Cultura

Herriari maisuki

Mikel Remak artistak espazioa eraldatzea eta hauei esanahi berriak emateko gaitasuna duela erakutsi digu esku-hartze honetan
Bilboko Gabriel Aresti euskaltegian ikusgai dago murala.
Bilboko Gabriel Aresti euskaltegian ikusgai dago murala. / MIKEL REMAK

Donostian errotuta dagoen Mikel Larrañaga ‘Remak’ artista bergararraren obrak aski esanguratsuak eta interesgarriak dira. Koloreak, formak eta abstrakzioa oinarri hartuta eskala ezberdinetan ari da lanean. Hastapena graffitietan izan duen artista eboluzio etengabean doala erakusten digu bere ibilbideak, eta, nola ez, bere proiektuek. Profesioz arkitektoa izanik bizitza erdia darama spray, pintzel eta pinturen artean. Bada, bere azkeneko obretako batek espazioa eraldatzeko grina eta gaitasuna duela erakusten du: arkitektoa eta artistaren gaitasunak bat eginik.

Gabriel Aresti euskaltegian egin duen murala dugu horren adibide. Euskal idazle eta poetaren izena daraman euskaltegia Bilbon dago, eta eraikinean Teo Arkitektura-k komunikazio nukleoa eraberritzeko egin duen proiektuaren baitan kokatzen da bere interbentzioa. Euskaltegiaren konexio nukleoaren proiektuan bi esku-hartze gauzatu ditu maisuki: behe-solairuan bata, eta laugarrenean, bestea. Muralaren bidez espazioan interbenitzen du eta hau eraldatzeko gaitasuna agerikoa da. Interbentzio txikiekin gauza ederrak eta ikusgarriak egin daitezkela erakusten digu.

Egilearen hitzetan, hasierako erronka pertsonek atea zeharkatzen dutenean euskara sentitzea da. Hori lortzeaz gain, ordea, beste premisa batzuk ere bete behar izan ditu: figurazio folklorikorik gabe, zanpantzar edo baserririk gabe, edota pertsona erreferente konkreturik gabekoa izatea. Erronka horiei aurre egiteaz gain, zeharka zenbait gakori sotilki erantzuteko dohaina erakutsi digu: euskara, komunitatea, folklorerik ez, hiritarra, koloretsua eta garaikidea. 

Espazioaren eraldaketan, Arestik poesiarekin egin zuen gisan, pintura arma eta lanabes bihurtu ditu bere eskuetan Remakek. Kolore eta forma ezberdinen bidez askotariko mezuak helarazi ditu, mezu eta formaren artean oreka bat lortuaz. Horretarako, Nestor Basterretxeak Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) kriptan eginiko murala izan du abiapuntu. Hala, eginiko mural bakoitzak esanahi bat du, eta elementu guztiekin ekidaren kontakizun bat planteatzen du; horretarako, euskaltegiaren izaera eta baloreak izan ditu ardatz.

Abstrakzioan oinarritu arren, saiakera bat egin du mezuak ahalik eta argienak eta zuzenenak izateko. Lehen eszenan testuinguruari egiten dio erreferentzia, eta, horrela, hiria irudikatzen du. Horretarako, grisak, ibaiaren urdin-grisak, eta zeruarenak margotzen ditu. Metropoliko adreiluak eta altzairuak, aldiz, laranja kolorez. Lehen gerturatze honetan, bada, modu oso sinple, eder, metaforiko eta errealista batean adierazten du Bilbo. 

Muralaren helburuetako bat ekidara iristen diren jatorri anitzetako pertsonei harrera eta ongietorria egitea da; pertsona guztiei, euskaldun zahar zein berriei, geruza guztietako hiritarrei zuzentzen zaie. Hori dela eta, kolore ezberdinak erabiltzen ditu aniztasuna adierazteko asmoz. 

Euskararen unibertsoa irudikatzeko zirkulu hori bat planteatzen du, atzeko traza laranjek borobiltzen dutena. Zirkulu forma “unibertsal” bat darabil Remakek, hizkuntzara toki ezberdinetatik gerturatuta ere denak bateratzen dituena eta, era berean, eraikina erabiltzen duten pertsonen arteko lotura-elementua izateko helburua duena. Sotila eta zehatza.

Beste kontzeptu eta mezuetako bat elkarlana da. Elkarrekin lan egitearen garrantzia adierazteko eta azpimarratzeko bi esku irudikatzen ditu. Muraletik ulertzen zailena izan daitekeen arren, kolore eta forma sinpleen arteko orekarekin mezua uler daiteke. Horren atzean, elkar lagun-tzeko eta elkarrekin ikasteko gogoa adierazi nahi izan ditu.

Dena borobiltzeko asmoz, erroei egiten die erreferentzia zuhaitzaren bidez; horrela, hizkuntza bat ikasi eta ezagutzean honi dagokion erreferentzia kulturalera gerturatzen gara. Sustraien eta zuhaitzaren bidez irudikatzen ditu iragana eta oraina; biak bat eginez, bien arteko loturaren garrantzia azpimarratzen du. Hori dela eta, enborra zimendutzat irudikatzen du eta adarrek euskal kulturaren aniztasuna adierazten dute. 

“Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari” zioen Arestiren “Profeta bat” poemak; bada, horri erreferentzia eginez, eta pintura “merke” batekin, Remakek maisuki egiten dio ongietorria herriari euskarara. 

2025-02-27T17:27:05+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo