Gipuzkoa

Hernaniko Sanjoanak | Ongi etorri, aro berri

Bi urteren etenaldiaren ondoren, sanjoanak hasi dira Hernanin. Hala ere, geldialdia festei hainbat berrikuntza ekartzeko baliatu dute, hori bai, daukaten xarma eta nortasun propioa galdu gabe.

Izan ere, inkisidoreak ez du akelarrea eten. Antzerkia urtaro berriari ongietorria emateko aprobetxatu dute. Antolatzaileek jaien aurkezpenean adierazi dutenez, 30 urteren ostean istorio berdina taularatzen, aldaketa bat beharrezkoa zela hasi ziren pentsatzen duela urte batzuk. Honenbestez, antzinan bezala, festa honek naturarekin duen lotura gogora ekarri dute.

Giroa, ordea, goizetik hasi da ikusarazten, eguerdian Mendiriz Mendik eta Langile ikastolak banderak jaso eta txupinazoa bota dutenetik. Hernaniarrak gogotsu ageri dira sanjoanetaz gozatzeko.

Hernaniko Txistulari Bandaren San Joan Martxarekin batera eta Hernani musika eskola publikoko ikasleen laguntzaz, Herburu taldeko erraldoi eta buruhandiak irten dira beste sorpresa batekin: bi erraldoi berri, Akerra eta Sorgina, Hernanirekin lotura zuzena duten bi pertsonaia.

Arratsalde partean kuadrillak, lagunak eta familiak kaxkoko kaleetan hasi dira biltzen San Joan bezperako ohitura handiko ekitaldiak ikusteko. Noizbehinka, zerurantz begiratu dute laino mardulak alde egin zezaten desioarekin.

18.30ean, euria egiten ez zuenez, Akelarrearen kalejira irten da eta San Joan erronda hasi da Hernaniko Ohitura Zaharren abesbatzaren eskutik. Ordu berean, Kantuz abesbatzaren kontzertua hasi da Urbieta kalean.

Hurrengo hitzordu garrantzitsua, 20.00etan iritsi da. Salbe Nagusia hasi da San Joan Bataiatzailearen parrokian eta Hernaniko Musika Banda, Hermuba, herriko kaleetan barrena ibiltzera irten da San Joan erronda eskainiz.

Ordu horretan ere Akelarreko kalejiraren pertsonaiak Gudarien plazara iritsi dira eta emanaldi berritua eskaintzeko prestaketekin hasi dira. Eguraldiak lagun izan dute, ez baitu euria egin. Antolatzaileek duela egun batzuk ohartarazi zutenez, euriarekin ikuskizuna bertan behera gelditu behar zatekeen.

Bihar San Joan eguna izango da eta ohi bezala 11.00etan parrokian Meza Nagusia izango da. Eguerdi partean, Txistulari eta Musika banden kontzertu bana izango dira Gudarien plazan eta arratsaldean, besteak beste, Dantza Solteko Txapelketa.

24/06/2022