Dobera euskara elkarteak, Hernaniko udal liburutegiarekin eta Kultur sailarekin elkarlanean, larunbatean Hernaniko II. Liburu Azoka antolatu du Atsegindegi plazan, iaz izandako arrakasta ikusita.
Azokak 11.00etan irekiko ditu ateak. Eguerdian 14.30etik 17.00etara bazkaltzeko etenaldia egingo dute eta berriro zabalduko da 19.30ak arte. Bertan hamabi argitaletxe eta ekoizlek jarritako postuak egongo dira ikusgai.
Dobera elkarteak, azokari esker, euskarazko liburuak ezagutzeko eta zabaltzeko aukera eskaini nahi du, “Euskal Herriko liburugintzaren ekoizpena ezagutzera emanez, euskal kultura sustatuz eta indartuz”. Hori horrela, Hernaniko II. Liburu Azokan euskarazko liburuak soilik egongo dira salgai.
Bestalde, hainbat postuetan egileak egongo dira liburuak sina-tzen: Garbiñe Larrea (Segurolaren alarguna), Goiatz Labandibar, Maite Lopez las Heras, Pello Otxoteko, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Markel Oiarzabal eta Ainara Azpiazu Axpi.
Gainera, literaturarekin zerikusia duten ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte, adin eta mota guztietakoak: 11.00etan, Ezberdin bezain eder izeneko ipuin kontaketa musikatua (Naita produkzioak); 12.15ean, Markel Oiarzabalen Ostadarraren musua (autoedizioa) Iñaki Segurolaren Ganorexia (Alberdania) eta Mikel Arruabarrenaren Kardaberak zementuan (Balea Zuria SL) liburuen aurkezpena; 13.45ean, irakurraldiak Imanol Kamio musikariaren laguntzarekin; 17.00etan, Beldurra antzerkia(Katapulka); 18.15ean, Ainara Azpiazu Axpiren Utzi azalari (Dobera Euskara Elkartea) liburuaren aurkezpena eta 19.15ean Hernaniko bertso eskolako bertsolarien agurra.
Azkenik, haurren txokoa ere sortuko dute.