. Agentziak ematen duen erantzunaren zain geldituko dira. Baimena emango balu, obra exekutatzeko prozedura martxan jarriko luke Udalak.

Gogoratu behar da, bi klubekin martxoan sinatutako dokumentuaren arabera, Udalak konpromisoa hartzen zuela bi instalazio horiek hobetzeko eta kirol elkarteen jarduna bermatzearren bi milioi euro inbertitzeko.

Martxelo Ezponda eta Joxe Kurutz Elosegi, CDHko eta HCREko presidenteak hurrenez hurren, pozik agertu ziren atzo konponbide bat “gertuago eta bideragarriago” ikusten dutelako, “hainbeste urteren ondoren”.

Hala ere, harresia eraikitzeko proposamena ez da berria. Duela urte batzuk eskuartean izan zuten Udalak eta klubek irtenbide hori, baina URA agentziak baztertu zuen.

Udalak esan zuenez, orduko egoera, baina, bestelakoa zen. Orain, ordea, URA agentzia Urumeako meandroan esku-hartze batzuk egin ditu jadanik eta Hernaniri eragingo dion obra –Ergobia eta Akarregi bitartekoa– lizitazioan dago.

08/07/2022