Aurtengo Herri Urrats jaialdia berezia izango da. Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festak 40 urte beteko ditu 2023 honetan eta “goi-goian” ospatu nahi dute antolatzaileek urteurrena “euskal jendarte guztiarekin” batera.
2023ko Herri Urrats asteazken goiz honetan aurkeztu dute Baionan. Bertan izan dira Seaskako lehendakari den Peio Jorajuria, Herri Urratseko koordinatzaile den Koldo Rodriguez Akarregi, baita Herri Urrats elkarteko hainbat kide ere.
Ohi bezala, maiatzeko bigarren larunbatean izango da aurten ere Herri Urrats; hilaren 14a suertatu da oraingo honetan arduradunen esanetan “Iparraldeko ikastolen festa, euskararen festa, gure kultura eta hizkuntzaren eguna” dena. Programazioa prestatze-lanetan dabiltza oraindik, baina “azken urteetako osatuena” izango omen da.
Urratsak zubi aukeratu dute, berriz, lema gisa, festaren izenarekin hitz-jokoa osatu dutelarik. Herri Urratsek azken 40 urteotan “zubi lan handia” egin duela aldarrikatu zuten antolatzaileek, bai “Iparraren eta Hegoaren”, bai “euskararen eta jendartearen artean”, besteak beste. Logoan ere “egindako ibilbide emankorra azpimarratu” nahi izan dute, Herri Urrats hitzak 40 zenbakiaz lagunduta agertzen direlarik.
2023ko edizioko kantua Su ta Gar musika-talde eibartarraren eskutik etorriko da. Euren azkeneko lana prestatzen zeudela eskatu zieten proiektu honetan parte hartzea eta “segituan eman ziguten baiezkoa”. Abestia jada konposaturik badago ere, datorren egunetan grabatuko da Elkarren Donostiako estudioetan eta udaberrian aurkeztuko da, bideokliparekin batera.
Urtero egin ohi den zozketa ere izango da aurten; izan ere, Herri Urratsen helburuetako bat Ipar Euskal Herrian Seaskak kudeatzen dituen ikastolentzat dirua biltzea da. Maiatzaren 14an bertan salduko dituzte tiketak Senperen; zazpi sari nagusi eta txikiagoak diren beste 40 irabazteko aukera izango da. Zozketa maiatzaren 23an egingo da, goizeko 07.45etan, eta zuzenean entzun ahalko da Euskal Irratietan.
Giroa berotzen hasteko, maiatzaren 14a iritsi baino lehen beste hainbat ekimen gauzatuko dira: Go!azen telesaileko 9. denboraldiko azken atalaren aurre difusoa egingo dute Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinegelan otsailaren 2an; Delirium Tremens eta Unidad Alavesa taldeen kontzertua izango da martxoaren 3an Atabalen; Euskal Herriko Bertso Txapelketako zortzi finalistek Hitzetik Urratsera saioan parte hartuko dute martxoaren 5ean, Senpereko Larreko gelan; eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldearen emanaldia izango da apirilaren 2an Baionako Lauga aretoan, besteak beste.
Festaz gain, baina, aldarrikapenak plazaratzeko eguna ere izango da Herri Urrats. Lehengo urtetik Brebeta eta Baxoan azterketak euskaraz egiteko eskubidea defendatzen dabil Seaska; Hezkuntza MInisteritza eta Bordeleko errektorea “euskal ordezkariez trufatu” izan direla salatu dute eta ez omen dute oraindik inolako erantzunik jaso. “Gure haurren oinarrizko eskubideen defentsan tinko segituko dugu”, baieztatu dute.
Aurtengo Herri Urratsen inguruan bildutako dirua Senpereko kolegioa finantzatzeko erabiliko du Seaskak, bosgarrena izango dena. Pasa den abenduan hasi zuten eraikuntza prozesua eta irailerako prest izatea aurreikusi dute. Printzipioz, seigarren mailako bi talde eta bosgarren mailako beste bi talderekin hasiko dute 2023-2024 ikasturtea, 80-85 ikaslerekin; “ondoko urteetan” hirugarren eta laugarren mailako gelak irekiko dituzte “progresiboki”.
Festari buruzko informazio gehiago eskuratu edota ekintzetarako sarrerak edo Herri Urratseko materiala erosi nahi izanez gero, www.herriurrats.eus webgunera jo dezakete herritarrek.