Navarra

Herriko alkateak aukeratzeko bigarren saiakera

Erratzun gaur eginen dute batzarrea eta Lekaroz eta Iruritan ilbeltzaren 6an
Elizondoko Herriko Etxean abenduaren 18an egindako batzarrea. | ONDIKOL

Baztango Ordenantzek agintzen dute bi urtean behin Baztango herrietako alkateak aukeratu behar direla. Aginduari jarraiki, abenduko 3. asteburuan Baztango 15 herrietan batzarreak egin ziren, alkategairik ba ote zen jakiteko.

Honela, herri gehienetan, zehazki 12 herritan, alkategai bakarra aurkeztu zen, eta batzarreak hautagaitza berretsi zuen, beraz, heldu den urtarrilaren 6an, Errege egunean eginen diren batzarreetan hartuko dute kargua ofizialki.

Hiru herritan, aldiz, Erratzu, Lekaroz eta Iruritan, ez zen alkategairik aurkeztu, beraz, ondoko egunetan bertze batzar bana eginen dute hiru herrietan, alkatea hautatzeko bertze saiakera bat.

Goiztiarrena Erratzu izanen da, izan ere, gaur eginen dute Erratzun alkatea aukeratzen saiatzeko batzarrea. Hitzordua 12.00etan jarri dute, Lixutegian.

Lekaroz eta Iruritan, aldiz, Errege Egunean eginen dituzte batzarreak, eta ikusi beharko da alkategairik aurkezten ote den.

Gainerako 12 herritan, alkateak dagoeneko aukeratu zituzten duela ia bi aste egindako batzarreetan, eta Errege Egunean, kontuak erakusteko egin ohi diren batzarreetan hartuko dute kargua ofizialki.

Erran bezala, 12 herritan alkategai bat aurkeztu zen eta denetan batzarreek hautagaiak berretsi zituzten. Herri batzuetan, orain arte alkate direnek bertze bi urtez jarraituko dute karguan. 9 herritan hain zuzen ere. Erraterako, Almandoz: Pello Sarratea Sanzberro; Amaiur: Ixabel Aleman Irungaray; Arizkun: Imanol Etxeberria Antxorena; Berroeta: Carlos Garaikoetxea Elso; Elbete: Imanol Juanicotena Taberna; Elizondo: Aitor Bazterrika Zelaieta; Gartzain: Fernando Arraztoa Larregui: Oronoz-Mugairi: Jorge Oteiza Ugarte; y Ziga: José Antonio Echeverría Osácar.

Bertze hiru herritan, Aniz, Arraioz eta Azpilkuetan, alkate aldaketa izanen da.

Anizen, Iñaki Zelaieta Erasunek Kristina Fernández Pérezen lekukoa hartuko du; Arraiozen, José Luis Retegi Iturbidek alkatetza utzi eta Aritz Alunda Painek hartuko du ardura, eta Azpilkuetan Juan Andres Azcarraga izanen da alkatea hurrengo bi urteetan, Aitor Iturralde Elizalde ordezkatuz.

Bertze hiru herritan, berriz, orain arteko alkateek ez dute jarraituko Erratzun Kaiet Itoitz Ibarra; Iruritan Pello Iriarte Zelaieta; eta Lekarozen Ernesto Prat Urzainqui. Ondoko egunetan jakinen da hauen ordezkorik ba ote den edo ez.

Hilabeteko epean alkategairik aurkezten ez bada, Baztango Batzar Nagusiko lehendakariak bertze batzarre bat deitu beharko du tokian toki, irtenbide bat aurkitu ahal izateko.

BATZAR OROKORRA

Bertzalde, heldu den astelehenean, 19.00etan, Baztango Batzar Nagusiaren urteko lehenbiziko saioa eginen da. Paradoxikoki, azkena izanen da hainbat ordezkarirendako. Izan ere, ilbeltzaren 6an alkate berriek kargua hartuko dute eta hortaz, kargua utziko dutenek ez dute hurrengoan parte hartzerik izanen. 4 urtean behin berritzen diren juntero eta mendi komisionatuek ere azken saioa izanen dute heldu den astelehenekoa.

01/01/2023