Gipuzkoa

Hernaniko naturgune sareko bost eremu aukeratu dituzte

Hernani Natura Herrian proiektuan parte hartu duen ikastetxe bakoitzak espazio bat proposatu du
Proiektuko parte-hartzaileen talde argazkia
Proiektuko parte-hartzaileen talde argazkia / Hernaniko Udala

Actualizado hace 2 minutos

Hernaniko naturgune sarea osatuko duten lehenengo bost eremuak aukeratu dituzte Hernani Natura Herrian parte hartu duten ikasleek. Ikastetxe bakoitzak inguruan duen naturgune bat aukeratu du Hernaniko naturgune hezitzaileen sarea osatzeko.

Itxiera ekitadia

Asteazkenean egitasmo pilotu honen itxiera ekitaldia burutu zuten udaletxeko areto nagusian Aratz ikastolako, Elizatxo ikastolako, Langile ikastolako, Txirrita eskolako eta Urumea ikastolako ikasleek.

LH 3. eta 4. mailako ikasleak aritu dira Hernani Natura Herrian buru-belarri lanean. Ikastetxeen inguruan dituzten naturguneak aztertu ondoren, ikastetxe bakoitzak haietako hiru azaldu zituen eta sarerako proposamena egin.

Aukeraketa irizpideak

Naturguneak aukeratzeko, hainbat irizpide izan dituzte kontuan ikasleek: erabilera didaktikoa; ikastetxetik distantzia; irisgarritasuna; segurtasuna; egungo erabilera; eremu publikoek lehentasuna izatea; potentzialitatea; aniztasuna eta klima aldaketaren kontrako eremuak izatea.

Finalistak

Orain arteko lanketa guztia kontuan hartuta, hauek izango dira, Hernaniko ikasleek hala erabakita, Hernaniko naturgune hezitzaileen sarea osatuko duten lehenengo bost eremuak: Karabeleko baratzea, Urumea ibaiaren ertza, Lizeaga kaleko horma zaharra eta parkea, Urbieta kaleko urkidia eta Karobieta parkeko belardi eta hormak.

Suspertzaileak

Proiektu pilotua Hernaniko Udalaren babesarekin aurrera eraman du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Berritzegune Nagusiak, Iñaki Sanz-Azkue irakasleak koordinatuta. Harekin, Hernaniko ikastetxe bakoitzeko irakasle bana aritu da ikasturte osoan lanean.

Proiektu estrategikoa

Asteazkenean, udaletxeko areto nagusian elkartu ziren ikasleak. Xabier Lertxundi alkateak egin zien harrera: “Hernaniko Udalean uste dugu Hernani Natura Herria proiektu estrategiko eta eredugarria dela hezkuntza, ingurumenaren zaintza eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituelako”. Lertxundik gogora ekarri zuen irailean “laguntza” eskatu ziela ikasleei, eta hauek “primeran bete dutela erronka”. Izan ere, ikasleak eurak izan dira proiektuko “protagonista nagusiak”.

Itxiera ekitaldia udaletxeko aretoan

Itxiera ekitaldia udaletxeko aretoan Hernaniko Udala

Aitor Uriondo, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendaria ere bertan izan zen. “Naturguneak naturari buruz ikasteko toki aproposak izatea garrantzitsua da, baita ikasleak izatea horiek aukeratu eta erabiliko dituztenak”.

Zerbitzua komunitateari

Iñaki Sanz-Azkue Berritzegune Nagusiko irakasle eta Hernani Natura Herriako kordinatzaileak azaldu zuenez, ikastetxeetako irakasle arduradunekin batera “elkarlana eta metodologia horizontala izan ditu oinarri proiektuak”. Gaineratu zuenez, “proiektuaren indargune nagusia izan da irakasleen parte-hartze aktiboa”.

Hernani Natura Herriak zerbitzua eman nahi dio komunitateari, beraz, ikasleek behaturiko eta aukeraturiko naturgune hezitzaileen sarea sortu da. Didaktikoki lanketa egiteko eremu interesgarriak dira”, erantsi zuen Sanz-Azkuek.

Ekitaldian izan ziren, baita ere, Axier Mingo eta Ainara Atorrasagasti, Hernaniko Hezkuntza eta Ingurumen zinegotziak, Olatz Juantorena Ereñotzuko auzo alkatea eta, azkenik, herriko ikastetxeetako zuzendariak.

Etiquetas
2025-03-12T23:10:19+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo