'Libguneak' izeneko espazioak kokatu ditu Sagastialde eta Zikuñagan, herrian irakurzaletasuna sustatzeko
Hernaniko Udalak aste honetan libguneak, irakurzaletasuna auzoetan sustatzeko espazio askeak, aurkeztu ditu. Momentuz Zikuñagan eta Sagastialden ipini dituzte, eta ondo funtzionatzen badute, beste auzo batzuetara zabaltzeko aukera aztertuko dute.
Koro Etxeberriak, Kultura zinego-tziak, azaldu zuenez, "liburutegia auzoetara zabaltzea da asmoa, herritarrei zerbitzu eta aukera berri bat ematea, irakurzaletasuna sustatzea eta zabaltzea". "Proiektu honek auzoak hobetzen ditu, kultura, kasu honetan, liburuak, edonoren eskura jarrita. Auzotarrei aukera berriak ematen dizkie eta apurtzen du ohiko liburutegi baten eredua, parkera, plazara, kalera hurbilduz", erantsi zuen.
Liburutegien kudeaketa auzo elkarteen esku geldituko da; Zelabide Sagastialdeko auzo elkartearena eta Zikuñagakoaren esku, alegia. "Ekimen honen filosofiarekin erabat ados gaude eta guk hartuko dugu irekitzeko eta zaintzeko ardura", nabarmendu zuen Juankar Tobarrek, Zelabide elkarteko ordezkariak. Ordutegia ere auzo elkarteak erabakiko du, baina erabiltzaileen eskakizunen arabera moldatuko dutela aurreratu zuen. "Ondo funtzionatuko dute, ziur gaude", amaitu zuen.
Zikuñagan libgunea aurkezteko gaur, 12.00etan, ipuin kontaketa bat egongo da. Izan ere, liburuak maileguan emateaz gain, beste ekitaldi batzuk antolatzea ere aurreikusten dute. Liburuak bertan irakur daitezke edo etxera eraman.
Liburuen aukeraketaz Rakel Gonzalez liburutegiko arduradunak hitz egin zuen: "Auzo bakoitzaren demografia kontuan hartu dugu, batez ere hizkuntzei dagokienez". Adibidez, Zikuñagan etorkin komunitate handia dagoenez, errumanieraz, arabieraz eta ingeleseko liburuak jarri dituzte. "Inolaz ere ez dugu nahi izan libguneak liburuen soberakinen biltegia izatea. Maiztasunez berrituko dugu eskaintza", adierazi zuen.
Juntura arkitektuen kooperatibak diseinatu ditu libguneak. Gorka Segurola eta Edurne Izagirre arkitektoek azaldu zutenez, "egiturak liburu bat bezala funtzionatzen du, ireki daitekeena eta barruan istorioak dituen espazioa bihurtzeko", adierazi zuten. Erabilera anitza duten egurrezko kutxak ditu; liburuen gordelekuak dira, baina, aldi berean, zabalik dagoenean eser-tzeko ere balio dute, edo pilatzen direnean mahaia bezala erabiltzeko.