Buscar
Gipuzkoa

Hernanik kultura hauspotzeko hitzarmenak sinatu ditu

Hermuba bandak eta herriko txistulari talde berriak dirulaguntzak jasoko dituzte
Udaleko, Hermubako eta HHMEko ordezkariak. | ARGAZKIA: N.G.
Udaleko, Hermubako eta HHMEko ordezkariak. | ARGAZKIA: N.G.

Hernaniko Udalak herriko kultura eta kaleetan ematen diren musika emanaldiak laguntzeko asmoz, hitzarmen bana sinatu ditu Hermuba musika bandarekin eta Hernaniko Herri Musika Elkartearekin (HHME). Bi kasuetan, hitzarmenen iraupena lau urtekoa da.

HHME Hernaniko txistulariak elkarte bakar batean biltzeko helburuarekin jaiotako elkarte sortu berria da. Orain arte Goizetik txistulari bandarekin zuen hitzarmena Udalak, baina kontuan izanik Leokadisti txistulari taldeak hainbat jarduera burutzen zituela eta guzti horrek Hernaniko kultur eskaintza aberasten duela, Hernaniko txistularien jarduera modu bateratuan jasotzea izan da hitzarmen berriaren lehentasunetako bat.

Hitzarmen horri esker, txistulariek, orain arte bezala, Hernaniko herriari ekarpena egiten jarraituko dute, eta, gainera, hitzarmen berrian jasotzen da txistularien doinuak auzoetara ere zabaltzeko aukera. Hortaz, iganderoko dianak herrigunetik abiatuko dira eta herriko auzo ezberdinetan egingo dute ibilbidea. Dianez gain, orain arte bezala, urtean zehar eskainiko dituzten emanaldiak ere jasotzen ditu hitzarmenak. Hitzarmena 43.000 eurokoa da.

Bestetik, Hermubak orain arteko eskaintza zabaldu du, gazteekin batera banda bat sortuz. Eskaintza kultural aberatsa eta pedagogikoa, gazteen artean zabaltzearen aldeko apustua egin du bandak. Horri dela eta, bitarteko gehiago behar ditu eta, ondorioz, Udalak bandarekin duen hitzarmena hobetu du. Urteko ekarpena 96.000 eurokoa izango da hemendik aurrera. Udalak Hermubarekin 2007az geroztik hitzarmenak sinatzen ditu.

2022-12-10T06:45:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo