2008an hasi ziren Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskola ttipien besta ospatzen. Amaiurren egin zen lehenbiziko aldiz.
Herri guzietako eskoletako ikasleak eta gurasoak elkartzeko beharra ikusita hasi zen ospakizuna. Izan ere, astero, asteazkenero, eskola desberdinetako 4., 5. eta 6. mailako ikasleak elkartzen dira tailerrak egiteko, baina gainerako adinetako ikasleak eta familiak elkar ezagutzeko beharraren aitzinean, eta eskola ttipiei bulkaldia emateko helburuarekin, hasi ziren urtero, herriz herri, besta baten inguruan elkartzen.
Dagoeneko Xareta eta Baztango herri guztietan egin da besta, txandaka, Almandozen izan ezik, haur eta familia gutxik osatzen baitzuten bertako eskola. 2019an bigarren itzulia hasi zen Amaiurren, eta gero pandemiaren ondorioz bi urteko geldialdia izan bada ere, igandean berriz izan zuten eskola ttipietako komunitateko kideek elkartzeko aukera. Iruritan.
Goizean goiz herriko plazan elkartu ziren denak eta Maite Oteizak harrera solasaldi bat eman zuen. Gero denak batera ttipi-ttapa abiatu ziren ibilaldian. Bi multzotan banatu ziren, bi ibilbide baitzeuden prestatuak, bata laburragoa, orgatxoekin egiteko modukoa, eta bertze 7.5 kilometro ingurukoa, mendian barna, koxkorragokoendako. Berriki Iruritarrek prestaturiko ibilaldiaren zati bat egin ahal izan zuten, tartean, kisulabea edota ferrategia ikusteko aukera izan zen, baita errota eta Dorrea jauregia ere. Gero, Ordoki auzoan bi multzoak elkartu eta geldialdia egin zuten, hamaiketakorako. Hor berean, Ainara Unanua ipuin kontalaria istorioak kontatzen aritu zen, ibilbidearekin jarraitu aitzinetik. Aitzinera segitu zuten handienek, eta ttipienak Erreboteko plazara abiatu ziren.
Hor elkartu ziren denak berriz, bazkaltzeko. Bakoitzak etxetik eramandako jakiekin egin zuten otordua, kafea eta kopa, berriz, Iruritarren kontura izan ziren. Jendetza bildu zen, 400dik goiti lagun, eta hori, Urdazubi eta Zugarramurdiko lagunak falta zirela, izan ere, Urdazubin Kontrabandisten lasterketa zenez, eta Xaretako pastoralaren prestakuntzak direla eta, Xaretako herritarrek ezin izan zuten igandeko ospakizunean parte hartu.
Arratsaldean ere izan zen non josta, haurrendako jokoak, puzgarriak eta Ordoki zalditegiko zaldien gainean ibilaldiak egiteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Gainera, herriko Bizphiru Pelau musika taldearen eskutik izandako dantzaldian kantatu eta dantzatzeko aukera ere.
Eguraldi ederra lagun, umore onean eta giro paregabean ospatu zuten Iruritan eskola ttipien besta. Ni urteren ondotik, berriz ere elkartu eta aho zapore gozoarekin gelditu dira parte hartzaileak. Heldu den urtean, Almandozek izanen du eskola ttipien besta antolatzeko ardura.