Hernaniko musika bandak, Hermubak, bihar 13.30ean inauterietako kontzertua eskainiko du Tolosako doinuekin eta Sarriegik Donostiako inauterietarako konposarutako kanta batzuekin. Hurrengo ostiralean, aldiz, Eneritz Jauregi flauta-jotzailea zuzendari lanetan estreinatuko da.
Zein errepertorio eskainiko duzu?
Denetik pixka bat. Ni banda munduan denbora asko daramat eta niretzat beti oso garrantzitsua izan da bandako kontzertu bat pasadoble batekin edo antzeko batekin hastea. Izan ere, bandaren jatorria horixe da eta iruditzen zait bandaren sustrai hori ezin dela galdu. Geroz eta gutxiago ematen da, baina nik helburu bezala hori mantentzea daukat.
Zein obra aukeratu dituzu zure lehenengo kontzerturako?
Camino Real obrarekin hasiko dugu kontzertua Alfred Reed-ena; gero klasikora salto egingo dugu Guillermo Tell-ekin eta errepertorio eguneratuago batekin jarraitzeko, Piratas del Caribeko obra sinfoniko bat joko dugu. Conga del Fuego lanarekin amaituko dugu, alaiagoa dena.
Orduan publiko ororentzat egokia den kontzertu bat planteatu duzu.
Pixka bat denetik hartuta iruditzen zait ez dela kontzertu bat oso zentratua publiko bati bakarrik, baizik eta askoz zabalagoa, adin-tarte gehiago hartzen dituena.
Inauterietako ostiraleko kontzertua urteroko bandaren egutegian sartuta dago. Zein berezitasun du?
Ostiraleko kontzertu hau tematikoa izaten da, baina niri eskaintza egin zidatenean, galdetu nien tematikoak izan behar zuen ala ez eta erantzuna izan zen nahi nuena egiteko. Orduan ez tematikoa egitea erabaki nuen. Azkenean, gustu pertsonala da eta pentsatu nuen ni entzuleen tokian jarrita, zer gustatuko litzaidaken entzutea.
Noiz hasi zen musikarekin duzun harremana?
Ni hasi, bederatzi urtekin hasi nin-tzen Andoaingo musika eskolan. Gustatzen zitzaidan eta saiakera bat egin nuen. Gero maila batera iristean, Donostiako kontserbatoriora salto egin nuen probatzeko eta gaur arte. Gaur egun nire ogibidea da erabat, flauta irakaslea naiz Donostiako kontserbatorioan eta oso kon-tzientea naiz zorte handia dudala; niretzat ez da lan bat, disfrute bat da.
Nola etorri zitzaizun Hernaniko banda zuzentzeko aukera?
Nik urte asko daramatzat bandan flauta jotzen. Zehazki ez dakit zenbat urte, baina hamar edo hamabost bat izango dira. Hernaniko bandak detailea dauka noizean behin banda zuzentzeko aukera zabaltzekoa. Jorge Pacheco da orain dagoen zuzendari titularra eta berak proposatu zidan. Hasiera batean aurreko urterako zegoen ni zuzendari izatea, Santa Zezilia inguruan, baina data horietan normalean orkestrarekin ibiltzen naiz eta ez nuen ikusten bidea hor zegoenik eta inauterietako atzeratzea erabaki genuen libreago nagoelako eta horrelako kontzertu bat prestatzeak dedikazio handia eskatzen duelako.
“ Etxean aritzeak plus bat du, hemen, non beti ezagutu zaituzten jotzen, beste plano batera pasatzea berezia da ”
Lehenengo aldia da banda bat zuzentzen duzula?
Ez, hamar urte daramatzat bandak zuzentzen. Getariako bandarekin hasi nintzen eta gaur egun ere jarraitzen dut. Tartean ere izan ditut aukerak beste banda batzuk zuzen-tzeko, Azkoitikoa adibidez eta Lazkaoko banda nik eramaten dut ere. Ez da lehengo aldia, baina bai dela lehenengo aldia Hernaniko bandak dauzkan ezaugarriak bezalako banda bat zuzentzen dudala.
Sona handiko banda da.
Bai, berezia da, potentea da, jende oso ona dago eta errespetu handia ematen du, baina ez da lehenengo aldia musikarien aurrean jartzen naizela.
Lehenengo aldia da Buruntzaldea eskualdean kotzertu bat zuzentzen duzula?
Bai, lehenengo aldia da. Etxean ari-tzeak bai duela plus bat. Hemen bertan, non beti ezagutu zaituzten jotzen, beste plano batera pasatzea berezia da.
Familia etorriko zaizu zure debuta ikustera.
Bai, hortan esan behar dut zorte handia dudala. Ni lehenengo aldiz 13 urte nituela Andoaingo bandan sartu nintzen eta 13 urte ditudanetik familiak kontzertu guztietara jarraitu nau. Kriston zortea izan dut eta babes handia.
“ 13 urte ditudanetik familiak kontzertu guztietara jarraitu nau. Kriston zortea izan dut eta babes handia sentitu dut ”
Dagoeneko lehenengo entseguak gidatu dituzu. Nolakoa izan da musikarien harrera?
Oso polita izan da eta oso lagungarria, azkenean. Nik hasierako momentutik esan nien beldurra nuela eta oso desberdina zela zuzendari izatea eta laguntza eskatuko nuela. Momentu oro sentitu dut laguntasuna, berotasuna... ez daukat ezer txarra esateko edo momentu gogorrik gogoratzeko. Oso erraza eta oso polita egin zait.
Zuzendari emakume gutxi daude banden munduan?
Zuzendari gutxi daude orokorrean, ez da genero kontu bat. Agian musika munduan ez gaude oso ohituta, baina erreferentziak badaude. Hemen bertan ere Judith Montero egon da banda zuzentzen eta banda gaztea ere zuzentzen du. Beraz, hernaniarrentzat ez da zerbait berria izango emakume bat banda zuzen-tzen ikustea, zorionez. Nire erreferentea emakume bat izan da.
Hernaniko banda gehiagotan gidatzea gustatuko litzaizuke?
Ni ez naiz sekula itxiko. Uste dut Jorgek oso ondo egiten duela lan, baina noizbait laguntza nahi badu ni hor egongo naiz