Buscar
Cultura

Herri baten izaera bere kantetatik ulertuz

Marina Landa musikaria azken hiru hamarkadetan Euskal Herrian egin den pop musikak transmititu duen diskurtsoa aztertzen ari da ikerketa batean. Gaztea irratian gehien entzun diren abestiak lagin bezala hartuz, euskal taldeek hizkuntza desberdinetan idatz
Marina Landa Palermon eskainitako kontzertu batean.
Marina Landa Palermon eskainitako kontzertu batean.

Gizarte baten nolakotasuna hainbat gauzek osatzen dute. Puzzle baten antzera, hainbat piezek bat egiten dute egitura sozial identifikagarri batean. Mendeetan giza talde bat batu izan dituen usadio eta ohitura asko denboraren bidean ahazten dira, baina badira bizirik mantentzen diren beste batzuk: kantak adibidez. Marina Landarentzat, abestiak dira gizarte baten izaeraren ispilua. Musikari eta ikerlari donostiarrak, azken 30 urteetan Euskal Herrian egindako kanta popularrak aztertzen dituen ikerlana dauka abian.

Zein diskurtso transmititzen du Euskal Herrian egiten den musikak? Galdera zehatz honi erantzuna aurkitzeko nahia izan zen Landaren lanaren abiapuntua. Goiz batean unibertsitaterantz oinez zihoala La Oreja de Van Gogh entzuten, ordura arte konturatu ez zen zerbaitetan erreparatu zuen. Musika taldearen abesti horretan, Donostiari men egiten zion sinbolo bat identifikatu zuen, bere buruari galdetuz: "zer nolako diskurtsoa transmitituko du taldeak Donostiari buruz? Eta gero pentsatu nuen: eta Ken 7k? Eta Izarok? Eta Berri Txarrakek? Eta ez bakarrik beraien hiriari dagokionez, baizik eta Euskal Herriari buruz edo munduari buruz".

Galdera horiek guztiak sortu baino lehen ordea, "dezente irakurrita" zegoen Landa, "euskal musikari eta musika popularrari buruz, oro har". Azken urteetan, eremu akademikoan hainbat liburu eta dokumental ondu dira euskal kantagintza berriari eta rock erradikalari buruz. Baina 90eko hamarkadatik hona gertatutakoa aztertzen duen lanik, ordea, ez dago horrenbeste oraindik. Landaren jomuga euskal musika popularraren diskurtsoa aztertzea da, 1990etik 2020ra. "Garai hau hartu nuen, ez zegoelako horren aztertuta eta baita 90ean gertatu zelako nire ikuspuntutik, eta baita beste ikertzaile eta musikan adituak direnen ikuspuntutik ere, zerbait garrantzitsua: Euskadi Gaztea irratiaren sorrera".

GAZTEA IRRATIA LAGIN

Kontuan hartu behar da irratiek betetzen duten fonoteka lana, Gaztea irrati kateari dagokionez, "gauza asko kritikatu ahalko zaizkio, eta zilegi da entitate publiko bat kritikatzea" dio ikertzaileak, "baina euskararen alde, euskal musikaren alde, taldeak ezagutzera eman ditu, entzuleei talde berriak erakutsi dizkie". Landarentzat "lan handia" egin dute zentzu horretan eta, batez ere, berak entzuten nuen musika estiloari dagokionez, musika popularra, mainstream-a, masiboa, etab. Bere ikerketan Gaztea irratiaren espektroan, nolabait, bertan entzun diren kantak osatzen dute lagina. Batzuetan, asteetan zehar gehien entzun edo errepikatu izan diren kantak izan ditu kontutan, nahiz eta beste batzuetan informazio hori eskuratzeko Spotify edo Youtube bezalako plataforma digitaletara jo behar izan duen entzunaldiak kontsultatzeko.

Oraindik ikerlana martxan denez, ikerlari eta musikaria ez da baieztapenik ematen ausartzen. "Nire hipotesia da, zentzuren batean, sorpresak egongo direla gai edo diskurtsoen inguruan, baina beste gauza batzuek jarraipena izango dute".

Euskal kantagintzak azken hiru hamarkadetan esan eta islatu dituen diskurtsoak anitzak izan dira, baina beti egon dira garaian garaiko balio zehatz batzuei lotuta; nahiz eta eman dezakeen gaur egungo kantek balio gutxiago dituzten. "Hainbat autoreren esanetan pop edo musika estilo masiboaren inguruan balio galera bat gauzatzen ari da. Nire hipotesietako bat da: ez dela balio galerarik gauzatzen, baizik eta, gizartea eraldatzen doan heinean, balioak aldatzen doazela. Musika gizartearen isla da. Musika pertsonek sortzen dute eta pertsonek osatzen dute gizartea".

MUSIKAGINTZA

Marina Landaren lotura musikarekin, hala ere, ikerlana baino haratago doa. Donostiarrak kantak aztertzeaz gain, transmititu ere egiten ditu gitarraz lagunduta taula gainean. "Nire lehen emanaldia 18 urterekin eman nuen, baina gero, egia esan, ahultasun izugarria sentitu nuen eta garai batez ez nuen gehiago jo nahi izan". Hasierak ez dira errazak izaten inorentzat, baina azken urteetan sentimendu horri buelta emateko indarra berreskuratu du. "Bartzelonan bizi nintzenean hainbat kontzertu eman nituen eta geroztik zenbait emanaldi atera zaizkit. Oso esperientzia polita izaten ari da". Bere burua eszenatokian hobeto ikusten joan den heinean lagunak batu ditu berarekin jotzeko. "Orain arte nik bakarrik jo dut, baina aurten Iñaki Ortego teklistarekin batera hasi naiz". Egiten ari den ikerketak ere eragina dauka sortzen dituen kantetan. "Musikak nire ikerketa elikatzen du eta ikerketak nire musika. Azkenean pertsona berbera naiz eta, ikertzailea izan edo sortzailea, barnean zerbait geratzen da".

2022-10-11T17:26:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo