Gipuzkoa

Hernaniko 40 denda ekhi txanpona erabiltzen hasi dira

Irailean deskontu kanpaina bat abian jarriko da ordainketa sistema digital hau ezagutarazteko
Merkatari sareko, Ekhilur kooperatibako eta Udaleko ordezkariak, atzo aurkezpen ostean.

Hernaniko ia 40 establezimendu ekhi tokiko txanpona onartzen hasi dira aste honetan, Ekhilur sistema digitalaren bidezko ordainketak baliatuz. Astelehen honetan Biteri kultur etxean Hernaniko merkatarien sarea aurkeztu zuten. Proiektua Hernani Burujaberen egitasmoaren baitan kokatzen da.

Ekhi txanpona ezagutzera emateko, Patxi Ibarguren zinegotziak azaldu zuenez, irailean, eta bi hilabetez, Udalak hobari kanpaina bat martxan jarriko du ekhilur sistemaren bidez ekhia erabiltzeko eta biztanleriaren artean sustatzeko, eta herritar zein saltoki eta enpresei sistema ezagutzeko aukera errazteko.

Honela, ekhien kontuan lehenengo 50 euroko errekargarekin Udalak 20 euro gehiago jarriko dizkio. Gainera, ekhiekin egiten den erosketa bakoitzean %10 oparituko zaio datorren erosketa batean erabiltzeko. Hobari hauetarako Udalak 30.000 euro jarriko ditu. Hobarien kanpainan parte hartu ahal izateko, establezimenduek irailaren 5a baino lehen eman beharko dute izena.

Xabier Lertxundi alkateak azpimarratu zuenez, “ekhilurrek Hernaniko merkataritzaren ahalegin ekonomikoa Hernanin geratzea ahalbide-tzen du”. Izan ere, txanpon birtual hori herriko Ekhilur sarean izena eman duten dendetan gastatu behar da.

Atzoko aurkezpenean Iparragirre sagardotegiko Arantza Eguzkizak parte hartu zuen eta adierazi zuenez, “Ekhilur proiektua gustatzen zaigu, berritzailea eta guretzat bizitzeko filosofia den tokian tokikoa defendatzen duelako”.

Informazio gehiago nahi duten herritar zein profesionalek Ekhilur kooperatibarekin hitzorduak eska-tzeko aukera dute hernani@ekhilur.eus helbidean edo 944 686 273 telefono zenbakian. Hitzorduak ere dendetan, Biterin edota Iturolan emango dira.

05/07/2022