Hernaniko turismoko atari berria aurkeztu zuten atzo. Webgune berria intuitiboagoa da, egungo beharretara egokitua. Bost hizkuntzetan dago (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, katalanez eta ingelesez) eta sei ataletan banatu da informazioa (zer ikusi, zer dastatu, zer egin, sagardoa, ekitaldiak eta informazio praktikoa).
Gainera, webgune berriaren azalean Hernaniren alderdi nabarmenenak jasotzen dituen bideo bat ere ikus daiteke. Horrekin batera, informazio hori guztia jasotzen duen liburuxka ere laster egongo da eskuragai.
Baliabide horiek eta duela gutxi aurkeztutako Hernani Hiribilduan bisita gidatuaren tresna 2019an landu zen Turismo Ekintza Planean jasota daude.
“Ondare kulturala, naturala eta ez-materiala balioan jartzea eta zain-tzea da, besteak beste, Udalak turismoaren bitartez landu nahi duen alorra eta uste dugu erreminta horiek helburu hori erdiesten lagungarriak izango direla”, esan zuen atzoko aurkezpenean Patxi Ibargurenek, Turismoko zinegotziak.
“Gure herria erakutsi nahi dugu, gure izaera islatu nahi dugu. Bisitariek jakin dezaten nolakoak garen eta herritarrentzako ere tresna baliagarria izan dadin dugun aberastasunaz jabetzeko”, aipatu zuen Xabier Lertxundik, alkateak.
Webgune berrituan, besteak beste, ondare historikoa, artistikoa eta natura baliabideak; karabanen aparkalekua non dagoen; euskarazko oinarrizko hiztegia; festa gastronomikoak; sagardotegien zerrenda; Chillida Leku eta kultura agenda jasotzen dira.
“Horretaz gain, sare sozialen bitartez partekatzeko gaikako hamabi pilula ere osatu ditugu”, jakinarazi zuen Ibargurenek: Herrigunea, Gastronomia, Sagarra eta sagardoa, Festa, Euskal jaiak, Kirola, Ondare megalitikoa, Bertako ekoizleak, Ibilbide sarea, Bertako komertzioa, Hernani airetik eta Artea.
Azkenik, zinegotziak hernaniarrak animatu zituen “gure sare sozialak jarraitzera, bertan Hernanin egin daitezkeen era guztietako planei buruz informatzen baita”. Facebooken @HernaniTurismoa, Instagramen @hernaniturismoa eta Twiterren @HernaniTurismoa.