Gipuzkoa

Hernanik lehenengo sektoreko balio-katea batu eta bultzatuko du

Estrategia honetan baserrietatik merkaturatu arteko produktuen zikloa sustatuko da
Alkatea, lehenengo sektoreko katea osatzen duten eragile ezberdinekin.

Atzo Hernani Burujabe programaren baitan, Hernaniko Elikadura Sistema Iraunkor eta Burujabea aurkeztu zen, Hernaniko lehenengo sektoreko balio-kate osoa batuko duen estrategia. Proiektu honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, lehenengo sektorea indar-tzea, eta, bestetik, balio kate osoan parte hartzen duten eragileen sustapena egitea.

Estrategia hau baserrietan hasten da. Gaur egun Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkartean (HENASE) bederatzi nekazari eta abeltzainak aritzen dira, baina etorkizunean nekazari eta abeltzain gazteak proiektuari gehi-tzea nahi dute. Aldi berean, Hernaniko Udalak lehenengo sektorera dedikatzeko lurrak erosteko konpromisoa hartu du.

Lehenengo sektorearen sustapena eta biziberritzea laneratze eta gizarteratze lanpostuak sortuz egingo da eta horretarako Bertatik Elikatuz laneratze enpresa sortu berri dute.

Hurrengo pausoa, ekoitzitako produktuen eraldaketa dator. Horregatik Eraldaketa Zentroa eta Sukalde Zentrala sustatu dira, non Hernaniko ekoizleen lehengaiak eraldatu eta sukaldatuko diren, balio erantsi bat gehituz. Horrela, jatetxe, ikastetxe eta enpresei bertako produktua kontsumitzeko aukera eskaini eta bertako produktuaren ekoizpena eta kontsumoa sustatuko da. Tupper zerbitzu bat eskaintzea ere pentsatu dute.

Azkeneko pausoa bertako eta garaiko produktu horiek merkaturatzea da. Herriko hainbat dendatan eros daitezke produktu horiek, gainera Herrilur elkarteak duela urtebete bere denda zabaldu zuen.

Azkenik, Hernaniko produktuak identifikatzeko marka komertzial bat sortuko dute.

25/03/2023